Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Komediantearen aldarria, Jokin Oregi
5. Naziak boterera. Txiste politikoa
Patxo Telleria: azkeneko marxista, Oier Guillan
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Komediantearen aldarria, Jokin Oregi
5. Naziak boterera. Txiste politikoa
Patxo Telleria: azkeneko marxista, Oier Guillan
8. Grünbaum
GRÜNBAUM: Nire azken ekitaldia kabaret batean 38ko martxoan izan zen.
(Teloiaren zirrikitutik burua agertuz.)
GRÜNBAUM: Teloia ireki nuen, eta eszenatoki ilun eta hutsa agertu zen. Eta esan nuen: “Ez dut ezer ikusten. Ez dago ezer. Kultura Nazional Sozialistaren eremuan nagoela uste dut”. Biharamunean Dachaura bidali ninduten.
FINCK: Bizirik irtendako batzuek diote han antzezten jarraitu zenuela, esparruko presoentzat.
GERRON: Kontsolamendu pixka bat eskaintzeko, hainbesteko minaren artean.
GRÜNBAUM: Ez nintzen ni bakarrik. Komiko asko zeuden esparruan. Eta ez genuen bakarrik presoentzat antzezten. Batzuetan presozainentzat ere.
FINCK: Nola egin daiteke komeria zure borreroentzat?
GRÜNBAUM: Erraza da, modu egokian motibatzen bazaituzte.
(Pausa.)
PRESOZAINA: Barre egin nahi dugu, Grünbaum. Hobe duzue guk ondo pasatzea; bestela zuek oso txarto pasatuko duzue.
FINCK: Kontatu nola moldatzen zinen haiei barre eginarazteko.
(grünbaum publikoari zuzentzen zaio.)
GRÜNBAUM: Umore mota bi daude, jatorra eta zitala. Umore jatorrak boteretsuen kontura egiten du barre. Umore zitalak, ahulen kontura. Borreroentzako antzezpen haietatik onik irteteko, umore zital eta krudelena baliatu behar genuen.
(Eszenatokia prest dago jada.)
GRÜNBAUM (publikoari): Bosch izozkailua despentsa umel eta zikin bat da orain. Bertan, borreroek bereziki arbuiatzen duten giza talde bat bizi da: buhameak, zingaroak… Ijitoak.
(grünbaum irtetera doa baina bueltatzen da.)
GRÜNBAUM (publikoari): Zuek ere baduzue rol bat eszena honetan. Ez zarete gaur eta hemengo ikusleak. Dachauko presozainak zarete, eta artista talde bat saiatuko da zuek dibertiarazten. Ze erremedio!