Akastak
Ezagutzen ditudalako harrotzen zait eskua. Badakit liburu editoreari (idazlearen lana hartu eta dendarako bidean honi laguntzen dion izaki barratsu hori) nola estutzen zaizkion ezpainak liburu berria moldiztegitik jaso, eta gainbegiratua ematen ari zaiola, makurra aurkitzen duenean. Hogei segundoko isiltasuna, biraoa ahopean eta tentazio ezinezkoak: «Neuk erosiko dut edizio guztia». Kalean akastunik egon ez dadin, noski. Eta idazleari aitortzen ez badio ere, berak du penarik handiena, liburua berea ere baita pirrin bat. Hutsa agertzen delarik, idazleak obragatik sufritzen badu ere betirako zikin, editorea bere lanagatik da penatzen «ongi egindako lanaren pagua, liburuan sagua». Kanpora begira bata, barrura bestea.
«Ez zagok akatsik gabeko libururik», diost sarritan neureak. Eta gaztelerazko liburu bat erakusten dit, bosgarren edizioan artean sagua hilgabea duena.
Egunkarietan, beste era batera bizi da hau guztia, ez dago hondamendian egosteko astirik, bihar ere kalean egon behar baita. Eta hala doaz, akats tipografikoetatik harago, bata bestearen atzetik, hutsa hutsaren orpotik...
Jolas moduan eman daitekeena da ondorengoa. Ekainaren 20an, Almerian burutu diren Mediterranear Jokoei buruzko albistea El País-en: «El evento deportivo se ha celebrado dos veces en capitales africanas (Argel y Casablanca), cinco en capitales asiáticas (Alejandría, Túnez, Beirut y Latakia), y siete en ciudades europeas (Barcelona, Izmir, Split, Languedoc y Bari). Orain galdera da: zenbat hutsegite dago 34 hitzotan?
Adibide txepel honek laguntzen duelakoan nago egungo prentsa nola egiten den ulertzen, eta merezi du astiro joatea. Has gaitezen bada: 1) Casablanca ez da, nik dakidala, Marokoko hiriburua. 2) Ezta Alexandria ere Egiptokoa. 3) Alexandria, Egiptoko lurrik gehienak bezala, Afrikan dago, ez Asian. 4) Euskaraz Tunis eta gazteleraz Tunez deitzen dena bada Tunisiako hiriburua, baina ez dago Asian. 5) Latakia ondo dago kokatua Asian, portu handia da, baina ez da oraingoz Siriako hiriburu. 6) Izmir Turkiako hiria da, baina Bosforoaz bestalde, Asiako partean 7) Languedoc, domaia, ez da hiri...
Hainbat konbentzio zalantzan jar daitezkeela jakin arren (non hasten den eta non amaitzen kontinente bat, esaterako), uste dut esan dezakegula 34 hitzotan ageri diren 7 hanka sartzeak 3 akats nagusitan batzen direla 1) kazetariaren gaitasun eza geografian, 2) kazetariaren gaitasun eza hitzak bereizteko, eta 3) ezgaitasunen gaineko kontrol eza. Emaitza? Jabeen, editoreen eta langileen aldetik sinesgarria, ona eta kalitatezkoa izan nahi duen egunkari bat. Eta ez gara Berria-z ari...
Eta halarik ere, nago ez direla honelako makurrak sarrien egiten direnak (eta alea da hau esatea). Ni beste batzuek naute gehiago kezkatzen, hitzak, galtzerdiak nola, iruntzietara jarri eta hala, naturaltasun osoz ematen (eta luze gabe han-hemen errepikatzen) direnean. Aste honetan bertan, primerako adibidea Vocento faktorian. Asteazkenean, honako berri hau irakurri ahal izan genuen hala El Correo Español-en nola El Diario Vasco-n: «La insurgencia celebra con veinte muertos el aniversario del traspaso de poderes». Kazetariaren burua Iraken dago, eta menturaz, bi datu zituen egun horretan: bata, insurgentziak hogei lagun hil zituela, eta bestea, egun horretan bertan urtebete betetzen zela okupazio indarrek hainbat eskumen Irakeko gobernu berriari utzi zizkiola. Urtebetetzeek beti dakarte ospakizuna, eta hortik, jolas errazetik tira kazetariak, «Insurgentziak hogei hildakorekin ospatu du...». Egongo da zorroztasunik ezin uka dakiokeela esango duenik, berak jakingo du non ikusten dion halakorik, baina nik ezin burutik kendu kazetariaren ardura. Horra fribolitate onartezinez egindako titulua, egun oso onartua den bidetik, analogiaz ondua.
Euskal irakurleak, nola leitu zuen albiste hau? Hau eskaini zion Berria-k: «Boterea utzi eta urtebetera beste erasoaldi bat hasi dute okupazio indarrek». Prentsak bere-berea duen logika hori, berriro ere, irakurlea ondo zaildua egotera behartzen duena. Azpititulua hau zen: «Legebiltzarreko dekanoa, haren semea eta hiru bizkartzain hil dituzte eraso suizida batean». Zaildua egon behar, nola jakin bestela, tituluarekin bakarrik, ez direla okupazio indarrak azpitituluaren subjektua, hots, Legebiltzarreko dekanoa hil dutenak?
Dena den, azpitituluak bazuen bere garautxoa ere. Bada esaldi honetan besteen gainetik ageri den hitzik: dekanoa. Eta irakurleak oro har, ez du aurrenekoan ulertzen. Izan ere, zer da euskal irakurlearentzat dekanoa? Gazteleraz eta frantsesez oso ongi dakitenek baino ez dute erdietsiko azpititulua dagoen-dagoenean ulertzea. Batzuentzat, unibertsitateko kargua da dekanoa, hemen, garbi dagoenez, balio ez duena. Beste batzuentzat inoiz irakurritako esamolde eginetan baizik agertzen ez den berba da, eta hala, badaki El Diario Vasco-ri, adibidez, «el decano de la prensa guipuzcoana» deitzen zaiola, eta ondorioztatzen du, «denbora gehien daramana», beteranoena, edo halako zerbait. Proba egin eta interpreta liteke horrela: «diputatu gisa denbora gehien zeramana da hildakoa». Baina susmoa berriro: nola izango da denbora gehien daramana urtarril hondarrean osatu bada Irakeko Legebiltzar berria? Soluzioa, ez dator artikuluan bertan, baina bai interpretazioan lagunduko dion itzaltxo bat: «Dari Ali al Faiad xiita diputatu dekanoa zen 87 urte zituen Legebiltzarrean». Eta orduan irakurleak: «a! diputatu zaharrena zela!». Jo euskal hiztegietara, eta kale. Jo gaztelerazko etimologikora, eta han, zoko zain: «adinekoena». Zergatia azaltzen hastea, alferrikakoa ere bada dagoeneko. Hala eman da gainerako auzo hedabideetan, el decano gazteleraz, le doyen frantsesez, eta halaxe eman dugu guk, ongiegi jakin gabe zer esaten ari garen, ezen bestela, zergatik ez dugu behin bakar batean erabili orain arte etxekoekin? Edo badakigu nor den Nafarroako Parlamentuko dekanoa? Eta Paueko Kontseilu Nagusiko doiena? Eta Eusko Jaurlaritzakoa? Orduan, zergatik darabilgu ez bada imitazio hutsez? Eta betiko beldurrari erantzuna: informazioa euskaraz barik, euskaratuta ematen dugu. Eta amua ezpainetan: badakigu zer diogun?
Dekanoa zioen tokian, kasu honetan adintsuena, adinekoena, urtetsuena edo zaharrena erabili behar genukeen, bego eztabaidarako, baina azkenari dagokionez, badirudi adjektibo gisa eta superlatiboan errazago onartzen dugula izen gisa baino. Ahozkotik idatzira dagoen tarteaz ohartzeko balio izan zidan ostegun arratsean Berria-ko edizio digitalean sartzeak: «Zahar bat hil da Zurriolako hondartzan; beste bat Faltzesko igerilekuan». Gero, artikuluan 78 urteko gizonezkoa zela azaltzen zen, donostiarra, eta 73 urteko emakumezkoa bestea. Halako zartateko bat.
Zaharrak trapuak dira!
Eta ez zaharrik ez dagoelako (asteon, Hegoafrikari buruzko erreportajea egunkari honetan bertan. Bizi itxaropenari buruzko datuak: emakumezkoak 51 urte, gizonezkoak 45), substantibo gisa, oso markatua delako baizik. Hurrengo egunean, presaka albistearen bila: «Bi pertsona hil dira Kontxako hondartzan eta Falcesko igerilekuan». Azpildurako zorriaren patxadak hartu ninduen.
Horren ibili aldrebesetan dabiltzalarik hitzak, letren dantza jostariak, akast tipografikoa da gutxienekoa. Besteek beharko gintuzkete erne jarrarazi, xuxen-ek inoiz harrapatuko ez dituen itxura xuxeneko ele horiek guztiek. Analogiaz, kopiaz, itzulpen okerrez sorturiko horiek. Lan duintzat dudalako kazetariarena, editoreen penaz oroitu nintzen. Askotan, hauen laurdenaren laurdena nahiko nuke gure erredakzioetan...
(2005-07-03)