Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Komediantearen aldarria, Jokin Oregi
5. Naziak boterera. Txiste politikoa
Patxo Telleria: azkeneko marxista, Oier Guillan
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Komediantearen aldarria, Jokin Oregi
5. Naziak boterera. Txiste politikoa
Patxo Telleria: azkeneko marxista, Oier Guillan
IZOZKAILUKO KABARETA 1
(lata sartzen da izozkailuan. Dotorea da, gehiegizko elegantziaz mugitu eta hitz egiten du.)
LATA: Sartu zaitez, sartu zaitez larderiarik gabe!
(patata sartzen da. Kontrakoa da, apala, baldar xamarra, baina gaztea eta haragi freskoduna. Lehen aldia da izozkailu batean dagoena eta txundituta dago.)
LATA: Laket zaizu, ene bihotzeko patatatxo koxkorra?
PATATA: Uau! Txala botatzeko moduen dau. Ze garbia! Ze hotza! Eskerrak ez zaittudala nire despentsara eruan. Han birrintzeko mouko berua dau, ta arrautz ustelen kiratsa. Kuskusean noa, bai?
LATA: Zure hozkailuan bazeunde bezala.
PATATA: Aibadio, ze toki dotoria! Sarreran txanpain botila batek agur ein dost, sinistukozu? “Bon suar madmuasel” esan dost. Txisalarri da guzti sartu jat!
LATA: Zeinen xamurra zaren, nire goxokitxoa!
PATATA: Kabiarrarekin topatia besterik ez zan faltako, banketia eiteko.
LATA: Kabiarra beheko solairuan bizi da.
PATATA: Joder! Piskolabis earra montau dozue hemen. Eta hau guzti hau zurea da?
LATA: Ba bai.
PATATA: A ze betekada!
LATA: Zu hemen gera zintezke, esne-mamitan.
PATATA: Ez nitaz barre ein! Sustantzibako patata bat besterik ez naz.
LATA: Gizaki zoragarria zarela deritzot.
PATATA: Deritzot… Bua! Jakin banu esparrago lata batekin liatuko nintzala, apur bat gatzozpinduko nintzan.
LATA: Benetan diotsut, hemen kontserba zintezke, portaera egokia baduzu.
PATATA: Ba zuritu nazazu, dedio! (Etena) Barka, apur bat piripi nao. Freskuegia nazala pentsaukozu.
LATA: Izozkailuan bizi garen guztiok freskoak gara.
PATATA: A ze bizimodu galanta!
(lata hurbiltzen zaio musu emateko asmoz.)
PATATA: Egon, komunera noa, adobatzera.
KIPULA (off): Hemen nago bueltan!
(kipula sartzen da. Bera ere dena glamour eta elegantzia, bokilla luze baten amaieran dagoen zigarroa axolagabe erretzen ari.)
KIPULA: “Entrecôte ŕ l'échalote confite” egin behar zuten, baina azkenean menua aldatu dute, beraz, izozkailura bueltan.
PATATA: Zer? Nor…?
LATA: Ene laztana, ez da dirudiena.
KIPULA: Eskerrak, ze patata zimel batekin otordua egiten ari zarela ematen du.
PATATA: Aizu, potxua, hobe patata zimela, kipula ziztrina baino!
KIPULA: Ez naiz kipula, ni txalota bat naiz! (latari) Ze despentsatan topatu duzu tripontzi hau?
PATATA: E, insultau gabe, belarsiku!
KIPULA: Tripazorro!
PATATA: Begetarianoa!
KIPULA: Zaborra!
PATATA: Erne ibili, polit hori, nire Lata berotzen hasi da ta hemendik ostiaka aterako zaitu.
KIPULA: Ez dut uste. Ni hemen kontserbatzen naiz.
PATATA (latari): Eztozu esan bakarrik kontserbatzen zinala?
KIPULA: Hori esan diozu? Bikain! Beraz, bigarren plater bat bilatu duzu?
LATA: Bera izan da, errezeta makurrekin liluratu nau! Entremeserako ere ez dut nahi, benetan. (patatari) Ospa! Zoaz zure despentsara!
PATATA: Baina nik…
LATA: Alde hemendik!
PATATA (kipulari): Nik ez dodaz hozkailuak apurtu nahi. Sentitzen dot. Arrazoi dozu, zaborra besterik ez naz. Eta inozo bat, honelako toki batean kontserba nintekeela pentsatzeagatik. Nire amak esaten eustan, ba… patata jaio, patata hil.
KIPULA: Egon, egon… Agian leku bat izan dezakezu menu honetan.
PATATA: Nola?
LATA: Nola???
KIPULA: Ez al gaude Berlinen? Ez al da hau hogeiko hamarkada eroa? Asma dezagun beste gastronomia bat! Gora sukaldaritza berria!
LATA: Ondo ulertu badut, esan nahi duzu…?
KIPULA (patatari): Zuri ondo iruditzen zaizu?
PATATA: Ni molde zaharrekoa naz, baina…
LATA: Esan baietz, txotxola, bankete ederra egin dezakegu hirurok batera!
KIPULA (patatari): Zatoz, jan egingo zaitut!
PATATA (kipulari): Egidazu kosk!
LATA: Hasi da jatordua! Egidazue tokia mahaian!
KIPULA: A, ahaztua neukan. Esan dizut bueltatu naizela menua aldatu dutelako.
LATA: Bai. Eta?
KIPULA: Esparragoak ozpin-oliotan ipiniko dituzte.
LATA: Zer?
KIPULA: Sukaldaria hurbiltzen ari da. Agur, memeloa.
LATA: Ez!!!
(Kanta hasiko da.)
LATA eta KIPULA:
Harrigarria da
zein azkar aldatzen ari den
moral gastronomikoa.
LATA: Lotsagabeak!
LATA eta KIPULA:
Orain arte
txalota eta patata batzera
inor ez zen ausartuko.
LATA: Aberrazioa da!
LATA eta KIPULA:
Baina gustuak aldatzen dira,
lehen janezina zena
orain da delicatessen.
LATA: Gula da!
BIAK:
Txalota eta kipula
gutizia dira benetan
zartaginean batzen direnean.
LATA: Antropofagia! Kanibalismoa!
BIAK:
Eta argi dago esparragoa
ez dela elkartzen
ez patata
ezta txalotarekin.
Proba ezazu plater berri hau,
ausart zaitez, ausart zaitez.
(Kanta bukatu da.)