Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iñigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Zineman

 

Kristalezko bunkerraren bestaldetik sarrerak noiz aterako, neska-mutil bikotea, kalakan ari:

        — Zuk ikusi duzu?

        — Oscarrak baino lehen.

        — Eta zergatik diote toki guztietan cowboy-ak direla ardiak zaintzen badituzte?

        Aste betean birritan entzun dut antzeko elkarrizketa. Gaitz zabaldua oso, nonbait, etimologiarena, eta jendea harrituta izenaren hautuarekin, ea zergatik aurkezten zaizkigun Brokeback mountain filmeko bi protagonistak cowboy legez, cow-ak beharrean sheep-ak begiratzen badituzte. Artzainak direla, alegia, ez cowboy-ak Joe Aguirre zitalaren behargin biak.

        — Zaldi gainean dabiltzalako izango da, edo kapelengatik. Nik dakit ba!

        Harrak helduta, egunkari hau zabalduta, halaxe: «Bi cowboy-ren arteko maitasun istorioa kontatzen du. 1963tik, elkar ezagutu zutenetik, harreman berezia izango dute». Cowboy deitzea ez da baina, soilik gure burutazioa. Hala agertzen da gaztelerazko, frantsesezko zein ingelesezko sinopsietan. Areago, hala deitzen dira filmean gaztelerazko bikoizketan ere, eta etsi-etsian, baita seguruenik Annie Proulux-en ipuinean ere. Kopiatuta asmatu.

        — Kapelengatik?

        — Gaucho-a bezala, figura da cowboy-a, berdin dio zer zaintzen duen! Zineman endemas!

        Ez du soberako nekerik merezi. Hori baino zabalagoa da hizkuntza eta hori baino jostariagoa hiztuna. Ez gaude geldirik, eta askotan hitzak berak dira, egunen gurpilean, zabalean jokatzeko baimena ematen digutenak, espanturik gabe. Euskaldunok badakigu zerbait honetaz. Ostean, non dira gure egungo baporeen lurrunak, non gure telebistako sukaldarien sugarrak, non gure guardasolen eguzkiak? Horretarako eta gehiagotarako behar genuke zalutasuna. Nola ez, lilura alde dugula.

        Galtza bakeroak ez bezala, hitzek nasaitzeko duten erraztasuna gauza bat da, eta oso bestelakoa, historiak historia, zeri deitzeko erabiltzen den ele hori. Eta nola. Hau da, zer duen azken beltzean erakusten. Hor dira hedabideak sartzen, eta bakoitzak bere ideologiaren arabera ebazten, zer bai eta ez zer, zer den erabilgarri, zer haizu eta zer baztergarri. Argigarri, El País-en estilo liburua: «Kazetariek erne ibili behar dute, eta gauzei berez duten izenez deitu, hainbat taldek ezarritako eufemismoetan erori gabe. Horrela, adibidez, 'zerga iraultzailea' 'estortsio ekonomikoa' deituko da, 'salneurrien doitzea' 'igoera', eta poliziak ez du inoiz istiluen kontrako materiala 'erabili behar izan', 'erabili du', eta kito». Adibide praktiko gehiago, ematen du: «Euskaltzaindia: Ez erabili. Haren ordez 'Real Academia de la Lengua Vasca' erabili»; «Yanqui: (...) Ez da iparramerikarraren sinonimo (sic). 'Yanqui' 'New England-eko biztanlea da, AEBen iparraldean'. Ez erabili. Erdeinuzkoa da».

        Arrazoi berberagatik, Berria-k ez ditu, berez, eta estilo zuzenean, erabilera sexista, xenofoboa edo oro har, baztertzailea duten hitzak erabiltzen; nahiz eta, eman dezagun, kalean hainbat girotan hitzok oraindik usu erabili eta entzun. Egunkari honetan, arrazoi horrexegatik, ezinezkoa da, konparazio batera, maketo, mantxurriano, hezurbeltz, belarrimotz edo kaskoin hitzak irakurtzea. Hitz ezinezkoen zerrendan daude, orobat, moro, mongol eta kafre. Baita maritxu eta atzelari ere. Saioa, hor dago. Ez da beti asmatzen, sarritan, kontzientzia hartzea izaten da-eta.

        Konparazio batera, ez da hori gertatu emagaldu hitzarekin? Orain dela urte batzuk, bai Euskaldunon Egunkaria-n eta bai Berria-ren aurreneko hilabeteetan, sarriago irakur zitekeen, lepazuri, maribideetako, neska txiki eta antzeko samur-xanoak baztertuta, puta eta prostituta maileguen aldean euskaldun zitzaigun emagaldu. Horrexegatik itzuli zen, esaterako, Garcia Marquezen azken eleberria honela: Nire emagaldu tristeen memoriak. Ohartu arte: galdu, non galdu da emakume hori ez bada Eliza Ama Santu Katoliko Apostoliko eta Erromakoaren begietara, eta esanahi moral, ideologiko batez beti ere? Hiztegietan agertzen dela? —berben mausoleo horiek!—. Baldinbaite. Emakumeen hilekoaren ordain astagaitz edo matxinatuarena erri-nasle ematen duten hiztegien zordun garen herrian bizi gara.

        Gizartean gutxi-asko eraginen bat duten esaldiak dira diskurtsoak. Eta beti da interesgarria testuon ekoizpenaren azpian dauden egiturak aztertzea. Hala erabiltzen ditugu gero, entzundakoaren arabera, adjektibatuta sarritan, eta hala osatzen dira ideologiak. Erreparatzea da. Aste honetan, Slobodan Milosevic-en heriotzaren karietara, zer hedabidek erabili du «diktadore» hitza, eta zergatik? Zergatik baliatzen da hainbeste gaztelerazko prentsan eta egundo ez euskarazkoan etimoz eta formaz ezin euskaldunagoa den etarra? Berria-k, noiz erabiltzen ditu, estilo zuzenean ari delarik, «terrorismo» eta «terrorista»? Bada hor, adibide txepelotan, azterketa sakonagoa merezi duen diskurtsorik.

        Hitzek diskurtsoa osatzen dutelako hartu zuen urte hasieran Bilboko jaun mera Azkunak Frantziako Barne ministro Sarkozyren sabel-anaiaren antza. Racaille han, delincuente hemen, gaizkile edonon. Horregatik beragatik, hainbat hitzek duen herdokagatik harritu bainoago, mingostu nau, shepherd-ak diren cowboy-en istorioak tentatuta, film laburpenak irakurtzen ari nintzela egunkari honetan, Syriana-renak: «CIAko agente batek ia bizitza osoa eman zuen herrialdez herrialde gaizkileen atzetik. Haren izena Robert Bauer zen» (letra etzana neurea da).

        Substantiboek, berez, ez dute prentsan adjektiboen arriskurik. Nabarmenagoak direlako, ez dutelako ustez besteen dotoreziarik, oro har aurrez ditugu baztertzen, duten esanahi edo graduagatik. Horregatik, ba al liteke nazioarteko orrialdeak analisi zorrotzez bereziki zaintzen dituen egunkari honetan, eta film baten laburpenean bada ere, CIAko Bauer gizajo honengatik, ezin naifago, «gaizkileen atzetik herrialdez herrialde eman du ia bizitza osoa» idaztea? Beste hainbat arlotan diskurtso propio zaindua duen egunkari honek, zergatik hartzen ditu ezdeustzat «horrela datozelako horrela ematen diren» arin itxurako kanoikada gaitzok?

        Gainera, eta AEBetako zerbitzu sekretuez ari garenez... Gaizkileen faktoria ez da euskal kazetaritzaren liburu zoragarri bat?

(2006-03-19)