Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iñigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Zoofilia

 

Egun batez, euskaldunik baizen ez den lekuan, sartu da andereñoa gelan, ekarri du solasak, izan da perpausa, behorra zer den galdetu duela. Berehala altxatu dira atzamar batzuk, jakinekoak.

        — Ea, azaldu guztioi zer den bada behorra —agindu dio aurreneko ilaran eseritako triku iledun mutikoari.

        — Behorra? Zaldiaren andrea!

        Andereñoaren diagnosia: ez dakite emea eta arra hitzak erabiltzen.

        Egun berean, irratia entzunez etxera doala, elkarrizketa zaldizain bati. Txukun ari dira. Bukatu aurretik, ikasgelara itzuli da: «behor bat haurdun» omen du zalditegian. Halaxe errepikatu du, ez zuzentze aldera, esatariak estudiotik. Behorra haurdun.

        Antzeko pasartea irakur dakioke Bernardo Atxagari Post tenebras spero lucem ipuinaren aurreneko edizioan, 1982an Jakin aldizkarian argitaratu zen hartan:

        «Mugatseko morroi ttikia Afrika berrosatzen saiatzen da. Luze gabe, egin nahi duenaren ezinaz oharturik, negarrari eman dio. Eta negarrez segitzen du maistrak zutik jartzeko esan dionean:

        — Nola kalkulatzen da poligono erregular baten area?

        Mugatseko morroi ttikiak bizkarrarekin erantzun du: ez daki. Zer da perimetroa? —berresten dio maistrak pazientzia galdu nahi ez duenaren maneraz. Eta segidan: zer da apotema?

        — Apotearen ama!

        Eta eskolako atea irabazten du negarra eta algara nahasten zaizkiolarik aurpegian. Adiskideek koreatu egiten diote txistea».

        Bi pasadizoak, behorrarena eta zerramarena, itxuraz elkarren antzekoak badira ere, oso mundu bestelakoak dituzte gibelean. Bigarrenak, eskertzekoa den umoreaz gain, pertsonaien eguneroko martxari loturiko logika du. Maistrak umeek ulertzen ez duten lexikoa du; horren aurrean, jakinik zuzena ez dela, norberaren munduaren aldarria izan nahi du Mugatseko morroi ttikiaren erantzunak. Gainera, zaldiak emazterik ez, baina apoteak badu ama.

        Lehena, berriz, hagitzez baldarragoa da. Ez dago ez umorerik ez bi logika horien arteko norgehiagokarik. Askoz erreago, idortuago, pobreagoa da guztia. Ez da hitza ez jakitea, errealitatea izendatzeko berbak dira bidean galdu direnak.

        Antzeko bareak heldu zidan oraintsu arte Donostiako Aquariumean bizi ziren bi marrazoen, Txuri eta Urdin-en istorioa irakurri nuenean. Senar-emazteak 1998a geroztik (ez asaldatu, hau nirea da), orain Txuri, arra, triste dabil. Azpitituluan garbi azaltzen da zergatik: « 'Urdin' marrazo emeari eutanasia (sic) egin zioten asteazkenean, sendabiderik gabeko gaixotasuna baitzuen; Herbehereetatik beste bat ekarriko dute». Barruan, azalpena: «Hala, marrazoak gehiago sufritu ez zezan, denbora luzez pentsatu ondoren eta erabakia zaila izan arren, eutanasia egitea erabaki zuten».

        Susmorik beltzenak hartu ninduen: eutanasia ez da hutsetik sortua, kopia da, lehenagotik beste nonbaiten horrelaxe aterea. Gara-k, gazteleraz, halaxe emana zuen albistea: «... sometido a eutanasia porque padece una enfermedad degenerativa sin posibilidad de mejoría». Digitalitateak ez zuen salbatu, Eitb24 webgunean ere, halaxe zekarren: «Aquariumeko Urdin marrazoari eutanasia egingo diote». El Diario Vasco-k eta El Correo Español-ek ostiralean eskaini zioten orri bete bana: «A 'Urdin' le analizaron la sangre, le hicieron radiografías y ecografías. Los resultados eran atroces: padecía un proceso crónico e iba a peor. Las últimas pruebas fueron concluyentes. 'Algunos parámetros, como las encimas musculares, eran bestiales', comenta Martínez de Murguía. Fue entonces, y tras consultar con expertos a nivel internacional, cuando se tomó la decisión de someterlo a una eutanasia con el fin de no prolongar su sufrimiento».

        Hahor tumorearen arrazoia, pentsatu nuen. Itxura guztien arabera, albaitariek mundu garatuan egun normal darabilten kontzeptua da animalien eutanasiarena. Lardaskan aritu naiz, aurrekari bila. 2005eko urtarrilaren 29an aurkitu dut bat, El Correo Español-en: «Aplican la eutanasia a un gato arrollado». Zaharragoa Le Monde-n, irailean: «Alerte à la rage; l'euthanasie des chiens errants est provisoirement suspendue». Euskarara heltzerako, bidea egina zuela, alegia, auzo hizkuntzetan.

        Nahikoa da hiztun txukun antzekoa izatea jakiteko animaliak, pertsonak bezalaxe, euskaraz, hil egiten direla. Okelatarako badira, baita pikatu edo harakeikatu ere. Etxekoak ez diren piztiekin, akabatu erabili ohi da, edo kalitu, edo garbitu, edo zipertu... Hala, harrika akabatu dugu sugea, baina etxeka zerria hil egin dugu, ez garbitu. Honaino hiztunaren logika.

        Logikatik kanpo, umorea, literatura. Aizarnazabalgo baserri batean, aita eta etxeko astoa hil omen ziren egun berean. Korrika batean joan zen semeetako bat anaiarengana.       

        — Zer duk?

        — Aita akabatu zaiguk eta astoa hil!

        Baina horrelako koskarik ateratzeko asmo zipitzik ez duen albistean, prentsaren erregistro zapalaz ari garelarik, ematen du zer pentsatua marrazoari eutanasia egin diotela irakurrita. Alde batetik, gure ergeltasunak zilarrezko adarra merezi duela, diploma eta guzti. Animalia gaixorik dagoelako hil behar denean eutanasia egin zaiola esatea, irrigarria behintzat, bada. Konparazioengatik, diot. Eta baserriko zakur zaharra mendira eramaten ikusten duzu, pinudian gorde diren arte. Hamabiko handiaren danbateko bi gero, eta hor dator etxeko jauna, begiak beteta:

        — Listo, egin diot eutanasia Pinttori.

        Bestetik, arrunt larriagoa, hor erakusten dugula zein den gure pentsaera, gure mundu ikuskera. Eta benaz, ez da harro egotekoa. Eutanasiak, nik dakidala, bat du oina: gaixoaren duintasuna eta borondatea. Gaixotasun sendaezin baten atzaparretan, duintasunez bizi ezin eta gaixoak berak eskatuta, orduan esan ohi dugu erabili beharko litzatekeela, erabiltzekotan, eutanasia. Gaixotasun sendaezina zuen Urdinek, baina oker ez banago, marrazoa zen. Duintasunagatik ez, ikuskizunagatik hil baitute. Ez da polita ez emea, ez arra, ez gaitz sendaezina hitzak ezagutzen ez dituzten umeei marrazo eria erakustea kristalaren bestaldean...

        Prentsak badu hor ardurarik. Hitzaren gerizpeak dira hauek azkenean: hitzalak. Eutanasia honi deitzen badiogu zail izango zaigu, garaia heltzen denean, eutanasiaz hitz egitea, beti esan nahi izango baitu errukiz hiltzea. Borondatetik eta giza duintasunetik duena kenduta, eta bestek erabakitako zerbait izan baliteke, badaude egon, nahi izatera, titulu ganberro askoak, umore faxistatzat har daitezkeenak. «Eutanasia soziala» kontzeptua erabilita, esate baterako, meninos da ruaz ari garelarik. Baina isil nadin, Madrilgo Auzitegiko Guevara epaileak esango zukeen bezala, «beharbada pistak ematen ari naiz-eta...».

(2005-03-06)