Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Komediantearen aldarria, Jokin Oregi
5. Naziak boterera. Txiste politikoa
Patxo Telleria: azkeneko marxista, Oier Guillan
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Komediantearen aldarria, Jokin Oregi
5. Naziak boterera. Txiste politikoa
Patxo Telleria: azkeneko marxista, Oier Guillan
16. Amaiera
FINCK: Grünbaum bere buruaz beste egiten saiatu zen gau hartan. Ez zuen zorte onik izan.
(fincken kanta hasten da.)
FINCK:
Aspaldi zen gertatu horko laztura
eta munduak badu orain beste itxura,
baina garbitzaileak ez dira joan,
gure artean daude beste mozorroan,
etengabe ari da bizitzaren gurpila
gupidagabe biraka ahulenaren bila.
Gerron, Grünbaum, zer esango zenuten
jakinez gero zer egiten duten
zuen anaiek ekialde hurbilean,
Jainkoak agindutako lurrean?
Jarriko zineten ahularen alde?
Bizia jokatuko zenuten berriz debalde?
Munduak aldatu arren bere itxura
barre egitea indartsuaren kontura,
Grünbaum izan, Gerron edo Aresti,
ordaindu egiten da eta garesti.
(Hasierako koristak dira, ikusleekin solas alai arinean. Txarteltxoak banatzen dituzte.)
KORISTA 1: Baina bukatu baino lehen, goazen sari-banaketarekin!
KORISTA 2: Onespen keinu apalenaren saria zuretzat da! Puntu bat. Zergatik seriotasun hori? Ez dituzu gure txisteak ulertu? Lasai, hurrengoan zure mailara jaitsiko gara.
KORISTA 1: Irribarre xaloarena ikusle jator honentzat. Bi puntu. Ez da gehiegi dibertitu, baina etxean duen panoramarekin konparatuta, hau zerua da!
KORISTA 2: Txalo zaparradaren saria ikusle zoragarri honek irabazi du. Eskuak oraindik gorri ditu. Milesker, palmero bat behar dugunean zurekin gogoratuko gara.
KORISTA 1: Barre sanoaren saria ikusle maitagarri honentzat da. Milesker.
KORISTA 2: Eta bost punturekin, sari nagusia, barre algara ozenarena, ikusle harrigarri honentzat. Zorionak.
(finck begira egon da, hasieran haserre samar, baina bukaeran amore ematen du.)
FINCK: Arrazoi duzue, zer arraio. Ondo pasatzera etorri gara, barre egitera! Ahaztu esandakoa. Istorio horiek iraganeko kontua dira. Ez dira berriro gertatuko.
(koristek barre egiten dute.)
FINCK: Gizakumeak lezioa ikasi du azkenean.
(koristek barre egiten dute.)
FINCK: Arrain handiak ez du jada txikia jaten, ez Berlinen, ezta Palestinan ere.
(koristek barre egiten dute.)
FINCK: Inor ez doa kartzelara botereari iseka egiteagatik.
(koristek barre egiten dute.)
FINCK: Beraz, ahaztu kezkak, ireki xanpain botilak, eta inguruan dena erortzen bada ere, heldu zure kopari eta gogoratu mundua ez dela bukatuko, barre bat entzuten den bitartean.
(korista biak eszenatokira igotzen dira, barre algaraka.)
(Azken kanta hastera doa.)
FINCK, KORISTA 1 eta KORISTA 2:
Gerron eta Grünbaum
berandu datoz antza,
izan dutelako
istripu bitxi bat.
Izan ere, ez duzue sinistuko,
gaseatu dituzte
txisteak kontatzeagatik.
Eta aitzakia merkea badirudi ere
ni sinisteko prest nago
beti izan baitira
hitzaren jabeak.
Gerron eta Grünbaum
berandu datoz antza,
izan dutelako
istripu bitxi bat.
Dutxatu dituztelako
gas hilgarriarekin.
Ta inbidiosoren batek
jelosiak jota agian esango du,
ondo merezia zutela,
komiko txarrak zirela.
Gerron eta Grünbaum
berandu datoz antza,
izan dutelako
istripu bitxi bat.
Izan ere gas ganbera horretan
asfixiatu ondoren,
esan didate eta sinisten diet,
sinisteko zaila den arren
gero labean kiskali dituztela
komikorik gogorrenak ere
jasango ez lukeen
tenperaturarekin,
eta gero
tximinia luze batetik gora
igo direla
materia gaseoso bihurtuta.
Eta badakit
sinisteko zaila dela
baina nik sinisten diet.
Beti izan direlako
hitzaren jabeak.
Gerron eta Grünbaum
berandu datoz antza,
izan dutelako
istripu bitxi bat.
Gerron eta Grünbaum
berandu datoz antza,
eta hala ere gau on
opa dizuete.
Amaiera