Simplicissimus
Simplicissimus
Patxo Telleria
Azaleko irudia: Paradox
Diseinua: Metrokoadroka
2019, antzerkia
106 orrialde
978-84-17051-38-9
Patxo Telleria
1960, Bilbo
 
 

 

Sar hitza

 

ehaze

 

      Poz handiz gatoz Patxo Telleriak Tartean konpainiarekin estreinatu duen Simplicissimus lana bilduma honetan argitaratzera. Simplicissimus Patxo Telleriaren ibilbide luze eta oparoaren baitan emandako urrats bat gehiago da, eta ez edonolakoa: bere lanetan ohikoa den umore absurdoa adierazpen askatasunari loturiko bulkada sozial batekin uztartu du testu honetan.

      Gutxi izan dira gurean kabareta lantzeko ahaleginak. Urrun, 2009an, gelditzen zaigu Gilkitxaroren Mirande Kabareta esaterako, eta erdaraz hitz egiten digute Cabaret Chihuahua edota Las Fellini bezalako taldeen lanek. Telleriaren obra honekin, berriz, kabaret satiriko eta kritikoa (berr)eskuratzeko arrakala irekitzen zaigu.

      Naziak boterera iritsi zirenean Berlingo entretenimendu munduan aritzen zirenak progresistak, ezkertiarrak eta judutarrak ziren. Hirugarren Reich-ari gehienek alde egin zioten, baina bakan batzuk bertan geratu ziren autoritateek leku famatuenak itxi ondoren. Goebbels eta enparauek bultzatu nahi zituzten “kabaret positiboak” ez ziren eman, eta 1937rako naziek gai politiko guztiak debekatuak zizkieten artistei. Testuinguru horretan bizi zuen Werner Finck-ek kabaretaren desbideraketa, hots, generoaren abiapuntua izan zen vaudeville klasikora itzuli zela. Generoa “kritikoa” izateari utzita, oreka oso zail batean lan egiten zuten kabareteko artistek. Horretaz gain, kabareta guztiz feminizatu zen, aktore gizonak frontean zeudelako. 1933tik bi izango dira ikuskizunen lerro nagusiak: emakumeen errebistak eta jazza. Azken horrek talka egiten zuen nazionalsozialismoaren arrazakeriarekin, eta debekuek desagerrarazi zuten. Emakumezko modeloek eta dantzariek osaturiko show-ak, berriz, baimenduak izan ziren 1943ra arte, batetik arrakastatsuak zirelako, eta bestetik, nazien gorputzaren kultuaren barruan justifika zitezkeelako. Finean, nazionalsozialismoaren garaian benetan existitu ziren hiru pertsonaia ditu ardatz Simplicissimus lanak, gaurko egungo kezka batzuekin paralelismoa sortuta.

      Ikusleak, irakurleak, Tartean taldearen absurdora jotzeko zaletasuna topatzeaz gain, historiaren pasarte goibelenetan umorea nola txertatzen zen irakurri edo ikusiko du obra honetan. Simplicissimus lanean Tarteanekoek umorea eta biziraupena/heriotza orain arte egin ez duten bezala aurkezten digute: umore estilo horrek —Telleriak hain berezkoa duena— umore judutar eta berlindarretik edaten du, non barregarritasuna hizkuntza jokoen bidez lortzen den gehienetan.

      Zatika ezagutu ohi ditugu sarri antzerkilarien ibilbideak. Agian ikusi izan ditugu antzezlanen batean edo bestean, baina zaila da beren obraren perspektiba osoa edukitzea. Antzerkiak euskarri fisiko propiorik ez duen heinean, antzezlan bat bizirik dagoenean ikusi ez duenak galdu egin du betirako. Zentzu horretan, liburua antzerkiaren ezinbesteko aliatua da transmisiorako bidean, nahiz eta sekula jaso ez lan baten zuzeneko zirrara. Horixe bera da ehaze eta Susak elkarrekin bultzatu dugun ahalegin honen helburuetako bat: ibilbide luzea egin duten egileen lanari begirada zabaltzea, ahal dela testuinguru batean kokatzea, eta balizko azterketa eta transmisio ahaleginei bidea erraztea.

      Patxo Telleria idazle eta aktore gisa ezaguna da, oro har drama egile gisa ibilbide bakana eskaini dio euskal eszenari. Hala ere, segur aski oraindik ere aldarrikatu eta aztertu beharreko obra da berea. ehazeko edizio taldea osatzen dugunok liburu hau bere lana kokatzeko eta aitortzeko urrats bat gehiago izatea espero dugu.