Aurkibidea
1. KATALINA ERAUSO ETA GENERO (GRAMATIKALAREN) GATAZKA
1.1. Galdera xalo bat genero gramatikalaz
1.2. Emakumeak, sua eta gauza arriskutsuak
1.3. Genero maskulinoaren itzalpean
1.4. Utergako ezkon-hitza, Klementzia Richard, lilitxoak eta nokaren gainbehera
2.1. Hil ez banu, hilko nindukeen
2.2. Emakumeak eta gizonak elkarrizketan: ez horren berdinak
2.4. Ez, emakumeek ez dute gizonek baino gehiago hitz egiten
2.5. Ikasgeletan hotz egiten du
2.6. Emakumea, ahotsa, isiltasuna eta espazio publikoa
3.3. Hitz zantarrak noren ahotan?
Aurkibidea
1. KATALINA ERAUSO ETA GENERO (GRAMATIKALAREN) GATAZKA
1.1. Galdera xalo bat genero gramatikalaz
1.2. Emakumeak, sua eta gauza arriskutsuak
1.3. Genero maskulinoaren itzalpean
1.4. Utergako ezkon-hitza, Klementzia Richard, lilitxoak eta nokaren gainbehera
2.1. Hil ez banu, hilko nindukeen
2.2. Emakumeak eta gizonak elkarrizketan: ez horren berdinak
2.4. Ez, emakumeek ez dute gizonek baino gehiago hitz egiten
2.5. Ikasgeletan hotz egiten du
2.6. Emakumea, ahotsa, isiltasuna eta espazio publikoa
3.3. Hitz zantarrak noren ahotan?
3.1.
TRAMANA ETA BRIX
Txomin Agirrek Kresala liburuko Arrain saltzalleak izeneko kapitulu gogoangarrian[148], Arranondoko Tramana eta Brix astodunez dihardu, hots, asto gainean herririk herri doazela, denetariko arrain motak saltzen dituzten bi arrain saltzaileez. Langilleak biak eta biotz onekoak, baña ezagutu ziranetik bata bestearen arerioak edo arerio legez bizi ziran, horixe dio Agirrek, orain dagokigun gaiari buruz gaineratuz: eztena baño min zoli ta zorrotzagokoak, aora jatorkoen zatarkeria edozeñi esan bear eutsienak[149]. Eta zatarkeria gure belarri-mingarri izan aurretik, Agirreren luma abilari esker, erraz gorpuzten ditugu gogoan Tramana eta Brix elkarrekin erriertan zihardutela —errietan diogu orain—, joan den mende hasierako Arranondo, hots, Ondarroa hartako kaleetan zehar, astoari batzuetan arre, besteetan iso, Markinara, Eibarrera edo Oñati urrunera bidean, arraina asto-otzaretan sartuta.
Luis Villasantek 1967an Agirreren liburuari egin zion hitzaurre laburrean dio bizimodu gogorra, latza, arrigarri neketsua arrantzaleak orduan eroaten ebana. Eta, arrantzale hitzak genero gramatikalik ez badu ere, berez gizon bat datorkigu burura jarraian dioenean: beti itxasoagaz burrukan, eta makiña bat bider itxasoan aurkitzen eban ondamena. Han gizona, enbata itzalaren erdian, begiak ia zabaldu ezinik euriak betazalak zipriztintzen zizkiola; azala, mahon bustia, mela-mela eginda; haize boladen mendeko, nekez zutunik atzamar izoztu mekanikoez zerbaiti eutsi beharrean, mastari, sokei, belei, olatuak ababorretik, olatuak istriborretik txaluparen kaskoaren kontra jo eta jo ari ziren bitartean. Marinelen patu beltza. Ez alferrik esaerak dio: mariñel-emaztea goizean senhardun, arratsean alhargun.
Eta emakumeak? Ez al zen bizimodu gogor, latz eta arrigarri neketsua emakumeen egunerokoa? Krixarak[150] ziren batzuk, baxurako txalupak porturatzen zirenean, karga-deskarga egiten laguntzen zutenak, arraina kaxetan ipintzen zutenak enkantera eramateko; beste batzuk sare konpontzaileak ziren, bolintxeko treinak —antxoa, sardina-eta harrapatzeko erabiltzen ziren sareak— josten zituztenak; eta baziren Tramana eta Brix bezalako arrain saltzaileak, arraina garraiatzeaz eta saltzeaz arduratzen zirenak. Agirreren deskribapenak azaltzen du nolabait azken horien bizimoduaren latza: astorik bizkorrenak baizen bizkor, oñez beti ordu luzietarako bidean, naiz uda ta naiz negu, geienetan gabaz, iñoren beldurrik bage [...] ta eguna argitu ezkero, arrain ederrak eta merke![151] luze, zoli ta garbi deadar egiñaz... Emakume astodunak oinez, apartera, halabeharrak beldurgabeturik. Gauez, kirikinoak bezala, artilezko mantoiaren azpian kiribilduta bide bazterrean lo, hotza hezurretan jostari. Arrateko, Iziarko, Gardotzako eta Antiguako Amari arrenez dio Agirrek. Berak nahi bai; nik sinistu ez: zeru izarraturik ez da lurreko gatzezko emakume haien gainean; izar distira apurrak sardinen sabelean baino ez zituzten ikusiko. Antiguako Amari arrenez, beraz, nekez. Hori bai, segurua da Tramana eta Brix nasan batzen zirenen artean gogorrenak eta gaiztoenak izateaz harrotzen zirela; ez zirela lotsatzen gezurretan harrapatzen zituztenean. Ta deadar, garraxi ta txillioak egiten orretantxe ziran ba eurak mutillak... eda [eta] emakumeak! Gogor eta gaizto izan beharra, lotsabako, mutilen antzeko, emakume haiek biziraungo bazuten.
Baina zatarkeriez hitz egin beharra genuen eta bestelakoak izan ditut hizpide. Hona, beraz, gatz garau batzuk lagin gisa. Tramanak Brixi: Erregiña dalakoan birau natxako[152] eta Brix sorgiña baño ezta. Brixek Tramanari: Ara, ara oin be zelan asten dan kaskamotz, zikin, ordiori. Eta aurrera eginez: Entzuizu, Traman zabala, atso popandia[153] [...] Brixek ordainean: Guzurra diñozu, zaskil, zantar, txarri, urde, zorritsu, lotsagabeorrek. Tramanak atzera ere: Marikontze eskallu, txatxala, ezkel, petralari ta zuri, biori, arpegiko narrua kenduko deutsuet nik [...][154].
Agirrek Ondarroatik Arranondora eraman zituen Tramana eta Brix, argi eta garbi dago. Egileak berak aitortzen du hala egin zuela liburuaren hitzaurrean adierazten duenean: Bertan agertuko diran gizon eta emakumeak eztira neure irudimenak asmau dituanak: oso itsua ezpanago eta ametsetan ez panabil, bizi-biziak dira, Arranondoko sardiñak legez; neuk ikusi ditut Arranondon eta edonok edozein itxaserritan ikusi daikez[155]. Haragizko emakumeak dira Tramana eta Brix eta zatarkeriak edozeini esateko batere lotsarik ez dutenak. Lotsa Agirrerena, orduko irakurlearen ezinegona susmatuz, honela desenkusatzen zenean: Askok usteko dau zatarkeria geiegi ipinten ditudala emen: izan leiteke; bana Brixek eta Tramanak esandakoen laurenik eztot ipiñi. Atera kontuak!
[148] Txomin Agirre (1992 [1901]: 71-76).
[149] Eztena baino min zoli eta zorrotzagokoak, ahora zetorkien zatarkeria edozeini esan behar ziotenak.
[150] Ondarroan halaxe esaten zaie, Agirrek halako hitzik ez darabilen arren, beharbada geroagokoa delako edo. Ondarrutarrek krixarak ahoskatzen badute ere, kriadak litzateke hitza euskara batura ekarriko bagenu. Asko pentsatu beharrik ez dago Ondarroako hitza gaztelaniazko criadatik datorrela konturatzeko —genero femeninoko marka eta guzti hau ere—. Krixaratzi e(g)in “kriadatza egin” esaten zaio krixaren portuko jarduerari Ondarroan. Kriada hitza Orotariko Euskal Hiztegian eta Labayru Hiztegian jasota dago “neskame, zerbitzari” adieran, baina ez Ondarroan ematen zaion adieran. Kriadu eta kriadutza ere ageri dira bi hiztegietan, mailegatutako genero maskulinoko markarekin batera, ez kriadatza ordea. Harrigarria bada ere, hitza ez dago jasota ezta Mikel Etxabururen (2010) Ondarroako arrantzaleen hiztegian, baina bere datu-emaileetako baten biografia zertzeladetan erabiltzen du egileak (Ibid., 38). ahotsak.eus-ean aditu daiteke hitza Kontxita Eluren ahotan. Bermeon neskatila deitzen diete.
[151] Algortatartu den behinolako santurtziar honek umetan goizean goizetik entzuten zituen Santurtziko sardineren deiadarrak kalerik kale zebiltzala: hay chicharritos del Abraaaaaaa! “Abrako txitxarrotxoaaaaaaak!”. Beraz, neronek behintzat ez dut ahalegin handirik egin beharrik Tramana eta Brixen deiadar luze, zoli eta garbia entzuteko.
Euskaraz, sardinera hitza genero femeninoaren marka eta guzti, Labayru Hiztegian baino ez dut aurkitu egungo hiztegien artean, Orotariko Euskal Hiztegian badagoen arren; haren ordez, sardina-saltzaile ageri da beste euskal hiztegi batzuetan eta, beharbada, hala behar du. Baina zer esango dizuet? Nire bihotz elebidunean, interferentziak sarri pairatzen dituen organo gaixoberan, sardinerak ziren haiek, genero femeninoaren marka berezkoa zutenak. Begoña Martínez da Santurtziko sardineren artean azkena, eta bera baino askozaz ere lehenagokoak ziren Donibane Lohizune edo Ziburuko kaskarotak. “Sardinera” hitzarekin itzultzen du gaztelaniara kaskarot hitza Jose Mª Satrusteguik (1963-1964), nahiz eta Francisque Xavier Michelen arabera (1857: 138), Donibane Lohizuneko ijitoak, buhameak ziren. Ez dakit kaskaroten argazkiak ikusi ote dituzuen sekula buru gainean otarrak daramatzatela —eskaizkiozue, osterantzean, ChatGPT 4.0ri—. Nik bai eta euren argazki-oinik irakurri ez banu, Santurtziko sardinerak zirela esango nukeen.
[152] Bereziki gramatikazaleak direnentzat, badaezpada ez balekite: biratu natzaio da euskara batuan birau natxako horren ordaina.
[153] Tramana (Myliobatis aquila) ur gaziko arrain bat da, gorputz zapal eta erronbo itxurakoa duena. Ana Mª Toledok (1989: 374-375) dioenez, lotura erraza egin daiteke atso popandia deskribapen fisikoaren eta Tramana ezizenaren artean.
[154] Eskallu, ezkailu da euskara batuan, arrain txiki bat, Phoxinus phoxinus izen teknikoa duena. Beste alde batetik, txatxala, emakume ganoragabeei esaten zaie. Itxuraz, gizonei zuzentzen zaien txotxolo hitzaren ordain femeninoa da, Orotariko Euskal Hiztegiak dakarrenez. Ezkel, azkenik, “begioker” da.
[155] Agirre (1992 [1901]: 11-12). Ikus baita ere Pierre Lhande (2007: 86-87) eta Toledo (1989: 119 eta 120 oin-oharrak).