Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iñigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Gu gira Euskadiko

 

«Gu gira Euzkadiko gazteri berria» abestu ohi zuen Kanboko miriku kantariak, eta Euskadi bidean zegoen Euzkadi, egiteko zegoen mundua zen.

        Euskadiko selekzioarekin —pasea etorkizunari—, Bixente Lizarazuk Tikori baloia ematen zionean, San Mames gurari zen, nahia zen, ezina eta gertakizun. Bidasoa hondoan Mikel Zabaltzak Orbaiztako pago gorriak ikusi zituelarik, Guardia Zibila mintzatu zen, ura bezain argi: ihesean itoa Euskadi Ta Askatasuna-koa zen.

        Gaixo Labegerie! Nehor ez duzu Euskadiko!

        2004ko udan, Abadiñon bildu da Euskaltzaindia, uztailaren 23an. Hartutako erabakien artean, orain arte eman beharrik izan ez den definizioa: «Euskaltzaindiak, zazpi probintzia edo herrialdeen osotasuna adierazteko, Euskal Herria izenaren egokitasuna, zuzentasuna eta zehaztasuna berresten du, eta izen hori ez dela izate politiko administratibo konkretu baten baliokide. Aldi berean, gogorarazi nahi du mendez mendeko tradizio luzeari begirunea zor zaiola, eta inork eta ezerk ez du tradizio hori hausteko edo bere gogara aldatzeko eskubiderik».

        Zerbait bada zuzenean esan nahi ez digutena. Euskaltzaindia kezkatuta ageri da, herririk gabe geldituko ote garen. Euskal hiztunok aspaldidanik janda dugun zerbait da politikarako sortu zen Euskadi politikak berak ebatsi duen herria dela. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko agintaritzak arrazoi sendoak zituen izenaz jabetzeko.

        — Nongoa zara?

        — EAEkoa.

        — Nondarra?

        Eaetarra!

        Ez zaizu ez, egia esan, oso erotikoa...

        Mekanika, aise da ulertzen. Administrazioak erabili eta komunikabideek egunean zientoka bider errepikatu, horra Labegerie, Lizarazu, Tiko eta Zabaltzari beren Euskadi ebasteko bidea. Esan beharrik ez dagoela uste dut: maiztasunak ezartzen du sarritan kanona. Hau guztia beste aldarte batez hartzekoa litzateke EAEko lehendakariak ez banindu ilintia bezala sutuko «euskaldun guztion lehendakaria naiz» esaten duen aldiro (ez ditu Akademiakoak aldameneko gelan?). Darabilen logika, ez da zaila harrapatzen. Enpresetako kudeatzaileek ondo dakite hau nola egiten den. Euskadik irudi korporatibo osoa eskatzen du, publizitate etxeek lau haizeetara barik, bostetara zabalduko duten irudi integrala. Aurrera doan herria. Eta ikusi egiten dut: lehendakariak jaurlaritzatzen duen herria Euskadi bada, nola deitzen da jaurlaritzatua? Euskalduna, noski! Aldekotxe duzu euskaditar itsusi horren aldean! (psikologia soziala maite duenarentzat, berebiziko herria gure hau. EAEko biztanleak izendatzeko, jeltzale zaharrek ere dagoeneko baztertuta duten euskotarrak berreskuratu du oraindik orain, nola ez dakigula, Carlos Iturgaitz PPko buruak).

        Eta sinetsidazue, nik umorez hartu nahi nuke, baina ez zait erraza egiten. Ezagun bati gertatua: Bortzirietako neska bat, erizaina, Bizkaiko mutil batekin dabilena. Nafarroatik Bilbo aldera arrimatu gurean, hor non eman duen izena EAEko administrazioak lana topatzeko sortu duen erakunde batean. Atera dira lanpostuak, eta deitzen ez diotela-eta, berak hots egitea erabaki du, eskaera ea zertan den jakin nahian. Bulegariak hartu du fitxa, egiaztatu ditu datuak, eta diotso, Gorbeiako haizeak baino garbiago:

        — Baina zu ez zara euskalduna!

        Dena euskaraz, jakina. Hala erabiltzen dela ohartu da, eta zinez da ikasle ona...

        Gero eta sarriago gertatzen ari zaigun zerbait da. Sistema aldatzen ari da, Euskaltzaindia bera behartu dute —2004an!— orain arte azalpenik behar izan ez duen zerbaiti langak eta zakurrak jartzera. Usaina bezala, susmoa aditu egiten da. Gutxienekoa da euskal hiztunak normalean erabili ohi ez duen Euskadi ebastea. Hamar urte baino lehen, euskal da Euskal Erdi honek ostuko duen hurrena.

        Zalantza gara. Hona egunkariari erauzitako adibide bat, galdera baino kezka dena: «Buen: 'Ibarretxe Plana euskal politika trabatzen ari da'». PSE-EEko Gipuzkoako idazkari nagusi den Miguel Buenek gazteleraz egin ditu adierazpenok, berak política vasca esan du, Ibarretxeren Euskadi gogoan, ez Labegerierena. Estilo liburua-ren agindua da, vasco/basque adierazpen zuzenak direnean euskal itzultzeko. Kontua da nafar ematen delarik navarro/navarra/navarre-ren ordain, euskal hori ate dela, alde batetik EAEko esan nahi duena, eta bestetik Euskal Herriko. Albiste gehien sortzen duenak zabalduko du atea bere aldera. Hiztuna, ikusi dugu, erabilerak irabazten du. Ez zuen urruti:

        — Zu ez zara euskal erizaina!

        — Luze aritzeko kontua da. Bien bitartean, Euskal Herriko Unibertsitateak badu nondik hasi Euskaltzaindiaren esanak betetzen...

(2004-09-19)