Simplicissimus
Simplicissimus
Patxo Telleria
Azaleko irudia: Paradox
Diseinua: Metrokoadroka
2019, antzerkia
106 orrialde
978-84-17051-38-9
Patxo Telleria
1960, Bilbo
 
 

 

5. Naziak boterera. Txiste politikoa

 

FINCK: Baina bukatu zen festa. 29ko krisiak eta Versaillesko Itunaren amorruak ateak ireki zizkioten Alderdi Nazionalsozialistari.

 

GERRON: Txiste politikoa ugaltzen da kalean eta kabaretetan.

 

GRÜNBAUM: Funtsean, betiko txiste txepelak dira. Testuingurua da aldatzen dena.

 

(Txiste sorta azkarrari ekiten diote.)

 

GRÜNBAUM: Gobernu honek jakinarazten du ez duela onartuko inork goserik ez hotzik pasatzerik.

 

GERRON: Hara! Hori ere ez digute utziko?

 

(Pausa labur bat.)

 

FINCK: Kazetari batek jakinarazten die gobernuko kideei, Parlamentua sutan hasi dela gaueko hamabietan. Goering-ek bere erlojuari begiratu eta dio:

 

GERRON: A ze puntualtasuna!

 

(Berdin.)

 

GRÜNBAUM: Eroetxe batean elkarri agur egiten diote besoa altxatuz. Denek erizainak izan ezik.

 

FINCK: Ni erizaina naiz. Ez nago zoratuta.

 

(Berdin.)

 

GERRON: Adolf, kabroia!

 

GRÜNBAUM: Zu, atxilotuta!

 

GERRON: Zergatik? Adolf asko daude.

 

GRÜNBAUM: Baina kabroi bakar bat.

 

(Berdin.)

 

GERRON: Zer moduz gobernu berriarekin?

 

FINCK: Ezin gara kexatu.

 

GERRON: Ze ondo!

 

FINCK: Ez, ondo ez. Ezin garela kexatu!

 

(Berdin.)

 

GERRON: Zer moduz kartzelan?

 

FINCK: Itzel! Instalazio onak, janari goxoa, tratu bikaina…

 

GERRON: Ba nire lagun bat ere han egon zen eta txakur baten moduan tratatu zutela dio.

 

FINCK: Hori berriro eraman dute hara.

 

(Berdin.)

 

FINCK: Zein da zure aita?

 

GRÜNBAUM: Führer-a!

 

FINCK: Eta zure ama?

 

GRÜNBAUM: Alemania Handia!

 

FINCK: Zer izan nahi duzu handitan?

 

GRÜNBAUM: Umezurtza!

 

(Berdin.)

 

GERRON: Kontzentrazio esparru honetan egunean 25 ordu lan egingo duzue!!!

 

FINCK: Ezinezkoa, jauna, egunak 24 ordu ditu.

 

GERRON: Ba ordubete lehenago altxatuko zarete!

 

(Berdin.)

 

FINCK: Zer gertatu zitzaion zure amari esparruan?

 

GERRON: Harrigarria bada ere, urtetan biziraun du eskasiari esker.

 

FINCK: Ez dizut ulertzen.

 

GERRON: Aurrena urkatu nahi izan zuten, baina soka kalitate eskasekoa zen… Gero gaseatu behar zuten, baina gasa adulteratua zegoen… Azkenean lortu zuten. Akabatu egin zuten.

 

FINCK: Fusilatu zuten?

 

GRÜNBAUM: Ez. Errazionamendu kartilla bat eman zioten.