Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Komediantearen aldarria, Jokin Oregi
5. Naziak boterera. Txiste politikoa
Patxo Telleria: azkeneko marxista, Oier Guillan
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Komediantearen aldarria, Jokin Oregi
5. Naziak boterera. Txiste politikoa
Patxo Telleria: azkeneko marxista, Oier Guillan
10. Teresienstadteko kabareta
(gerron agertzen da, lataz jantzita.)
GERRON: Badakit probokatzea dela esparrago lataz jantzita irtetea, daukagun gosearekin, ez dut besterik aurkitu kamerinoan. Bazegoen gau-jantzi dotore bat, distiratsua, baina piano-joleak jan egin du. Esan diot, ba, “lentejak ez, lentejuelak dira!”. (Etena) Nire neurriko zapatak ere ez ditut aurkitu. 39ko hauek jantzi ditut baina oso estu ditut. Zapatekin komiko ezkertiarrekin bezala gertatzen da, errazago topatzen dituzula 39an 45ean baino. (Etena) Igogailu bat jarriko digutela entzun dut. Kartela aldatu behar dute. Lehen jartzen zuen: “6 pertsona, 400 kilo”; orain jarriko dute: “400 pertsona, 6 kilo”. (Etena) Baina denak ez dira berri onak, nire lehengusu Hans goseak hil zen joan den astean. Familia gaixoaren egoera ekonomikoa itzela da. Eskela hau idatzi dute: “Gure Hans maitea atzo hil zen. Familiak jakinarazten dizue gorpua bere etxean beilatuko dela, Rubenstrasse 90, bigarrena eskuma. 80 metro karratu, bi logela, egongela, bainugela komunarekin, bizitzera sartzeko modukoa”. (Etena) Goibeltzen ari zaretela ikusten dut. Badoa txiste bat. Zein da munduko animaliarik azkarrena? Oilo bat kontzentrazio esparruan. Eta bigarren azkarrena? Bere atzetik korrika doan presoa. (Etena) Barkatu, ez dizuet janariarekin lata eman nahi, baina ezin diot eutsi, nire izaera da.
(Musika hasiko da.
gerronek musikaren erritmora hitz egiten du.)
GERRON:
Aspaldi honetan burua
zorriak gordetzeko erabiltzen dut
eta triparekin pentsatzen dut,
batzuetan heste lodiarekin,
besteetan mehearekin.
Eta filosofia gastrikoa
asmatu dut.
Sinisten dut egun batean
hilko naizela,
sinisten dut nire gorputz letoizkoa
hauts bihurtuko dela,
eta nire arima esparragozkoa
zerura joango dela.
Zerua da…
(patata eta kipula sartzen dira, koreografia astronomikoa eginez.
gerronek kantatzen du.)
GERRON:
Kosmos infinitu bat
non patata ta kipula
eliptikoki dauden orbitatzen,
distantzia eta masari
proportzionala den
indar grabitatorio batez.
Eta nire buruari galdetzen diot:
Patatarik ote dago
bizitzaz haratago?
Kipulak daude heriotzaren ostean?
Kipulak eta patatak
arimarik badute,
nora ote doaz hiltzen direnean?
Eta beste zalantza existentzial batzuk:
Jaten dugun patata
benetakoa baldin bada,
irrealak dira jaten ez ditugunak?
Kipula ustelak
infernura ote doaz?
Galderak ditut baina ez erantzunak.
Galderak ditut baina ez erantzunak.
Galderak ditut baina ez erantzunak.