Hizlandia
Hizlandia
2006, saiakera
224 orrialde
84-95511-89-4
azala: Xabier Gantzarain
Iñigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Lastoa eta bihia

 

Bi narratibak, prentsarena eta literaturarena, ez dira elkarren senide baino. Begi eman, eta antzekotasun handiak dituzte, diferentziak beste; eta nago, azkenaldian, ez ote dituzten kezka nagusi batzuk ez antzekoak eta ez diferenteak, baizik eta berberak.

        Narrazio literarioak, prentsak ez bezala, bakardade harremanetara garamatza. «Eleberri bat idazteak hori esan nahi du, muturreko eite horretan, giza bizitzaren azalpenean, neurtu ezin den hori azaltzea», irakurtzen diogu Walter Benjamin-i. XIX. mendean, prentsa eta eleberri burgesa elkarren orpoz orpo dabiltzalarik, Parisko erredakzioak idazlez bete dira. Garbi utzi nahi da bien artean dagokeen aldea: kontatzeko era berriaren ardura ez da esperientzia, informazioa baizik, berehala egiaztatu beharreko albistea. Eta egunkarietan egiten dena kontatzea bada ere, erredakzioetan idazten diren berriek ez dute dagoeneko fikzioaren lilurarik. Albisteak azalpenez janzten dira, testuinguruak eskura eskaintzen dira, kodifikazio tresnak bezalaxe; hau da, interpretatzeko aukera moztu eta era bakar batean ulertzeko ematen da prentsa-narrazioa. Horra kazetariaren lanbidea.

        Bizitzan parte hartzeko bi era ere badira azken batean. Informazioak subjektibitateari itzuri egiten dion artean, narrazio literarioan idazlearen arrastoak dira nonahi azaleratzen direnak. Ondorioa baino ez dugu falta: irakurleak ere, hortaz, berak izanagatik, ez dira berdinak izango. Horra zergatik deitzen diogun literatura: arte plastikoetan eta zineman bezalaxe, kontatzen dena norberaren baitan berregitea da narrazio literarioaren funtzioetako bat, distantziak banatzen dituen sortzailea eta irakurlea esperientziaren bidez lotzea. Hari bat hemen, beste bat han, ez guztiak nahitaezko.

        Gaur zortzi, Koldo Izagirreren gogoeta Berria-k argitara emandako elkarrizketan: «Valeryk esan zuen, oker ez banago, euria ari duela adierazi nahi badugu, onena dela euria ari duela idaztea. [Jose Luis] Otamendik ['Koldoren itsasoa ez da itsasoa' esanda] beste koxka bat igo du Valeryrena. Lan literario bati buruz esaten badugu euria ari duela irakurri dugula, bitatik bat: edo ez dakigu literatura irakurtzen, edo irakurri duguna ez da literatura, meteorologia baizik».

        Soberan dagoena garbitzearen kezka honetaz, beste adibide didaktiko bat urtarrilaren 27ko Gara-n aurki dezakegu, Josu Martinezek Izagirrek berak Bilboko Santutxu auzoan emaniko hitzaldiaren kronikan: «Pentsa dezagun metafora batean, esate baterako: 'Izarrek loreak dirudite zeruko soroan'. Hor zer dago soberan? Batetik, noski, zerua. Izan ere, izarrek zeruan egon behar dute derrigor. Beraz, 'Izarrek loreak dirudite soroan' daukagu. Soroa ere soberan dago, loreak soroan baino ez daudelako; 'Izarrek loreak dirudite' dugu beraz. Baina 'dirudite' hori XIX. mendea da ia, Lizardirekin bukatu zen hori, beraz kanpora. Zer gelditzen zaigu orduan? Izarrak eta loreak. Eta nola esango genuke hortaz hasierako hura?». Entzuleentzako zen galdera, eta isiltasun une baten ostean etorri da erantzuna: «Izarrak loretan».

        Lastoaren eta bihiaren auzia eta kezka, elkarren senide diren horrekin, bistan da, ez da idazleena soilik. Hainbat prentsa langile ere, hala dabil, hori duela begiko fitsa. Ez alferrik, idazleak bezalaxe, hitza baitu lanabes. Aste honetan bertan, Maribi Ugarteburu kazetariak Info7 irratian egin kolaborazioan, Izagirrek aipatutakotik kardaba berak ere, ea ez ote den prentsan —batez ere irratigintzaz ari zela ulertu nion Ugartebururi— gaitz bera, ea ez ote diren asko soberakoak eta betelanak, ez ote den astun irrati orologoek eta kazetariek eguneroko jardunean darabilten gainezko hori, haborokina, burrusta.

        Albistegietan betelana haziz doalakoa, ez da berria. Espainiako telebistetan aspalditxotik darabilten teknika da, ustez emaitza onekin, hasierako sumarioan, hogei minutu geroago osorik, eta ahal bada kamera geldituz, emango dizkizuten irudi ikusgarriak iragartzea. Gaur Miamin izaniko polizia autoen ibilaldia izan daiteke, ustezko gaizkile negro baten atzetik; bihar, zezen beltzak Auskalandian ikusle artera eginiko jauzia, jendearen oihu, txilio, kirruxkada eta guzti. Etzi, beti interes informatiboa duen lapurreta bat Shakopee, Minnesotan. Eta Etxauriko gereziak nola, sasoian, Milango moda erakustaldiko modeloari soinekotik askatu zaion titi gorriak, berriz, bonba-auto baten indarra hartzen du.

        Ez gaitezen, dena den, gaiztotu. Ez da-eta egia osoa beti morbo bila ari delakoa. Euskarazko albistegietan, nahikoa dugu elur maluten lehenbiziko deia edozein albistegi Pagozelain hasi eta Pagozelain jarraitu eta amaitzeko.

        — Baina hala da, horrek ardura dio, ez Filipinetako ez-dakit-zerk!

        Betegarrien salaketatik harantzagokoa izan nahi luke purrustada honek, ordea. Orrazi estuagoa behar du, inondik ere, irudiari barik hizkuntzari pasatu behar zaiona. Eta ez naiz, damurik, gramatikaz ari. Errepara diezaiogun, esaterako, eguna joan eta eguna etorri irakurtzen ohitu garen esaldi horietako bati. Izagirrek narrazio literariorako proposatutakoa iritsi gabe, eta etxeko adibide bat jartzearren, «Antonio Serrano espainiarrak eta haren emazte Natalia Azpiazu donostiarrak omenaldi beroa jasoko dute» honek, ez du lasto izpirik? Esaldiak bidean jartzen gaitu gainera.

        Gauzak egiteko manera baten ate izan da kirol kazetaritza. Irratiaren nahiz telebistaren indarra imitatu nahi du, nahi gabetanik bada ere, usu prentsa idatziak. Zerrenda nonbaitetik hasi behar, eta hor ditugu, konparazio batera, geroa nolakoa izango den iragartzen diguten albiste horiek guztiak. Espainiako egunkaririk salduenean, Marca-n, Valentzia-Bartzelona partidaren egunean, azalean, bihia bera lasto: «Partidazo». Bai, bai, jokatu aurretik! Futbolarekin jarraituz, Gara-n, Txapeldunen Ligako final zortzirenen lehen kanporaketa kari: «Arrancan unos octavos de final espectaculares». Hemen ere, nola dakigu final zortzirenak «ikusgarriak» izango direla? Urrutira joan gabe, kazeta honetan bertan, oso etxekoa da egitura hau. «Ikusgarria izango da» Zornotzako Nazioarteko Krosa, «ikusgarria» jokatzeko dagoen Portlanden partida eta «ikusgarria» Ostolaza eta Irigoienen arteko neurketa harri jasotzen. Kirolez landa, «ikusgarriak» izatekoak ziren, aurrez halaxe gaztigatuta, musika eta poesia emanaldiak Andoainen eta baita dantzaldiak ere Mutxiko egunean. Lagintxo bat besterik ez da. Denborarekin osatu eta errekara bota beharreko hiztegi horretako aurreneko apuntea. Izan ere, bere kode propioa duelako, ez dira hain juxtu «beroa» eta «ikusgarria» bezalako adjektiboez eginiko klixeak prentsa idatzian komunikazioa bera ezereztatzen eta kazetariaren hizkera loratarazten duten lasto, soberakin eta betelan horiek?

(2006-02-26)