Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iñigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Harri eta Harry

 

Astelehena. Goizeko albistegia Espainiako telebista publiko eraberrituan. Euskal Herriko irudiak, «Guardia Zibilak gazte bat atxilotu du Bilboko Santutxu auzoan», azaldu du esatariak, «ustez ETArekin zerikusirik izan dezakeelako». Kazetariak badu gatibu hartutako mutilaren izena ere: «Jarri Totorika». Hala entzun zuten nire belarriek eta hala transkribatzen dizuet, ondo ari naizen ez dakidala, eta behartuta, gainera, ohar hau egitera: Jarri, bai, jamón bezala. Baina Harry Potter bezala, esan beharko nuke, bai, Clint Eastwoodek soina eta aurpegia utzitako Harry Callahan, Harry zikina bezala, azaldu beharko.

        Buruak nahi baino arinago egin zuen lana, ohituta: mutilak Harri izango dik izena, pentsatu nuen neure artean. Baina ez Harry, ez Harri, ordea. Arratsalderako, eta beste hedabide batzuetan bazkatu ostean, Santutxun atxilotua Haritz dela jakin genuen. Haritz Totorika. Abizena behintzat, ondo zegoen. Eta, egia esan behar bada, Espainiako entzuleari bost Harry, Harri, Herri edo Haritz den. Euskaldunak eta beren hatxefilia hori!

        Anekdota hutsa da, hala nahi duenarentzat. Aski adierazgarria, alabaina, eta guri bakarrik ez dagokiguna. Azken Europako futbol txapelketan, Bloque Nacionalista Galegok protesta egin zuen RTVEren jardueragatik, eta zuzentzeko eskatu Espainiako telebista publikoko kirol kazetariek Portugalgo jokalarien izenak espainolak balira bezala ahoskatzen zituztelako.

        Soraiokeria honek mundua ikusteko era are zabarragoa du gibelean. Lehen, frankismo narrasean, barre txikiak ere ebasten zizkiguten Andoaín eta Beasaín esaten zuten zuri-beltzeko telebistako talking head ilun haiek. Badira urteak Franco hil zela, ordea, eta euskarak (euskal hitzak zuzen ebakitzea, besterik ez) sasi arte zarratu, itsu, zeharkaezin izaten segitzen du.

        Gero, noski, grazia egiten dizu El País-en Babelia gehigarria hartu eta Gabriel Arestiz idazten direnak irakurtzen dituzunean. Hainbeste ez dela, azkena. Aresti «nazionalistak» bahitzen ari direla gaztigatzen zuen, Luis Maria Ansonek maite izan duen legez, ohiko sinaduretako batek. Eta zalantzarik egon ez dadin, ez harri eta ez Harri, bakandua, deskontestualizatua, hainbagarrenez, Arestik Tomas Meaberi eskaini zion poema hura:

 

                Cierra los ojos muy suave,

                meabe,

                pestaña contra pestaña.

 

                Solo es español quien sabe,

                meabe,

                las cuatro lenguas de España.

 

        Eta taka, garai bateko Krutwigen hasperen sakonak imitatu nahian ibili den albistegiko kazetariagana gogoa.

        — Azkenean egia izango duk Larramendirena! Euskalduna benetako espainol bakarra. Ez balitz gainontzeko euskal herriengatik!

        — Haiek ere bai, moteil! Guk frantsesez baino hobeto egiten ditek espainieraz!

        Erruki dut telebistako neska. Espainola dela pentsatu eta auskalo zer den.

        Gaita ederrean har daiteke, edo ozpindu. Bi aste ez dira insomnio gau hauetako batean, Radio Euskadi piztu nuela. Beti-betiko bat, Florencio Torre Lledo ari zen, erredakziora heldutako gutunak irakurtzen. Gipuzkoako Alegian, Txintxarri egunaren kariaz urriaren 24an egitekoa zen kontzertuaren berri ematen zebilen, edo. Espainiako telebistako esataria baino okerrago, ordea, Alejía gora, Alejía behera, etengabean. Nire gaitzak baino diagnosi errazagoa zuen harenak: ez daki irakurtzen.

        Hainbeste ez dela, Espainiako irrati batean, Donostiako Zinemaldiaren bueltan, beste euskal herritar bat, Carlos Sobera, beti bezain irri eragile, zinema hitza ez dakit zenbat hizkuntzatan esaten zekiela erakusten irratikoari.

        — Euskaraz ere badakit, Soberak.

        — Eta nola da?, esatariak.

        Cinema.

        Berriro ere, ahoz eman zuena nola idatzi ez dakidala, baina zambomba kontzertua baino mingarriago.

        Horrela gaude. Hauxe gara. Euskal Erdiko politikoak Gernikako autonomia estatutuaren 25. urteurrena ospatu ez ospatu dabiltzala, baieztapenik gaitzena. Ez batzuei ez besteei, inork ez die (ezta Aznarren ingelesaz eta Luis Campoy nafar kontseilariaren «Euskadi irradiaren» kontura tripak lehertu beharrean dabiltzan kazetariek ere), gutxienekorik erakutsi euskal hitzak nola ahoskatu. Arratsalde bateko lana.

        Nahi gabe, baina nahi ez delako.

(2004-10-31)