Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iñigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Magnus

 

Ipuin baten erdian itzarri naiz. Araldea dabilkit gelan, balkoitik sartuta, ohe bueltan, ilaran. Komunera bidean, karrajuan du segida. Epa eta epa. Gazte eta zahar, jendetza etxe guztian, bata bestearen atzetik, nonbaiterako zain bezala. Galtzontzilotan, oin ortozik, lerroari segitzen diot, ea nora. Eskailburuko atea zabalik dago. Han doa, bebarrurantz. Begirazun okerrak, tartean sartuko naizen beldurrez. Azkenean, galdetu beharra:

        — Nonbaiterako zain?

        Harridura zeinua. Ez zait zakarrena ere tokatu.

        — Zu ez zatoz?

        — Nora baina?

        Egunkari hauxe erakutsi dit. Aurreneko orrian, albiste bat ororen gainetik: «Joan Paulo II.a hil da. 21:37an hil zen Aita Santua Vatikanoan».

        Hori, gaur zortzi. Gero ez dakit ipuinean jarraitu dudanetz. Jakiten ere, ez da erraza. Ilarak jarraitu duela, badakit. Itzali dira Julian Grimau-ren exekuzioaren karietara Violeta Parrak abesten zuen «Qué dirá el Santo Padre / que vive en Roma / que le están degollando a su paloma» haren oihartzunak. Horditu, akitu, nazkatu egin naute hedabideek, eta izan dut gauza xelebreak ikusteko paradarik. Fededun batzuk, oso haserre ikuskizunarekin. Agnostikoak negarrez, irudiak, giroak eta esatariaren narrazioak (benetako vatikanista militanteak hedabide publikoetan) emozioa piztea lortuta. Ni, paperak salbatu nauela uste dut. Izan ere, egon da zertan erreparatu. Berria-n bertan, adibidez.

        Igandetik asteartera, irakurleak antzemateko moduko erabaki garrantzitsuak hartu ziren erredakzioan, hildakoari eman beharreko trataeratik hasita. Ia beti, Joan Paulo II.a nagusi, eta Vatikanoko burua tarteka. Ez errepikatze aldera, baita Aita Santua ere. Igandean hala eman zen, bere letra larri guztiekin. Asteartetik aurrera aita santua, ordea, xehez. Eta nago txingarra Joan Paulo II.a ospitalean gaixorik zegoela Berria-k albisteari emandako trataerak arduratuta Anjel Lertxundik apirilaren 5ean idatzitako artikulu hartan dagoela. Honela zioen Lertxundik: «Berripaper honek Joan Paulo II.a, Eliza Katolikoko burua, Karol Wojtyla, Vatikanoko burua espresioak baliatu zituen atzo. Baita Aita Santua ere; bi aldiz eta maiuskulaz. Lehendabiziko laurak zilegi ditu berripaperak. Bosgarrena ere bai? Aita eta gainera Santua eta gainera biak maiuskulaz? Nago Aita Santua espresioak, tradizio luzea izanagatik ere, berripaper honen irakurle batzuk asetzen dituela, ez guztiak».

        Lertxundiren kezkak, puntu interesgarrian utzi zuen eztabaida. Berba baten nolabaiteko tradizioa nahikoa da gaur egun hedabideetan bere horretan agertzeko? Zehatzago esanda, zer egin tradizio katolikoaren bitartez heldu zaizkigun hainbat hitzekin egungo euskal prentsan?

        Aita santuarena, ez da txarra. Beste hizkuntza batzuetan nola eman den ikustera atera naiz. Gazteleraz, maiuskulaz ageri da beti: «Castro asiste a una misa funeral en memoria del Papa» El Mundo-k; beste horrenbeste El País-ek ere: «Multitudinario adiós al Papa». Letra larrien ideologiaz ohartzeko, El Diario Vasco-rena: «La Procesión del Papa». Ingelesez, halatsu: The Times-ek: «Millions gather for Pope»; italieraz, «Flusso continuo per l'omaggio al Papa» Corriere della Sera-k. Portugesez, Público-k: «A herença doutrinal do Papa Wojtyla». Europatik kanpo, «Murió el Papa» Argentinako Clarín-ek; «El Papa, sepultado en la basílica de San Pedro» Mexikoko La Jornada ezkertiarrak...

        Ideologiak ideologia, eta bakarra den horrek lagunduta, maiuskula da nagusi prentsaren lurralde osoan... Osoan? Ez, galiar menderakaitzen egunkarietan, tradizio laikoa nagusitu zaio usadio katolikoari. Letra xehea nahita eginiko hautua da. Libération-ek, albistea eta gogoeta nahasten: «Mort du pape: la laïcité en berne». Esan ahal da, sasoi zaharrak gogoan, Libé oso dela markatua. Ez dio ardura, hartu Le Monde: «Cérémonie funèbre grandiose pour le pape». Le Figaro, handitik txikira eta txikitik handira dantzan: «Le monde en deuil après la morte du pape», baina «Deuil planétaire pour le Pape mondialisé».

        Dudarik gabe, badago honetan guztian tradizio politikorik. Laikoa dena, zibila. Izan ere, hori baita azken batean maiuskulen eta minuskulen arteko lehia hau, hitzen hierarkia kontua, norberaren ideologiara moldatua. Gaztelera eskoletan, oso ondo erakutsi izan ziguten zer den dios eta zer Dios. Gipuzkoako prentsa monarkikoak, aste honetan bertan: «Los Reyes almorzarán con los cardenales españoles». Eta horrela, hamaika.

        Euskaraz, larrien eta xeheen arteko kontu honezaz harago, batzekoak dira elizaren faktoriak sortutako hitzak, egunero darabiltzagunak. Zerrenda egiten hasi naiz: pertsona esateko, kristau; baimena aipatzeko, bulda; entsalada maneatzeko, bedeinkatu; errusina edo usina, doministikua; kontuak azkar konpondu, patrifilioak egin eta ondoezik egon, oso katoliko, oso santu ez egon edo ibili. Uribe inguruan Jangoikoaren gerrikoa entzuna naiz ostadarra esateko, Urolaldean Erromako zubia dena, bestalde. Zeru eta lurraren arteko zubia, noski, eta ararteko nor eta pontifex maximus-a, hau da, zubigile gorena, aita santua, alegia...

        Lokuzioek ere, gizartearen pare-pareko argazkia erakusten digute: «Kainenak egin», «garizuma baino luzeago izan»; «aitaren batean egin», «senperrenak ikusi», «santu hartua izan»... Xabier Gantzarainek Epelde soinujolearen biografian dioen bezala, «gure garaiaren sasikume gara. Gure garaia ez da gurekin hasi eta ez da gurekin bukatuko». Eta ondarea ezabatzen hasiko ez bagara ere, prentsan behintzat, beharrezkoa da geure gizartearen baloreetara moldatzea. Zibildu behar dugu erabilera. «Poner una pica en Flandes» edo «ce n'est pas le Perou»-k, historia inperial aberatsa dute sorreran, jatorrak izan litezke oso, baina bistan da, ez dira edonon eta edonola erabiltzekoak.

        Poztu nintzen aita santua, honela, letra xehez irakurri nuenean. Izenagoa eta laikoagoa genuke beharbada elkartuta, hainbat idazlek dagoeneko darabilen moduan: aitasantua. Oztopotxo bat du, ordea, nahiz eta kontestuak erraz argituko duen, ustez: polisemikoa dela. Zerria hil, eta goitik behera irekita, odolkiak egiten direnean, bada bat berezia, besteak baino magnoagoa, handiagoa, heste lodiaren muturrarekin obratzen dena eta baloi tankera duena. Bizkaian, batzuek jangoikoa esaten diote mondongo handi honi. Beste batzuek, Emiliano Arriagak Lexicón bilbaino-n jaso zuen bezalaxe, aiteternoa. Eta bada jan kontuetan gabiltzalarik, zeruak lurrera ekartzeko bekatu honetan, asmatuko zenuten honezkero, aitasantua deitzen dionik ere.

(2005-04-10)

 

Ostekoa:

Vatikanoko buruaren heriotzak, epitetoen neurrigabeko loratzea ekarri du, benetako erromileta estilistikoa. Horrela heldu da asteon kazetaritzaren goren gradura Espainiako prentsa. Adjektibo guztiak ere, gutxi izan dira. Kritika zantzurik ez titulu nagusietan. Eta zimurrak nonahi.

        Sodano kardinalak abiatutako haritik, «Juan Pablo II el Magno» deitzen zion Paloma Gomez Borrero-k Vocento taldeko egunkarien gehigarri berezietan. El País-ek «El mensajero en la Tierra»; El Mundo-k «El Papa misionero» eta barruan, «El azote del comunismo» Felipe Sahagun-ek. La Razón-ek, «El Papa de la libertad» eta «El líder espiritual del siglo XX» ABCk.

        Frantzian, aski bozatua Libération hil hurran zegoen egunean: «Le militant de Dieu» eta «le pape d'un siècle», gero astean zehar ikuskizunak ernegatu eta ostiralean, antologietan gordetzeko moduko titulu batez itu-ituan jotzeko: «Pope star».

        Errespetu falta? Ez dut uste, beste kazetaritza tradizio bat, arrisku handiagoak hartzen dituena nahi bada, baina dudarik gabe, botere batzuekiko bestelako distantzia duena.

        Aste honetan bertan ikusi ahal izan dugu, Monakoko Rainier printzearen heriotzarekin. Hildakoaren argazkian, eskuinetik ezkerrera: «Rainier III de Grimaldi, le price bâtisseur» eman zuen Le Figaro-k, aurrexeago «le héros d'une saga» deitzeko. Le Monde-k, ironiaz irakur daitekeen titulua ezarri zion: «Rainier III de Monaco, le patron». Libé-k, «Rainier, mort d'un prince businessman» asteazkenean, eta ostegunean, mendeku errepublikarra: «'Le Boss' de Monaco a quitté les affaires».

        Heriotzak bakea ekar ez dezan.

 

Ostekoa bi:

Aitasantuaren hautaketa estakuru, hiru titulu umoretsu:

        2005eko apirilaren 18an, Mexikoko La Jornada-n: «El partido político más viejo del mundo se encierra desde hoy para, una vez más, mostrarnos que la democracia es de los elegidos».

        Apirilaren 20an, Benedikto XVI.a aukeratu ondoren, El Periódico de Catalunya-n: «El ala derecha del Espíritu Santo».

        Hurrengo egunean, Italiako Il Manifesto-n, ardiekin, zakurrekin eta alemanekin olgetan, itzulezin, gaizto, jenialago ezin: «Il pastore tedesco».

 

Eta ostikoa:

Prentsa zibilerako bidean non gabiltzan ideia bat izateko, titulu bi, biak Iruñeko jaiei hasiera ematen dion suziria botatzerakoan Xabier Eskubi zinegotziak «Gora San Fermin!» oihu egin beharrean, «Gora Sanferminak» egin ostekoak:

        Azpeitiko jaien karietara, Berria-n: «San Inaziok jaia bedeinkatu du» (2006ko abuztuaren 1ean). Junes Casenave-Harigile-ren Santa Engrazi pastorala dela-eta, Gara-n: «Zerutik bedeinkatutako pastorala» (2006ko uztailaren 24an).