Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iñigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Bagajea

 

Geure ondare kultura zaindu behar, eta paperezko hilobia eskaini zitzaion Juan Ruiz de Velasco editoreari 2004ko irailean Berria-n. Argitaletxe txiki bat zuen, Urdaibai inguruko gaiena, eta egunkaria zoli ibili zen. Kazetariak Edorta Jimenez izan zuen lagun hilaren biografia osatzeko. Haren lanei errepasoa egiten, «Jose Manuel Etxeiza (sic) nobelagile bizkaitarrak idatzitako Manila liburuaren berrargitalpena» aitortzen zion besteak beste.

        Hizki batean huts egitea, ez da zaila ere. Zarrapoka egiten da lan erredakzioetan. Baina hurrengo lerroan, han non ageri zen berriro Etxeiza delako hori: «Etxeizaren liburu autobiografikoa da».

        Ez zen akats puntuala izan, izen ezezagun baten transkripzio okerra baizik. Garbiago esanda: kazetariak ez dakielako Jose Manuel Etxeita nor izan den idatzi du Etxeiza. Larria, ez dakit den, baina sintomatikoa, bada. Mende oso bat iragan da. Gure kapitain-pilotuak bere garaian imajinatu ez zituen baliabideak ditugu, baina Filipinetako irla artean bezain galduta gabiltza gure ondarearen uretan. Transmisioak huts egin du.

        2005a hasi berritan, El País irakurtzen. El País Vasco atalean, elkarrizketa euskaraz Iñaki Aldekoa idazle eta editoreari. Euskal literaturaz ari direlarik, hona zer jartzen duen kazetariak editorearen hitzetan: «Gero, azken belaunaldira pasatuko ginateke: Bernardo Atxaga eta Ramon Sarrionandia (sic)».

        Hiztripua? Baliteke, kazetariaren gutxieneko jakintzak zuzendu beharko lukeena, arrunt gaiztoa ez bada bederen. Entresakek ere, badute nondik, ordea:

        «Atxagaren Obabakoak edo Sarrionandiaren Narrazioak-en George Stevensonenarekin (sic) pareka daitekeen irudimenezko apostua dago» dio aurrenekoak. Eta bigarrenak: «Imajinatzen duzu Frantziako ikasle bat institutua amaitzean Victor Hugo eta Vodelaire (sic) nor diren eta haien bertso batzuk jakin gabe?».

        Artikuluari emandako titulua, ezta nahita aukeratuta ere: «Humanitateez jakin beharrezko gutxienekoak ez dira betetzen ari». Eta zuek, imajinatzen duzue antzeko zerbait El País-en edizio nazionalean?

        Sinesteko moduan gaude. Etxeizarena irakurri eta bi egunera, Espainiako telebista publikoko albistegia ikusten lehenengo katean. Parisen, Iraken bahitutako bi frantziar kazetarien alde herriko etxearen aurrean elkarretaratzea. Irudietan, jendea oholtza gainean, kantuan eta testuak irakurtzen. Offeko ahotsak: «Elkartasuna adierazi zien, besteak beste, Paul Eluard poetak».

        Lasai ederrean eman zuen berria esplikerrak, eta behin eta berriro errepikatu ondorengo edizioetan, inork zuzendu gabe haren poema bat, bai, irakurri zela, baina ohartu gabe Eluardek berrogeita hamaika urte daramatzala Pere Lachaise-ko hilerrian, Edith Piaf-en hilobitik gertu eta Parisko Komunako azkenak hil zituzten Federatuen Hormari begira...

        Hona helduta, luza gaitezke eztabaida usteletan, kazetariak ez duela entziklopedista izan behar, ez duela zertan denetik jakin, kalte besterik ez diola egiten langileari sarri-sarri batetik bestera mugitzeak, ministroak bezala, kiroletatik nazioartera eta politikatik kulturara... Luza gaitezke eta hitz egin dezakegu, esaterako, zenbatekoa den gure bagaje kulturala eta historiaren, transmisioaren edo formazioaren zein geltokitan galdu den galdu dena. Norena den errua ere, argitu dezakegu, harriak tira elkarri eta lasaitu. Baina ez gabiltza ongi.

        Radio Euskadi-n, Nafarroako Parlamentua hizpide. Espainiako posta zigiluetan «Espainiako hizkuntza ofizial guztiak» agertzeko eskatu zuen legebiltzarrak ia aho batez. Irratian, elkarrizketa Maiorga Ramirez, EAko parlamentariari. Ez zuen Ramirezek asko pentsatuko sexua aldatzeko ebakuntza hain azkar egiten zenik EAEn: «Está con nosotros la parlamentaria foral de EA, Maiorga Ramirez...».

        Arazoa ez da, noski, Maiorga gizon edo emakume izena den ez jakitea. Arazoa da Maiorga Ramirez, besteak beste nafarra delako, ezezaguna dela Radio Euskadin, ez duela aurpegirik. Ezin bada jakin arra edo emea den Portugal edota Gaztelako herri izen hori.

        Beste txataltxo bat: 2005eko ekainaren 18an, irakurtzen genuen Joxemi Zumalaberen (sic) erakusketa antologikoa eratzea proposatu duela Donostiako EAJk, heldu den urtean euskaltzale, kulturgile eta artistaren jaiotzaren mendeurrena betetzen dela-eta: «Donostiako Udaleko EAJren iritziz, Zumalabek San Telmo museoarekin izandako lotura kontutan hartuta, museo hori litzateke erakusketa kokatzeko lekurik aproposena. Besteak beste, Euskaldunon Egunkaria-ren sortzaile izan zen Zumalabe».

        Jose Migel Zumalabe aita eta Joxemi Zumalabe semea nahasteak, non eta Berria-n, beltzago egiten du belea. Nahaste bera baino okerragoa da bidea haatik, ostiralean enpresa bereko Irutxuloko Hitza-n ondo emandako albistea bazter utzi eta Efe agentziatik bidalitako oharra moldatu baino ez baita egin: «El concejal nacionalista Patxi Baztarrika indicó en un comunicado que ayer propuso en la junta del patronato de Cultura que el consistorio donostiarra inaugure el próximo año una exposición antológica sobre Zumalabe (1906-1992) que sirva para divulgar tanto la labor en pro del desarrollo de euskera como la obra pictórica del que fuera fundador del diario Egunkaria».

        Hutsa EAJren prentsa bulegoarena izan den edo Efe-rena, horrela irakurrita, ez da garbi ikusten. Ez dut uste gora handikoa denik. Luze hitz egin dezakegu entziklopedismoaz, zenbatek irakurtzen dituzten albisteak argitara eman aurretik... Urrutira jo gabe, eta gozoago gera dadin, besteak nauela larritzen esango dut: Efe-k agintzea Berria-n.

        Eta itxaron, helduko da albisteak euskaraz bidaliko dituen eguna...

 

Ostekoa:

2005eko ekainaren hasieran, El País-ek Raffarin-en gobernuak jo zuela iragartzen zuen. Albistearen azpian, hiru aurpegi, aulki hutsa betetzeko aukera gehien zituztenena, alegia, Nicolas Sarkozy-rena, Dominique de Villepin-ena eta Michelle Alliot Marie-rena. Villepinen profila irakurtzen: «El hombre de confianza de Chirac es un producto de la prestigiosa Escuela Nacional de la Administración y un intelectual que ha publicado un ensayo de 800 páginas sobre poesía».

        Albistea, noski, horixe da. Poesiaz duen liburu horrek (poesiaz, Pompidouk bezala!) 800 orrialde dituela. Gainontzean, ez aipatu liburuaren izenik (Eloge des voleurs de feu) ez osterantzekoenak (eta badira beste zortzi bat).

        Ganberro jarrita, Miren Azkaraterena nola emango luketen, horrek jan dit gogoa: «La portavoz del Gobierno Ibarretxe es doctora en filología vasca, y además de haber colaborado en la edición en euskara de una obra de un filosófo suizo, es autora, junto con Patxi Altuna, de una historia de la morfología vasca de 246 páginas».