Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iñigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Garaituak

 

Monçaok edo Valença de Minhok bezala, gaztelua duen herria da Bragantza ederra ere, Portugal iparraldean. Gain batean gandor, arraianoen mugazain duzu harako Dom Joaoren gotorlekua, egun museo militar dena. Sartu eta batera, zerrenda luzeak dituzu Gerra Handian hil ziren soldadu haien izenekin. Ez daude bakarrik. Historiaren amaraunarekin borrokan orain, orduko kolonia ziren Mozambiken, Angolan eta Ginean hildakoak dituzte lagun. Eta ez zaude ez Hazparnen, ez Urepelen, ez Mauleko plazan, baina hemen bezala, ahanzturak ez eramateko baino aberria loratzeko idatzi zituzten, behinola, izenak granitoan bata bestearen epelean.

        Museo militarrean, gaika eta mendeka atondutako gelak. Erlikiak erakusleihoen bestaldean: ez dakit zein buruzagi mairuren lepoa moztutako ezpata, halakoren galako kasaka eta bandera maiztua, Auskalandiako borrokan (ironiak behartzen nau etzanera) erabilitako zizpa dotoretua... eta hainbeste ohorezko tresnen artean, baita euskaldunon ekarpentxoa ere: pistola bat, Guisasola markakoa, Eibarren XIX. mendean egina.

        Ez da, ordea, trastetza hori izango seguruenik begi-gogoak bahituko dizkizuna, Gungunhana-ri eskainitako aretoa baizik. Argi-itzal artean, gizonak zuen neurriaz ohar zaitezen, haren arropa handiak dituzu, hari eginiko argazkiak, hari ebatsitako gauzak eta txipitxapak, eta loturak zer diren, baita Afrika hegoaldeko hainbat herritako objektu deigarriak ere, Songo etniakoak, Kioko-koak, Luena-koak... Mozambikeko zein Angolako, berdin dio, dena da halako anabasa bat kolonoaren antilope larruzko maletan.

        Gungunhana ez da Gungunhana deitzen, Ngungunhane baizik. Gungunhana Gaza erresumako buruzagiari metropolian jarri zitzaion izena da. 1895eko hondarretan hartu zuten gatibu, egungo Mozambiken. Hurrengo urteko martxoan heldu zen Ngungunhane Lisboara, katez jantzirik. Ikusmina, ikaragarria da. Presoa ez da edozein. Urteak daramatza Portugalgo prentsak, zimur argiz, nolakoa den kontatzen irakurleari: «piztia ankerra», «errege odolzalea»... horrexegatik igo nahi du Africa ontziko kubertara Lisboako Diario de Noticias-eko kazetariak: «Zeuden tokian sartu ginenean, han zeuden beltz guztiak etzanda. Gungunhana ertz batean zegoen, oholtza muturrean, aurpegia estalita. Norbaitek tapakia kendu eta agerian utzi zuenean esnatu zen beltza, bazter guztietara uzkur begira. Han geunden kazetariak eta bestelakoak gero eta gehiago ginenez, beltzeria guztia kubertara ateratzea erabaki zen, jendeari erakusteko».

        Ikusi egiten dituzu. Kaiolan sartu eta kalerik kale daramatzate Baixa, Palhava eta Benfican barrena, azkenik Belemgo Parke Botanikoan uzteko. Hain trofeo ederrik! Ngungunhane ez da Gungunhana deitzen, baina hori da gutxienekoa. Gertaera laidogarriotatik ehun eta hamar urtera, han dirau oraindik ere Bragantzako gazteluko erakusleihoan irabazleak ezarri zion beste izena, gaitzizenetan argiena: «Gungunhana, O Vencido».

        Afrikan, Laurent Kabila izango da, seguruenik, zimur berdinez, Ngungunhaneren pareko erakutsi nahi izan den azken liderra. Pertsona baino gorila hordi, lehoi odolzale, piztia anker. Baina hori Afrika da, egunotan, Melilla eta Ceutako gertaerak direla-eta, entzuten ari garen hezi jauzietan (barka, otoi, ortografia) «erremediorik ez duen kontinentea». Bestela, egun, gauzak ez dira, noski, hain era iraingarrian obratzen. Kolonia garaiak oso dira antzinako kontuak, eta bezatu beharrekoarekin erabiltzen diren tratu moduak, aipatu beharrik ez dagoen beste zenbait arlotan bezalaxe, sano findu dira. Bestelakoak dira estiloak, bestelakoak hitzak.

        Erreparatu ostean prentsari. Zunda egokia da arlo honetan ere gauzak nola dabiltzan konturatzeko. Urrutira joan gabe, eta pareko egoerak bilatze aldera, Portugalgo metropoli jantziarentzat Gungunhana zena, zein da egun? Lisboa Washington bada, eta Ben Laden gatibu harrapatu bitartean, Saddam Hussein izan da azken O Vencido nagusia, ontzira igo zen kazetari haren aurrean bezala, garai bateko harrokeriak apalduta agertu zaigun buruzagi otzandua.

        Bi gizonen artean, bada alderik, baina. O Vencido zena pokerreko Bateko pika izan da nazkatu arte erakutsi zaigun baraja batean. Hala, Tarik Aziz Atzerri ministro ohia Zortziko pika genuen; Saddam Husseinen anaiorde Barzan Ibrahim Hassan ai Tikriti Bosteko hirusta... eta hala, 52 osatu arte. Baraja Iraken ziren estatubatuar tropen artean banatu zen, AEBetako enbaxadaren eta Komando Nagusiaren bitartez. Far West-era garamatzan ume olgeta, baina marketing gisa, funtzionatu zuen partida.

        Bezatu beharrekoa zenbaki baten bidez, eta hierarkizatuta ematea, oso da prentsarena. Urrutira joan gabe, irailaren 25ean, eta Pentagonoaren iturriak aipatuz, CBS katea izan zen aurrena Abbu Azam-en heriotza iragartzen. Nor zen Abbu Azam? Nola izango dugu akorduan ez badugu pertsonarik aurrean, «el número dos de al-Qaeda en Irak» legez aurkeztu baitzitzaigun espainiar prentsan, eta «le numéro deux présume d'Al-Qaida en Irak» frantsesean? Informazio erantsi gisa, Al Zarkaui-ren bigarrena zela esaten zen. Gehienek erantsi zuten «Pentagonoaren arabera» makulua, baina gehienek eraman zuten tituluetara, bere eginda numeroarena. Barajaren indarra. Dena hierarkizatu beharrarena. Batekoa laster eroriko den seinale.

        Aste honetan bertan, Iraken barik Frantzian, ETAko komandoetako bigarrena atxilotu dutela esan zaigu, hamaikagarrenez. Bigarrena da, prentsaren arabera, Harriet Agirre, eta hirugarrenik edo zazpigarrenik aipatzen ez den kodean, handia da hori, ikuskizun legez bada ere. Laster da aurrenekoa.

        Honetan behintzat, euskarak egiten gaitu bestelako, eta eskerrak. «El número dos/le numéro deux» adierazteko «bigarrena» erabili ohi dugu, baina «egitura militarreko bigarrena» titulu lainoagoa da, ez du, auskalo zergatik, gazteleraz edo frantsesez duen indarra lortzen. Intriga falta du. Eta zalantzak lotzen zaitu zergatik ote den, numero berbak zerbait eransten diolako edo datorren tokitik datorrelako indargabeturik heltzen zaigulako. Bada beste era bat ere, «ondokoa» edo «ondorengoa», baina jakina, honek «urliaren ondokoa» esatera behartzen du kazetaria, eta horrek Barne ministroari hitzez hitz sinestea esan nahi du, urlia egitearekin ororen arduradun. Horregatik erabaki da Berria-n, aste honetako atxiloketen berri ematean, «komandoen buru izatea leporatzen diote polizia iturriek» edo «egitura militarreko arduraduntzat jotzen dute» formulak erabiltzea. Eta irakurleak, erdaren «el número dos/le numéro deux» horien ikusgarritasuna galtzen badu ere, eskertzen duelakoan nago.

        Mendeetan zehar, asko izan dira piztia eraisten laguntzeko erabilitako publizitate teknikak, hitzetatik hasita. Hierarkiarena da bat, eta ezizenena bestea. Erreparatu bestela, norekin erabiltzen duen Poliziak izenordeak publiko egitearena, eta hain da sarri erabiltzen non kazetariak ia naturalago erabiltzen duen hau izen-abizenak baino. Eta ez da gainerakoek, eman dezagun, diputatu jaun-andreek edo estatu buruek berena ez dutelako, ezizenen kudeaketa irizpide jakin batzuen arabera egiten delako baizik. Zenbakia, gaitzizena... helburua atxilotu beharrekoari gizatasunetik duena kentzea da, arazoa mundu ez-serio batera biltzea, eta hala agertzea iritzi publikoaren aurrean, komikia irakurtzen bageunde bezala, munstroen zorro barregarria: Txeroki, Ternera, Tigresa, Pelopintxo, Dienteputo...

        Bada erdibidean utzi dugun istorioa amaitzeko tenorea. O Vencido erbesterago eraman zuten, Azore uharteetako Isla Terceirara. Han, bitxikeria turistiko izaten jarraitu zuen. «Bataiatua, alfabetatua eta alkoholizatua» hil zen, Rene Pelissier historiagileak esatera. Miguel Torgak bi urte ditu, Ferreira de Castrok zortzi, eta Pessoak hogeita bat. Ordurako, badira urte batzuk Lisboara girgiluz eta katez loturik eraman zuen gizona, Mouzinho de Albuquerque, bere buruari tiro eman eta harrak gobernatzen dagoela. Eraman ezina zitzaion jendearen esker txarra, politikarien joko narrasa, monarkiaren gainbehera.

(2005-10-09)

 

Ostekoa:

Al Zarkaui 2006ko ekainean «eraitsi» zuten. Adjektibazioan, adostasun harrigarriak Bushen «beldurraren ideologiaren liderra zen» haren hitzaletik. Garai batean hainbat etakiderekin egin bezala, erretratu psikologiko sakona egin zion El Mundo-k: «mediocre estudiante y bebedor empedernido», «tiene una sorprendente mentalidad infantil». Berria-n, hedabide askoren aldean, markatua, adjektiboaren aldeko apustua hildakoaren soslaian: «Gupidagabekoa».

        Italiako Il Manifesto-k, ostera, ikusi egin du garaituaren keinua. Azalean, argazki handia. George Casey jenerala Al Zarkaui hilaren fotoa erakusten, eta azpian, letra larriz: «Il trofeo».