Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iñigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Atari zakurrak

 

Leher eginda heldu ziren kazetak igandera. Baita sozialistenak ere. Espainian, iragarpena egin behar eta, etsita El País: «El descontento dispara el no». Azpitituluak ondorengo egunetan erabiliko diren arrazoibideak batzen zituen: «El malestar contra la política del Gobierno de Chirac se consolida en amplias capas de la sociedad». Frantzian berriz, usu graziaz eta zorrotz erabili izan dituen tituluak bazter utzi, eta umorerik gabeko xantaia zuzenera bultzatu zuen irakurlea Libération-ek. Azalean, dado bi. Batean, non irakur zitekeen. Bestean, oui. Eta titulua, zein bestela, hau: «L'Europe en jeu». Hurrengo egunean, herritarrak kasinora joan ziren. Emaitza, iragarritako bera. Eta L'Humanité-k: «Le peuple dit NON à l'Europe libérale». Eta Iruñeko Diario de Noticias-ek: «Sí a Europa» (Osasuna futbol taldeaz, noski).

        Astelehenekoa, tituluena baino, editorialen eguna izan zen, baina. Espainian, traiziotzat jo zen erreferendumaren emaitza. Nazionalismorik mingotsenak adjektibazioaren liluramendura jo zuen atzera ere. El Mundo aho bizarrik gabe aritu zen: «El inmovilismo egoísta francés, un drama para Europa». Ondo ezagutzen dituzte auzoak: «Ello ha acentuado la natural tendencia de los franceses al inmovilismo más egoísta, a la cerril defensa de sus privilegios y de un sistema de protección social que no pueden sostener». ABC, aldiz, Nikolas I.a tsarrak harako hartan Turkiaz esandakoaz oroitu zen: «El enfermo de Europa».

        Espainiako eskuineko egunkariek «emaitzaren porrota» frantsesei (oro har guztiei, lehen «gabachos quemacamiones», orain «arrasamares») egotzi izan dieten artean, aurrerakoiagoek ezetzaren diagnosi psikologikoari ekin diote. Hala, larunbatean iragarritakoa baieztatu baino ez zuen egin El País-ek aste hatsarrean: «El miedo y el descontento lograron el 'no'». Bide honetan, bazuen norekin ibili. Astelehenean bertan, zuzendariak, Serge July-k sinatzen zuen Libération-en editoriala (eta erants dezagun: Le Monde-n garai batean Beuve-Mery-k eta orain Jean Marie Colombani-k bezala, «egun handietan» baino egiten ez duena). Hasierak, aldarri poetiko baten ezaugarri guztiak ditu: «Ce sont des cris de doleur, de peur, d'angoisse et de colère que l'électorat de gauche a poussés dans les urnes, à l'occasion du réferéndum, face à la course folle du monde et face à l'incurie des hommes qui nous dirigent depuis plus de deux déccenies». Beldurra, nahigabea, eta min, izu, herio eta gorroto oihuak... horra, El País eta Libé-ren ikuspegitik, nonisten psikologia. Aste honetan behin eta berriro errepikatu zaizkigun hitzak dira, ezetza uler dezagun.

        Eta hona gaur egungo prentsa idatziaren ezaugarrietako bat. Bektore nagusiek barik besteek irabazten dituztelarik bozketak, beti dago justifikazio gisa erabil daitekeen argudioren bat: «bestea» ez da bat, elkarrekin zerikusirik ez duten faktore txiki askoren pilaketa baizik. Normalean, irrazionala dena, arrazoizko botoa eman beharrean suminaren eta bihotz-ukaldiaren hautua egin duena...

        Frantziako kasuan, bi izan dira prentsa aurrerakoitik bota diren harriak: bata, Le Pen-en aldekoen bozik gabe, ez zukeela ezkerraren ezetzak irabaziko; eta bigarrena, Europako Konstituzioari baino, Chirac-en gobernuari bota zaiola harria. Bestelakoak ere erantsi zaizkie, esaterako hiriek (modernitateak) baietz esan dutela, garbi; eta landa herriak (hots, xuriak, karlismoak) izan direla ezetzaren alde agertu direnak. Oro da urre, bestearen botoari zentzutik, arrazoitik eta erabaki hotzetik izan dezakeena kentzeko. Hirietan baietza atera dela esaten duenak hirietako banlieueetan ezetza nagusitu dela ezkutatzen du, nahita. Eta esan gabe doa, baietzaren boza, ezetzarena ez bezala, ondo pentsatua izan da, heldua, batua, narea eta «oihurik gabea».

        Libération-en parioak ez gintuzke, ordea, harritu behar. Urtarriletik, Edouard de Rothschild du akzionista nagusi. Eskuin aristokratikotik heldu zitzaion hatsa enpresari: 20 milioi euro. Makinistak, kontra agertu ziren. Erredaktoreak, alde. Administraziokoak eta komertzialak, berriz, erdi eta erdi. Gaur egun, egunkariaren %37ren jabe da Rothschild. Akziodun beteranoek, 1973an Sartrerekin batera egunkaria abian jarri zutenek, ehuneko hamahiru baino ez dute. Business is business, mon ami.

        Serge Julyren metamorfosia ez da oraingoa. Lekutan dago maoista zen garaia. Eman diezaiogun hitza Serge Halimi kazetari eta idazleari: «1993an, ez harrokeriarik gabe, Laurent Joffrin, Libération-go egungo erredakzio buruak, zera zioen, Jean Paul Sartrek obraturiko egunkariak bere sortzaileak bilatu ez zuen helburua iritsi zuela: 'Ezkerraren barruan, kapitalismoaren garaipenaren tresna izan ginen'».

        Les nouveaux chiens de garde deitzen da Halimiren liburua, alegia, atari zakur berriak. Ez da izen txarra gaur egungo hedabideen panorama deskribatzeko. Izenburuak, berez, Sartre eta Aron-en ikaskide eta lagun izan zen Paul Nizan-en liburu bati egiten dio keinu. Nizanen beraren aipua berreskuratu nahi izan du Halimik liburu hasieran: «Ez dugu onartuko beti-betiko filosofoen mozorroari zor diogun begirunea, azkenean, soilik bankarien boterearen probetxurako izatea». Profeziak zer diren.

        Ez da, ez, Sartre bizi izan balitz Europako Konstituzio honetaz zer esango zukeen edota Libération non zegokeen pentsatzen hasteko garaia (aurten mende bete hirurak jaio zirela). Hemen, antzeko galderak egin izan dira Aresti edo Rikardo Arregi ekarri direnean gogora. Hildakoek abantaila hori dute: izoztuta gelditu dira biziko bagara mugitzen segitu behar dugunontzat.

        Ardura gaitezen beraz, bizidunez, badago zertaz-eta. Bai gauche caviar-aren diskurtsoaz, baina baita etxekoaz ere. Asteazkeneko Matraka gehigarrian, marrazki ezin koloretsuagoa hirugarren orrialdean. Ezkerrean, frantses bandera bat, gainean oui duela. Eskuinean, larre berde, etxe zuri, teila gorrizko ikurrina, letra larriz idatzitako EZ handi batekin. Sinatu gabeko marrazkiaren interpretazioa, ez oso azkarrentzakoa ere: «Frantziak baietz esan duen bitartean, Euskal Herriak ezetz esan du».

        Banderen gerrak mozkortuta, horra umore bako bi gezur, bata bestearen atzean, zein baino zein handiago. Baliteke, gertatu dena gertatuta, baten batek horrela irakurtzea errealitatea? Marrazkia egitea bat da, baina nola liteke egunkariko barne kontrol guztiak pasatu eta dagoen-dagoenean kaleratzea? Zer gertatzen da, hemen ez bezala, ezetza lortu duten frantsesei poz txiki hori ere ez opa izateko? Ez dugu ezker hori filmetan ikusi, liburuetan irakurri? Ez ditugu inon ezagutu?

        Maite dugu abertzalekeria.

(2005-06-05)

 

Ostekoa:

Serge Julyk 2006ko ekainaren 30ean eman zuen agurra, Libération-en bertan: «Pouquoi je quitte 'Libération'».