Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iñigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

«Geu baino gehiago»

 

— Biurdanatik hoa? Habilela kontuz —gaztigatzen didate Iruñean borondate onaren lagunek.

        Eta egia da, han dituzu hirira azken urteetan heldutako langileen seme-alabak, parkean bilduak, solas jarraikian, kepixak atzerantz eta arropa nasaiz... begira.

        — Zortea izan duk.

        Eta hala ikusi dut neure burua, urregorrizko kate-eraztunak agirian ditudala Mexiko Barruti Federala, Guatemala City edo Tegucigalpa alderen alde pasatuta bezalaxe.

        Beste kafe bat, Sarkozyren manupetik hegoalderagoko beste edozein herritan.

        — Non bizitakoa haizela diok Bilbon? San Inazion? Ez duk hori latinoen diskotekak dauden tokia? Akabatu ere egin zitean bat, ez?

        Eta Gasteizera helduta —azkenaldian han-hemen ez da beste gairik—, Manuel Iradier agertu da solasera.

        — Zer nahi duk esatea, ni ez nindukek ilunduta handik lasai pasako... —eta zerbait badaki, birritan izan da Dominikar Errepublikan... oporretan. Eta txistea eskaintzen dit, gozotuta joan nadin:

        — Badakik nola deitzen dieten ijitoek latinoei?

        Eta erantzunari eutsi ezinik, berak:

        Payo-pony. Ona duk, e?

        Donostiaren gerezi gozoan, oraintxe aste eta erdi, bertako egunkari bat leitzen tabernako barran. Asteburuko bortxaketa hobeto uler genezan, lagungarri baino, nabarmenkeria: «hablan jóvenes asiduos a Illumbe». Benetako kanpo lana, kazetaritza erredakzioan usteltzen dela esan ez dezagun. Zazpi gazteren iritziak jasotzen zituen lan zabalak, Ilunben astero zer gertatzen den ezagutzen dutenak guztiak. Han esandako batzuk, ez ahaztekoak dira. Poliziaz ari da Sandra: «ezkutatzeko ezer ez dugunok, lasaiago gaude han daudela badakigu». Drogak hartuta drogan ibiltzen dabiltzanak omen dira nagusi, eta garbi du zergatik gertatzen den gertatzen dena: «arazorik gehienak 'atzerritarrengatik' izaten dira». Igorrek tabernak erakusten dizkio: «Diskoteka bakoitzak bere bezeroak ditu. Honako hau latinoena da, honako after hau, berriz, denari emanda ibiltzen direnena... hazi egiten dira, eta ez bazara euretakoa arazoak izan ditzakezu». Oskarrek ere badaki zerbait: «Egia da lehen aldean, orain areagoak egiten dituztela. Latinoak han goian biltzen dira, eta beti egiten dute zerbait». Xabi garbiagoa da: «Arazoa okerrera joango da. Adibide bat, etorkinena da. Geu baino gehiago direla sentitzen hasten direnean, ezin izango dugu larunbat gauetan Ilunbera hurbildu ere egin, orain tabernetako bat eurena bada, imajinatu zer izan daitekeen».

        Eta imajinatu, ez da zaila imajinatzea, horretarako ere baitaude egunkariak, ikusten ez duguna ikusten laguntzeko. Eta Ilunben zer gertatu zen, badakigu, baita zehatz-mehatz jakin ere. Hala burutzen zuen bortxaketaren kontakizuna El Diario Vasco-k:

        «Txirrindua inguruetan zuenez, Ilunbetik oinez jaistea erabaki zuen etxera joateko. Ilunbe Anoetarekin lotzen duen pasabidea hartu zuen, saihesbide gainetik pasatzen dena. Pasabide inguruan bi mutil gerturatu eta besarkatzen hasi zitzaizkion (sic). Gero, inguruetako zabaldegi batera eraman eta bortxatu egin zuten, biek. Erasoaren ondoren, neska Ilunbera itzuli zen, laguntza eske. Hark esatera, bi erasotzaileak 'latinoak' ziren, Ertzaintzak baieztatu ez duen puntua hau».

        Nola eman zuen albiste hau Berria-k? Emakumeen kontrako gainerako erasoekin-eta egiten den bezala, labur bat eskainita, motzago ezin: «Donostiako emakume batek bi gizonek bortxatu egin zutela salatu du Ertzaintzan. Emakumearen esanetan, herenegun bortxatu zuten Donostian, Ilunbe eta Amara arteko eskaileretan, 05:00etan». Kitto kontakizuna. Asmo ideologiko garbia duen hoztasuna.

        Bi egunkariak hartuta, egin dezagun galdera, «zer galtzen du» irakurle batek bestearekiko? Nabarmenena, «latinoena». Gero, zein den Ilunben dagoen giroa eta hirugarren puntutxo bat, aipatzea merezi duena. Elkarrizketatxoak bazter utzita, itxura batean, erasotuaren bertsioa jaso duela batak. Eta Ertzaintzarena bigarrenak.

        «Nai zutena ez gendualako jarri zan amarilluen alkartia. Nagusiyen desiua betetzearren». Hara zer den «sindikatu amarillua» Azkoitian 1920an ateratako greba panfleto baten arabera. Prentsaz ari garela, berriz, «herri edo hiri bateko albiste tragikoak morbo neurtuz proiektatzen dituen prentsa» da «prentsa amarillua», Victor Roura mexikar kazetariak esatera. Garai batean albiste lazgarriak, irakurleari gogoa eroateko, orrialde beilegietan inprimatzen zirelako deitzen da, agi danean, honela.

        Ahaztuxe nuen gertaera eta Berria-k egindako hautu zuzena, eta hala galduko zen guztia memoriaren zoko zaharren batean ez bazitzaidan asteazkenean Matraka gehigarria zabaltzea otu. «Gazteak, gaua eta biolentzia. Azken garai honetan batera agertzen da sarritan hirukote hori. Etorkinak ere horri batu beharreko laugarren alderditzat daukate askok». Irakurlea Parisko banlieueetara zeramala zirudienean, Bilboko San Inazioko istiluak berreskuratu ziren, eta El Diario Vasco-k Donostian egin bezalaxe, hainbat gazte elkarrizketatzen. Erantzunak, oso dira elkarren antzekoak. «Etorkinek ekarri dute bortizkeria, beltzak eta mairuak (sic) etorri direlako ugaritu da» dio Bikendi deritzon batek. Gaztearen esanek ez dute zikin handirik: «Lan egiteko etorri diren etorkinak, helduak, onak dira; baina asteburuetan kalera ateratzen direnak liskarzaleak dira gehienak». Eta errematea: «Euskal giroetako gazteek ez dute euren artean liskarrik sortzen».

        Ikuspegia nolabait plomatzeko, elkarrizketa Gite-Ipes elkarteko Txema Uriarte kultura-aniztasun teknikariari. Eta dendua galtzeko, marrazki bat, egunkari honetan inoiz atera den laidogarrienetakoa: diskoteka batean, hazpegiz zein jantziz egoki karakterizatuta, «gazte latinoak»; batzuk dantzan, besteak labanak aterata...

        Ikusten dugu, zaila zaigu emigrazio mota bat delinkuentziarekin ez lotzea. Berria-n bertan egindako ahaleginak begi-bistakoak diren arren, beti dago non edo nondik sartzen zaigun aleren bat.

        Noski, beti egongo da esatea kontatzen dena egia dela, eta kezka hor dagoela gazteen artean, eta zeresanik ez, nesken artean.

        Beti egongo da esatea gertatzen dena kontatzean ez dagoela arrazakeriarik, okerragoa dela bestaldera behatzea eta ezikusiarena egitea.

        Beti egongo da esatea...

        Gaia ez da, ordea, egia den ala ez. Prentsak kaleko edozeinek ez duen erantzukizuna du. Etorkin batzuk narkotrafikoa, lapurreta eta erasoekin besterik lotzen ez direnean, bestelako trataeren gainetik gertaeren kontaketa morbosoak lehenesten direnean, emigrazioa bezalako ibai konplexua estereotipoen tantetara biltzen dugunean, «inbasioaren psikosia» gizentzen da. Eta hala ematen da, ikusi dugun bezala, errealitatearen okerreko imajinarioa ere: gu zoriontsuak eta bakeosoak ginen «hauek» etorri arte.

        Honelako mamuak gobernatuta, zail egiten da zinez tentsiorik gabeko elkarbizitza ikustea aurrerantzean. Neuri eragin didazue, albiste amarilluen kontsumoagatik izango da, latino guztiak emigrazioaren ibaitik atera, eranzten lagundu, lehortu... eta errukirik gabe pirañaz jositako putzura botatzeko grina.

(2005-11-27)

 

Ostekoa:

Hautsez ipurdi ibili arren, esaldi baragarria zait «bi mutil gerturatu eta besarkatzen hasi zitzaizkion» hori. Dirudienez, euskaldun onen gisa, badugu arazorik samurtasuna eta bortizkeria adierazteko. 2006ko urtarrilaren 8an, edonor inarrosteko moduko albistea Berria-n: «Bi urteko kartzela zigorra eskatu dute gizon batentzat, Altzon andre bati zirri egin ziolakoan». Susmoa ziri, El Diario Vasco-ra jo nuen: «el acusado apovechó (...) y, presuntamente, colocar sus manos con ánimo libidinoso sobre sus piernas, llegando a tocar sus partes íntimas. Cuando la agredida consiguió apartar las manos del procesado, éste le agarró con fuerza el pecho izquierdo...». Zirri egin ziolako?

        Ba... bai, hala ulertzen da, itxura, zirri egitea. Berria-ko hemerotekan bila aritu, eta aurrekaria. Azaroan, beste kasu bat Iruran: «Ondoren, egoeraz baliatuta, zirriak egiten zizkien (neskato batzuei)».

        Pertzepzioak, norberarenak dira beti. Argi dago. Gerora ere agertuko baita berriro. 2006ko ekainaren 22an, Tarek Dergoul Guantanamon preso egondako britainiarraren hitzak itzuliz: «Jipoiak, [islamaren kontrako] irainak, zirriak... jasan ditugu, eta horrexegatik egin ditugu protestak eta gose grebak».

        Sala nazazue berandu baino lehen. Ni ere zirri egindakoa naiz.