Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Komediantearen aldarria, Jokin Oregi
5. Naziak boterera. Txiste politikoa
Patxo Telleria: azkeneko marxista, Oier Guillan
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Komediantearen aldarria, Jokin Oregi
5. Naziak boterera. Txiste politikoa
Patxo Telleria: azkeneko marxista, Oier Guillan
14. Grünbaum-en azken eszena
FINCK: Agur, Gerron. (Etena) Eta Grünbaum? (Etena) Gabonak dira, Dachaun. Grünbaum nekatuta dago, tuberkulosiak jota. Hil eta betirako atseden hartu nahi du, besterik ez, baina ez dakigu nola, gau hartan indarberritu da, eta preso kideei bere azken antzezpena eskaini die, gaixotegian bertan.
(grünbaumek ez dauka zutik egoteko indarrik. Arnasa ere kostata hartzen du, baina adorea biltzen du azken ekitaldi baterako.)
GRÜNBAUM: Arraroa egingo zaizue ni honen alai eta animoso ikustea. Berlinen ez nengoen horrela aspalditik. Guztiz kontrara. Antzezten nuenean halako zirrara berezi bat sentitzen nuen bizkarrean. Kontzentrazio esparru batean bukatzeko beldurra. Ba begira, jada ez daukat gehiago beldur hori: jada barruan nago eta!
(Etena)
Badakit zuetako asko protestaka eta kexuka dabilela. Hara, nahikoa da negar eta lantuekin. Jakin ezazue erabateko baraua eta gose sistematikoa diabetesaren kontrako metodorik onena direla.
(Etena)
Ez dezagun galdu irabazteko itxaropena. Joan den astean, milaka lagun eraman zituzten fusilatzera, baina azkeneko orduan, urkatzea erabaki dute. Boterea bere ahulezia erakusten ari da: azkenetan daude, kartutxorik ere ez daukate.
(grünbaum altxatu eta piano-jolearen ondora doa.)
GRÜNBAUM: Garai zoriontsuetan kantatzen nuen kanta bat gogoratzen dut maiz aspaldi honetan. (Piano-joleari) Maisu, azken kanta.
(Kanta hasten da.)
GRÜNBAUM:
Pentsatu nuen atzo afalostean,
suizidatuko naiz hurrengo astean!
Ta erabakitako une berean,
poza sentitu nuen barnean.
Dirua ez da jada kezkatzeko kontua.
hiltzea erabaki dudan une beretik
ez daukat zertan dirurik aurreztu,
xanpain garestiena edan dut nik,
Kabiar, langosta, trufa,
irentsi ditut gogotik,
eta jaten hiru ordu egon ondoren
sabela daukat guztiz pozik.
Pisuko errenta ordaindu behar petrala,
huraxe zen izugarrizko ardura,
baina jakin dudanez kanposantuan,
ez dut pagatu behar faktura.
Andrak eman dizkit disgustu latzak,
lotsagabe jarri dizkit adarrak.
baina mundu hontatik alde eginda,
bukatuko dira nire negarrak.
Asteartero, arratsaldez
zortzietan tabernara noa partidan.
Maitalea etxera sartuta
nire ohean etzaten dira segidan!
Baina hurrengo astean, alajaina,
ezingo du jaso betiko zita,
ohean ni egongo naizelako, zerraldo,
ta bera ni beilan lutoz jantzita,
lutoz jantzita.
Andre horrek ez nau aintzat hartzen,
baina ez naiz uste bezain mamala.
Lezio eder bat emango diot:
Suizidatuko naiz, berandu ez dala.
(grünbaum mutis egitera doa.)
GRÜNBAUM: Milesker, baina joan aurretik, ohar bat. Ez da Fritz Grünbaum zuentzat antzeztu duena. 53.827 zenbakidun presoa naiz. Agur.
(grünbaum desagertzen da, betirako.)
FINCK: Agur, Grünbaum.