Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Komediantearen aldarria, Jokin Oregi
5. Naziak boterera. Txiste politikoa
Patxo Telleria: azkeneko marxista, Oier Guillan
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Komediantearen aldarria, Jokin Oregi
5. Naziak boterera. Txiste politikoa
Patxo Telleria: azkeneko marxista, Oier Guillan
3. Gerron eta Grünbaum
FINCK: Simplicissimus-en nahasten dira ongia gaizkiarekin, zuria beltzarekin, zintzoa maltzurrarekin.
KORISTA 2: Atzo bihar izango da!
KORISTA 1: Datorren astea aspaldian izan zen!
FINCK: Kontatuko duguna gertatu zen, gertatzen ari da eta gertatuko da.
KORISTA 1: Homo sapiens-ak ez baitu bere akatsetatik ikasten.
KORISTA 2: Basakeria modan egongo da beti.
FINCK: Beraz, ez zaitzala itxurak nahastu: istorio hauek ez dira historia.
KORISTA 2: Gaur egun gertatzen ari dira berriro ere, beste nonbait…
KORISTA 1: …beste protagonistekin.
KORISTA 2: Tokia eta protagonistei buruz ari garela, non gaude?
FINCK: Hemen. Eta baita Berlinen ere.
KORISTA 1: Eta noiz gaude?
FINCK: Orain. Eta baita Lehen eta Bigarren Mundu Gerren artean ere.
KORISTA 1 eta KORISTA 2: Eta nor gara?
FINCK: Berlingo eszenak ezagutu dituen komikorik bikainenetako bi.
KORISTA 1: Gu?
KORISTA 2: Komiko ospetsuak?
FINCK: Ez duzue gogoratzen?
KORISTA 1: Hainbeste denbora pasatu da...
KORISTA 2: Gainera komikoak gara, eta umoreak ahazten laguntzen du.
FINCK: Edo kontrakoa.
(Kanta hasiko da.)
KORISTA 2:
Jaio nintzen negu gorrian
Brno izeneko hirian.
Hasiera izan nuen normala,
zeharo konbentzionala.
Haurra izan nintzen, mutiko gero,
ondoren nerabe burubero,
eta azkenik, gaztea
ilusio ta gogoz betea.
Vienara jo nuen orduan komediante,
bertan eraman nuen bizimodu tunante.
Kanta asko nuen konposatu
eta zenbait bihotz urratu.
Duelu batean borrokan
egin nuen garbitzekotan
nire familiaren ondra,
antisemita baten kontra.
Soldadu izan nintzen trintxeran
Lehenengo Mundu Gerran,
han bihurtu nintzen marxista
nihilista antimilitarista.
Geroago gertatu zena
ahaztu egin zait, ze pena.
Ezin dut gehiago kontatu,
ez dut gogoratzen, barkatu,
aspaldi zen dena gertatu
eta oroimena zait lausotu.
Nekatuta sentitzen naiz,
beraz melodia alaiz,
esango dut azken hitza
hauxe da nire bizitza.
Zuen arretagatik bihotzez esker anitz,
abizena daukat Grünbaum, izena Fritz.
(Kantatzen duen bitartean, korista 2 itxuraldatuz joan da. Korista androgino horren mozorropetik, gizonezko bat agertu da, fritz grünbaum. Grünbaum historikoa gizonezkoa bazen ere, emakume batek antzezten du.)
FINCK: Hola, Grünbaum.
GRÜNBAUM: Finck! Werner Finck!
FINCK: Nitaz gogoratzen zara?
GRÜNBAUM: Nola ez! Berlingo komikoetan ausartena! Aspaldiko!
(korista 1 seinalatuz.)
GRÜNBAUM: Bide batez, zorionak. Zure konpainiako aktoresak aukeratzen ona zara.
FINCK: Ez da ematen duena.
GRÜNBAUM: Hemen ezer ez da inoiz ematen duena!
(Kanta hasiko da.)
KORISTA 1:
Berlinen nintzen ni jaio,
nahi nuelako, zer arraio.
Ume eder, gazte xarmanta
dotore, guapo, galanta,
altu, ilehori eta harroa,
itxura germaniar petoa.
Familia burges diruduna
giro goxo ta leuna.
Osatu nuen goitik behera
medikuntzako karrera.
Baina gerrara deituta
izan nintzen, errekluta,
ondoren sindikalista
ezkertiar eta artista.
Antzerkian eta zineman
txalo ugari nituen eraman.
Lankide nuen Marlene Dietrich
eta beste diba anitz.
Bertolt Brecht-en antzezlanak
antzeztu ditut nik dan-danak.
“Mack the Knife” kanta gogoan?
Nik zabaldu nuen mundu osoan.
“Und der Haifisch, der hat Zähne
und die trägt er im Gesicht
und Macheath, der hat ein Messer
doch das Messer sieht man nicht”.
Arrosa eta xanpainaren garaia
nire ondoan dena zen alaia.
Baina isilduko naiz atoan,
ez dut gehiago gogoan.
Gozatu ta izan gau on,
nire izena da Kurt Gerron.
(Kantatzen duen bitartean, korista 1 itxuraldatuz joan da. Korista androgino horren mozorropetik, gizonezko bat agertu da, kurt gerron. Gerron historikoa gizonezkoa bazen ere, emakume batek antzezten du.)
FINCK: Hola, Gerron.
GERRON: Finck! Grünbaum! Hau poza! Noiztik, ba, ikusi gabe?