Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iñigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Kim Phuc eta ubarroia

 

Ez dela hainbeste ere, oso ohikoa genuen, zenbat eta edadetuagoari errazago, harriak bezalako hitzak entzutea:

        Periodikuak ekarri du!

        Handia zitzaion fedea egunkariei. Nola ez, paper artean zetorren-eta bertan ez zegoen mundua. Eta egunkaria esaten dugun tokian, irratia esan dezakegu, ahots gozo hura bakardadea hausten.

        Radioak hala esan du!

        Eta irratia jainkoaren ahotsa zen, Moisesen bizarra, San Pedroren giltza, egia berdaderoa, inon egiarik bazen. Eta egiagoa irudia.

        Telebisioak esan du!

        Hedabideek sinesgarritasun hau izan dutelako, horrela ulertzen da Welles-ena. 1938ko urriaren hondarretan, CBS irratian, esatariak Orson Welles antzezle gazteari eman dio aldi. Hau, ahotsa indar, Herbert Georges Wells-en Munduen gerra eleberriaren atalak errezitatzen hasi da. Eta hainbesteko dramatikotasunez gainera, non gezurrak ez dezakeen hatsik izan: martetarrak Lurra inbaditzen ari ziren. New Jerseyn ziren! Ontziak nolakoak ziren azaldu zuen, baita nolako armak zituzten ere, suntsipena baino ez zekarten izpi berdeok! Tarteka, Wellesek musikari uzten zion txanda; eta marteka, musikak Wellesi. Estudiotik kanpora, elkarrizketa astronomo batzuei, eta hauek, nola ikusi dituzten leherketak Marten. In crescendo gorrian, ahotsak oihu bihurtu ziren, erreportaria deiadarka ari... herioa eta histeria nonahi. Entzuleetarik asko sotoetan gorde ziren, janari, ur eta pistolekin, munduaren akabuaren zain. Beste askok, bakoitzak ahal zuen gisan, bazterrik urrunenera lekutzeko deliberoa hartu zuen. Estudioan, Wellesek bazekien Mercury Theatre konpainia txikiarekin inoiz lortu ez zuen arrakasta lortzen ari zela. Zortzi ordu iraun zuen inbasioak eta zortzi irratsaioak.

        Irratiak ez zuen gezurrik esan, zuzeneko antzezpen sinesgarri baterako bide baino ez zen izan. Tresna baino ez, hain izan da beti sinesgarria aparailutik ateratzen dena! Urteak ez dira alferrik pasa, ordea. Ezer ez da lehen zena. Oraintsu PEW Ikerketa Zentroak argitara eman dituen datu batzuei kasu egitera, estatubatuarren %45ek egunkarien edukietan duten uste ona oso txikia edo hutsaren hurrengoa omen da.

        Urrun dago Vietnam. Handik heltzen ziren irudiek eta lekukotasunek iritzia sortzeko balio izan zuten unetik bertatik, beharrezkoa ikusi zen, boterearen aldetik, irudien eta hitzen gaineko kontrola, gerran xahututako indar eta sosetatik probetxurik aterako bazen. Hala, ezinbesteko tresna bihurtu da iritzi publikoa sortu eta bideratzeko hedabideen kontrola eta berrien manipulazioa. AEBek munduan barrena burutu ekintzetan garbi ikusi den zerbait izan da hau.

        Vietnameko gerran, kontzientziak eta zain anti-inperialista suspertzeko balio zuela erakutsi zuen prentsak, baita Estatu Batuetan bertan ere (Pulitzer saria Huynh Cong Ut-i napalmetik ihesi doazen haurren argazkiagatik; B-52ko pilotu desertoreen gutunak Newsweek-en; Norman Morrison bere buruari su ematen Pentagono aurrean...). Antzekorik berriro gerta ez zedin, Granada uhartearen inbasioan (1983) kazetariei ez zitzaien soldaduen aldamenetik joateko baimenik eman. Beste horrenbeste gertatu zen Panaman (1989) ere. Golkoko gerran (1991) CNN izan zen Bagdaden egoteko baimena iritsi zuen bakarra. Berdin Somalian hurrengo urtean...

        Monopolioak gezurra ausarki zabaltzea ekarri du. 1990eko urriaren 10ean,

        Golkoko gerra hasi baino hiru hilabete lehenago, kuwaitar gazte bat erakutsi zitzaigun, AEBetako telebistetan lehenengo eta uhinak nola, gureetan gero. Kontatu zuen, irakiar soldaduek bera borondatezko beharrean zegoen ospitalean sartu, eta armak eskuetan, hirurehun ume atera zituztela inkubadoretatik, hantxe, zoru gainean hiltzen uzteko. Geroago jakin izan genuen dena gezurra izan zela, neska AEBetako enbaxadorearen alaba zela eta guztia Hill and Knowlton enpresak antolatutako ikuskizuna genuela estatubatuarren inbasioa justifikatzeko. Ikuskizuna, Wellesena bezalaxe, baina ez happening bat egiteko, errealitatea manipulatzeko baizik.

        Iraketik nahi adina adibide heldu zaigu. Ubarroi edo karrabaso hura, esaterako, Sadam Husseinek petrolio putzuei su eman eta lumak olio beltzez zapuztuta erakutsi zitzaiguna, «parekorik gabeko hondamendi ekologikoaren» ikur. Eta hala izango zen, petroliontzi baten istripuak eragindako hondamendian Alaskan aterea ez balitz. Berrikiago, Lynch soldaduarena askapen heroikoa dugu, Hollywoodeko film baten gisa Pentagonoak berak estudioan grabatu, muntatu eta zabaldua.

        Zerrenda, luzea da: Serbian, Bosnian, Afganistanen... CNN izan da, Etxe Zuriak hala erabakita, sarritan lekuko bakarra. Beude barne agiriak ere, egunen batean kazetaritzaren museoan erakutsi beharrekoak, Afganistango korrespontsalei bidalitako hura bezala: «Ez dira ez biktima zibilak ez hauen sufrimendua azpimarratuko, eta aipatu beharra badago, beti ere ezinbestekotasunarekin loturik eman edota irailaren 11ko biktimak gogorarazi».

        Kazetaritza aberkoiaren urrezko garaia ezagutzea tokatu zaigu zinez. Eta ikusi egiten dugu Fox kateko Gerardo Riviera talk-show aurkezlea Afganistanen barrena, pistola gerrikoan duela: «Bin Laden topatzen badut ez diot galderarik egingo, bi bala sartuko dizkiot sabelean». Orain ez zaigu albisteak entzun eta ikusteko esaten, fedea eskatzen zaigu.

        Aste honetako kontua da. Newsweek aldizkariak kontatzen zuen lehengo asteko alean nola AEBetako soldaduek, Guantanamoko presoak balditzeko, beste zenbait bortxakeriaren artean, korana komunzulotik bota zuten. Hala zabaldu zen albistea eta hala sutu da jendea Afganistanen, Pakistanen, Gazan edo Indonesian. Honen kari izaniko istiluetan, hildakoak izan dira. Hogeitik gora. Bidegabekeria eraman ezinda atera da Condoleezza Rice, AEBetako estatu idazkaria: «adierazi nahi diet munduko musulman guztiei ez dugula koranaren aurkako profanaziorik onartuko». Lawrence Di Rita Pentagonoko bozeramailea beroago agertu da: «Jendea hiltzen ari da putakume horrek esan duenagatik. Zer sinesgarritasun izan lezake orain?».

        «Putakume hori» Michael Isikoff da, Newsweek-ek orain arte zuen kazetaririk preziatuena. Etxe Zuriaren erasoaren aurrean, aldizkaria berehala atera da ustezko okerra zuzentzera. Gehiegi fidatu omen zen nahiko datu ez zuen goi funtzionario batez, eta hor egon dela hutsa. Barkamena eskatu du eta the end.

        Haria, jakineko tokitik luzatu da. Hedabideen sinesgarritasuna hutsaren hurrengoa dela-eta, hainbat plan hartaratu dira. The New York Times-ek publiko egin du barne dekalogoa: «Zuzendaritzako kideek egunkariari buruzko gaiez, maiztasun jakin batez, idazteko ardura hartu; irakurleek zuzendari eta erredaktoreekin harremanetan jartzeko erraztasun gehiago eman; iturri anonimoen erabilera murriztu; informazioaren egiatasuna baieztatu informazio iturriekin argitara atera aurretik; hanka-sartzeak antzemateko sistema eta prozedura ezarri...».

        Gutxitan bezala aztoratu dira erredakzioak. Deontologiaz, nahi beste esan da. Eta gauza bitxi bat: Guantanamon gatibu musulmanekin izaniko teknikak salatzen ez da Newsweek izan aurrenekoa, hor dira The Washington Post eta BBC ere. Orduan, zergatik atera da gezurrarena orain, ez bada hildakoen kiratsa eta bizien amorrua aldetik kentze aldera? Iturriak baieztatzeaz hitz egiten denean, zergatik ez da esaten iturri ofizialak berak direla maiz gezur iturri? Zergatik ez da gobernuek hedabideen gainean eginiko presioez inor mintzo? Eskubide zibilak eta nazioarteko lege guztiak zulorik beltzenera botata ehunka lagun milaka kilometro harantzago gatibu eraman dituztenek, korana komunzulora bota ez? Zer gertatzen da gezurrolarik handiena bera ez borrero, baizik eta biktima mindu gisa agertzeko?

        Ubarroiak gezurra salatzen duen bezala salatzen du honen guztiaren logika komunzuloko koranak.

(2005-05-22)

 

Ostekoa:

NATOren Kaserna Nagusia. Brusela. 1999ko apirilaren 15a. BBCko berriemaileak galdera Giusseppe Marani jeneralari, ea zer duen esateko bi egun lehenagoko gertaeraz. Bonbetatik traktoreetan eskapo zihoazen 70etik gora kosovoar iheslari hil zituzten NATOko hegazkinek Jakova-n, zibilak guztiak. Maranik honela erantzun zuen:

        «Pilotoak ibilgailuei eraso zienean, ibilgailu militarrak ziren; gero traktore bihurtu badira, hori beste kontu bat da».

        Hurrengo egunean, Italiako prentsak ez zituen jeneralaren berbak jaso. Britainia Handian, The Guardian-ek, azala eta zortzi zutabe eskaini zizkion, hitzez hitz errepikatzeko: «Nato yesterday: 'When the pilot attacked the vehicles, they were military vehicles, if then turned out be tractors, that is a different issue».