Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Komediantearen aldarria, Jokin Oregi
5. Naziak boterera. Txiste politikoa
Patxo Telleria: azkeneko marxista, Oier Guillan
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Komediantearen aldarria, Jokin Oregi
5. Naziak boterera. Txiste politikoa
Patxo Telleria: azkeneko marxista, Oier Guillan
4. Weimarko Errepublika
FINCK: Hogeiko hamarkadan gaude. Alemaniak Gerra Handia galdu eta irabazleek mendekua hartu dute, Versaillesko Itunean.
GERRON: Berlinen, hamarkada eroaren glamourrak, langileria pobretuaren miseriarekin partekatzen ditu kaleak. Logika guztien kontra, baikortasun ero bat sumatzen da hirian.
FINCK: Bankuetan kreditua dago, etorkizunean konfiantza. Bizitza modernoko aurrerapenek jendea liluratzen dute.
GRÜNBAUM: Eszenatokietan, zentzugabeko poztasun hori islatzen da: xanpainaren burbuilak, zango luzetako dantzariak eta umore inozoko komikoak.
GERRON: Kabaretean, askatasun sexual erdietsi berriari ongi etorria ematen zaio.
FINCK: Imajina dezagun orduko kabareteko eszena bat.
GERRON: Endredozko vaudeville bat, sexualki ausarta.
FINCK: Aukeratu ditzagun protagonistak eta lekua.
GRÜNBAUM: Eszenatoki bezala, garaiko aurrerapenen sinbolo bat proposatzen dut: izozkailu elektrikoa.
FINCK: Pertsonaiak izozkailu batean sartu nahi dituzu?
GERRON: Ez al dira estu samar egongo?
GRÜNBAUM: Latak, kipulak edo patatak badira, ez.
FINCK: Egia!
GERRON: Gustatzen zait! Eta garaiari dagokiona, gainera. Nire lagun Brecht-en urruntzearen teoria.
FINCK: Izozkailu bateko hirugarren pisuan gaude, beraz… Demagun, Bosch markakoa, alemaniar teknologiaren aitzindaria. Han bikote bat bizi da, esparrago lata bat eta kipula bat, zoriontsu, axolagabe, laster eztanda egingo duen burbuila ekonomikoaren magalean kulunka. Gau honetan, parranda jotzeko gogoz atera da lata.
(Kabareteko eszena hasten da.)