Ilustratzen
Ez dakit zer dela eta agertu den justu aste honetan, kasualitatea. Orain dela 30 urteko grabazioa, etxean urteetan jira eta bira ibili dena, orduko jaialdi bat zergatik desegiten dira hain erraz hainbeste adierazi izan duten hitzak? oso-osorik jasotzen duena, zapata kaxaren barruan.
Entzun, dena entzuten da: kantuak, azalpenak, jendearen gora eta ojuak, eta zinez diotsuet, baita ikurrina ere, agertoki atzean bi kaputxadunek zabaltzen. Kantarien, barkatu, abeslarien artean, Xabier Lete. Ekin dio gitarra urratzeari, ahots lodia antzoki beroan: Haur andaluz bati sehaska kanta, Langile baten seme... eta nola ez, garaiko hit parade hura, Gizon arruntaren koplak.
Kantatzera noazu bertso bat edo bi,
herenegun jarriak gizon arruntari,
Antoniyo, Lorentxo edo Joxe Mari,
gauza ederra denik ez ukatu neri.
Bazuen Lete hark, beti lotu izan duen larritasun existentzialista ederraz gain, Brassens-en ironiatik, entzuleak sano estimatzen zuena. Egin diezaiogun barre geure egunerokotasunari, zer arraio. Eta jendea entzuten da kasetean, bertso bakoitzaren orpoan, algara doinuz ematen errepika:
gauza ederra denik ez ukatu neri...
Kafesnia hartu ta horrekin batera
ahal baldin bada behintzat noa komunera:
aurrian papera ta atzian papera,
periodikua letuz ilustratzen gera.
Egunkaria leituz ilustratu, non eta... Bazekien zerbait publikoa larriminetik barre gangarreraino bi gitarra akordetan eramaten zuen Lete hark. Irreberentzia hori gabe, nola irakurri orduko berripaperak? Eta galdera: ordukoak bakarrik? Aste honetan, Martxoaren 8a dela-eta, ehunekoen doitasunak han-hemen bazterketa estatistiken irmotasunez janzteko. Datuen zurrunbiloan, gizonezkoen eta emakumezkoen artean, lan bera eginda, soldatetan dagoen aldea erakusten dutenak. Berria-k sei sindikaturen hitz bateratuak jaso zituen: «Berba politekin gogaituta daudela adierazteko, lan munduan gertatzen denari erreparatu nahi izan zioten: gizonek baino soldata txikiagoa jasotzen dute, %30 txikiagoa, emakume izateagatik bakarrik». Libération-ek, ostera, ez zeharka, titulura eraman zuen zenbakia: «Les femmes gagnent globalement 20% de moins que les hommes». Gero eta sarriago gertatzen da, bere horretan emanda egunkariak etxeko egitea erakundeen datuak. Baina segi dezagun, merezi du eta: ABCk: «Las mujeres cobran un 15% menos»; El Mundo-k: «Las mujeres cobran como media un 17 % menos que los varones»; Nafarroako Diario de Noticias-ek: «Las mujeres cobran un 25% menos que los hombres»; El País-ek: «Los hombres cobran de media un 40% más que las mujeres en España».
Irakurleak badu non aukeratu: %15, %17, %20, %25, %30, %40... Denak gauza beraren gainean ari dira? Eta zergatik baino (ariketa gisa, egin daiteke, adibidez, egunkarien ideologiaren araberako irakurketa), nolatan horrelako aldeak? Esan, zenbat gutxiago irabazten dute emakumeek lan bera eginda?
«Non?» erantzun daiteke. Edo «noren arabera?». Gaitzerdi hor balego garatxoa. Kazeta bakar batean pausatuta ere, zoragarria da morokila. Har dezagun azkena, El País bera: «Los hombres ganan un 40,6% más que las mujeres en España. La ventaja salarial masculina se registra en todas las ocupaciones, según un estudio elaborado por el Instituto Nacional de Estadística». Arazotxo bat ez, bi daude, ordea. Lehena, albistea dagoeneko ez dela albiste. El País-ek martxoaren 3ko edizioan azaleko berri nagusi eman zuena 2002an egin eta 2004an argitara emaniko ikerketa batean oinarrituta dagoelako; eta bigarrena, egunkariak aipatu ikerketak, INEren dokumentazioa kontsultatuta, hau dioelako, hitzez hitz: «El salario promedio anual femenino fue, por tanto, el 71,1% del masculino, aunque esta diferencia debe matizarse en función de otras variables laborales (tipo de contrato, de jornada, ocupación, antigüedad, etc.) que inciden de forma importante en el salario». El País-ek, berriz, honela azaldu zuen: «Para calcular estos salarios medios se tienen en cuenta variables como el tipo de contrato, de jornada o el nivel de antigüedad en el empleo». Hain zuzen, kontrakoa. Eta hala ere, hori izan zen aipatu egunkarian albiste nagusi.
Hedabideek estatistikak eta ehunekoak Moisesi berari Jainkoak Sinai mendian eskura emandako taulak balira bezala erakusten dizkiguten garaiotan, jendea jaialdian, irria gangarrean:
Periodikua letuz ilustratzen gera...
Ez da aurreneko aldia, ez da azkena izango. Maizetan, kazetariak ez du idatzi berri duena irakurtzen, bistan da, bestela ezin liteke. Hala eman zitzaion egunkari honetako irakurleari Leo Bassiren kontra Madrilgo antzoki batean jarritako lehergailuaren berri hilaren 3an: «Duela aste batzuk hasi zen La revelación obra taularatzen Leo Bassi, 'ateismoaren defentsa' haren hitzetan. Gasolinaz betetako ontzi batez, metxa batez eta bolbora biltegitxo batez osatuta zegoen lehergailua, eta Leo Bassi taula gainean izango zen unean lehertzeko prestatu zuten. Antzokiko zaintzaile batek aurkitu zuen lehergailua metxa piztuta zuela. Une horretan, Inprevist antzezlana ari zen taularatzen, eta hori dela-eta, jendez beteta zegoen».
Arazo bat baino gehiago dago, ordea, albiste labur honetan ere. Imajinatu dugu egoera: metxa piztuta, gasolina eta bolbora ontzia, Bassi taula gainean... eta sinesgarria litzateke guztia, irakurtzen jakingo ez bagenu. Izan ere, ez zaigu esan La Revelación deitzen dela Bassiren antzezlana? Baina ez dago metxa piztuta eta ez da beste bat antzezlana? Ala hiru, bost, zazpi ordukoa zuen metxa? Nola jan behar da eman zaiguna? Non mozkortu dira eta elkarren artean korapilatu datuak?
L'Om Imprebis taldearen Imprebis, etiqueta negra (ez Inprevist) da Bassirenaren aurretik Alfil aretoan jokatu ohi zen lana. Irakurri orain albistea berriro. Nola leitu periodikuak Lete gabe?
Semeen semetatik baidatoz semiak,
batzuek arrak eta bestiak emiak,
batzuek loriyak ta beste batzuk miak:
hala jarriya dauka Jaunaren legiak.
Urtero legez, semeen seme emeak giza duintasunaren alde kalera atera ziren egun berean, kazetaritza eskola ezinago okaztagarria Euskal Telebistan. Irudietan, «eboluzioaren katebegi galdua izan daitezkeen» (sic) Kurdistango («Turkiako» esan zuten) neba-arreba batzuk. Ez ziren paleontologiaz ari, bizirik daude. Hitzez hitz, erositako prezioan salduta, BBCk erabilitako terminologia bera errepikatu zen: «cuadrúpedos», «retraso mental», «descubrimiento»... Euskaraz, hor duzue oraindik kontsultatu nahi baduzue ere, kazetaritzaren historia lotsagarrirako alea, Eitb24.com-en: «Gizaki koadrupedoak, Turkian».
batzuek loriyak ta beste batzuk miak:
hala jarriya dauka Jaunaren legiak...
Kasete higatuan, jendeak arruntasunaren poza transmititzen segitzen du.
Ilustratu. Ironia garai latzetarako.
(2006-03-12)
Ostekoa:
Hala ere, hona kazetaritzan sinesteko arrazoi bat:
Iazko otsailaren 21ean, Europako Konstituzioaren erreferendumaren berri El Mundo-n (parte-hartzea %42koa izanik, boto emaileen %76k baietza eman ostean): «Rotunda victoria del 'sí' a la Constitución con una participación baja pero aceptable»
Ekainaren 19an, Kataluniako Estatutuaren erreferendumaren kari (parte-hartzea %49koa izanik, boto emaileen %74k baietza emanda), egunkari berak: «La mayoría de los catalanes da la espalda al Estatuto que les define como 'nación'»