«She's in fashion»
«Bertan Bilbo!», entzun izaten nien umetan nire aldean adinekoak zirenei, harridura adierazi nahi zutenean. «Halako batean behintzat heldu gara, zabaldu dugu hoteleko atea, eta bertan Bilbo! Zuek ez dakizue zer zen hura!». Ez genekien, baina ikusi egiten genuen gure ume gogoaren indarraz.
Gerora ikasiko genuen nondik sortu zen lokuzioa, nondik harridura adierazteko Bilbo esatea. «Bertan Bilbo!» asmatu zuenak oso ondo zekien zertan ari zen. Bilbo mundua zen, geurea eta ezagutzen ez genituen beste hamaika zeramatzana bere baitan. Eta ez zuen itxurazko edertasun edo zatartasunarekin zerikusirik. Bilbo, «Bertan Paris!» moldearen bertsioa zenez, ederra zen. Harridura sortzerainoko begi betegarri.
Bilbo, sinbolo gisa, guztia izan da euskaldunontzat. Aztarka aritzera behartu dut neure burua, neure bilbo horien bila. Eta betikoak galdu nau: Bilbo 37ko Bilbo da, faxismoaren erasoari eutsi nahi izan zion ziutatea (ez dira gutxi, oraindik ere, «dugun hiri bakarra» esatea maite dutenak). Bilbo Unamuno da, eta Arriagako haren hitzaldia, euskara badoalakoa. Orain, orduan baino presentzia handiagoa du euskarak Bilbon, ez da euskalduna Bilbon lotsatzen. Bilbo Aresti ere bai baita, euskaldun berriaren hiria, eta Aranak Meaberekin bat egiten duen lokarri morapiloa, eta... Bilboren lilura ukaezinaren seinale, iragarkia Berria-n bertan, Bilboko Udalak bultzatua eta Berria-k lagundua: «She's in fashion». Nola ez genuen bada esango «bertan Bilbo!».
Zerbait bai. Atzo zortzi, ia egunkari guztiek jasotzen zuten Andres Urrutiaren izendapena, nola hautatu duten euskaltzainburu. Informazioa, guztietan, antzekoa zen: Bilbon jaioa dela, Lekeition hazia, Ondarroako notario moduan ezagutu dugula, lege kontuetan aditua, irakaslea... Albistea irratiz entzun eta hurrengo eguneko egunkarien tituluak imajinatu: «Baietz beste edozeren gainetik bilbotarra dela adierazi guztiek», nik neure kolkorako.
Berria-rekin ez nuen asmatu, eta zinez poztu nintzen. Gainerakoak, era harrigarrian, elkar hartuta zetozela zirudien. Bilbotarrarena markatzeko «lehenengo bilbotarra» formula egosi zuten gehienek.
Gara-k ez zuen era nabarmenegian adierazi, baina albistearen azalpenean, han zetorren: «Andres Urrutia lehenengo bilbotarra da kargu honetan. Bere ustez ezaugarri hori belaunaldi aldaketaren adierazle da», zioen. Baten faltan bi, birritan adierazten zuen Deia-k «lehenengo bilbotarrarena». Entresakan aurrena: «Hazparnearrak (sic) azken hamasei urteetan markatu duen ibilbideari eutsiko dio lehen euskaltzainburu bilbotarrak», eta ondoren, elkarrizketa sarreran: «Jean Haritxelhar ordezkatu eta euskaltzainburu berria da; estraineko bilbotarra Euskaltzaindiaren historia luzean». El Correo Español-i esku-eskura baino aho-ahora jarri zioten euskaltzainek galdera: «Es el primer presidente bilbaino. ¿Tiene eso algún significado?». Urrutiaren erantzuna, Gara-n irakurri dugunaren ildotik, Arriagako Unamunok entzuteko modukoa: «El euskera se ha transformado en una lengua urbana, y nosotros también somos representantes de ese cambio». Atzo zortzi irakurri nituen gainerako egunkarietan (Donostian editatua bata, Baionan bestea, Iruñea-Cordovilletan gainontzekoak), inon gehiago ez zen adierazten «lehen bilbotarrarena». Eta zaparrada pasea zela uste nuenean, hurrengo egunean, igandean, El País-en, País Vasco-ko Gaiak sailean, erreportaje luzea. Eta despiezean: «lehenbiziko bilbotarra». Eta testuan: «Andres Urrutia lehenbiziko euskaltzainburu bilbotarra izango da. Eta hori ere nabarmentzeko moduko ezaugarria da, egun Bizkaiko hiriburuaren metropoliak euskal hiztun gehien biltzen du eta».
Hainbesteko batasuna lortzea bilbotarra den lehen euskaltzainburuaren kontu honetan, bilbogarria da, zer adierazi nahi den oso ondo ulertzen ez delako zenbaitetan. Alegia, zer esan nahi da, harrigarria dela orain arte Euskaltzaindiak bilbotarrik ez izatea buru ala harrigarria dela Bilbotik (eta esan gabe: erdararen hiritik) ateratzea euskaltzainburua? Galdera, baieztapen gisa bada ere, egunkariek berek egin digute. Erantzuna, susmoa dut beti izango dela ibiltzen ari garenaren kontrabidekoa.
Bilbotarra barik donostiarra balitz, esate baterako, nabarmenduko genuke? Eta euskaltzainburua baionarra bagenu, Hegoaldeko prentsan galdetuko genioke «Lehenbiziko euskaltzainburu baionarra zara...?» Garbiago ikusiko genuke «lehenbiziko gasteiztarra zara» jarrita?
Hitzek salatzen dute gure pentsaera. Zerbait diogunean, buruan daramagun mundua, hierarkia eta morala uzten ditugu agerian, Bilbo Parisen pareko ikusten zutelako «Bertan Bilbo!» zioten euskaldun haiek bezala.
Lehengo igandeko El Diario Vasco-n, elkarrizketa zoragarria Mitxel Ezquiagak (sic) Jose Mari Olasagasti lehenbiziko igeldoar aizkolari txapeldunari, hemerotekatik salbatu beharreko horietakoa. Aurreneko galderak ematen du ostekoaren neurria: «¿Es el Beckham del deporte español?». Eta ondoko aipamena, antologikoa: «Es un fenómeno. Vive en su caserío de Igueldo (ahora también sidrería), y le cuesta expresarse en castellano, pero su mirada delata una inteligencia comparable a la de su rotundo físico. Habla con los bueyes con mimo robusto, como si fueran niños traviesos».
Bilbo ez, hamaika bilbo behar izango ditugu gure igeldo guztiak kakatzatik ateratzeko.
(2004-12-26)
Ostekoa:
Fashionaren bestaldean zer dagoen, badakigu. Aspaldikoa da, eta beti gogoraraziko digute. Sin mal rollo. Jator. Simpa. Handik hamar hilabetera:
«Como si de indígenas se tratase, los tres protagonistas intercambiaban gestos y se observaban mutuamente. Se asemejaba al encuentro de nativos de dos civilizaciones contrastando sus hábitos y costumbres».
National Geographic? Revue d'Anthropologie? Bai zera! 2005eko urriaren 26ko El Diario Vasco, aizkolari txapelketarako gertatzen.
«Indígena» eta «nativo» gisako horiek Olasagasti, Wynyard eta Lane aizkolariak dira.