Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Komediantearen aldarria, Jokin Oregi
5. Naziak boterera. Txiste politikoa
Patxo Telleria: azkeneko marxista, Oier Guillan
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Komediantearen aldarria, Jokin Oregi
5. Naziak boterera. Txiste politikoa
Patxo Telleria: azkeneko marxista, Oier Guillan
1. Aurkezpena
(Gortinen atzetik kabareteko aurkezlea agertzen da, werner finck. Benetako Werner Finck gizonezkoa bazen ere, emakume batek antzezten du.)
FINCK: Andre maiteok, gabon eta ongi etorriak Simplicissimus kabaretera. Gau honetan…
(Publiko artean dagoen pertsonaia batek eteten du bere jarduna. Itxura androgino eta estrafalarioa duen korista bat da.)
KORISTA 1: …jakinarazten dizuegu guretzat umorea oso inportantea dela.
(bigarren korista androgino bat agertzen da publiko artetik.)
KORISTA 2: Seriotasunak tristatzen gaitu.
KORISTA 1: Sakontasunak kikiltzen gaitu.
KORISTA 2: Bizitzaren sentipen tragikoak deprimitzen gaitu.
KORISTA 1: Beraz, dena serio hartzen duten horietakoa bazara, badakizu atea non dagoen.
KORISTA 2: Zorigaiztokoak…
KORISTA 1: …ozpindutakoak…
KORISTA 2: …erretxinduak…
KORISTA 1: …umore txarrekoak…
KORISTA 2: …ihes egiteko garaiz zaudete oraindik.
FINCK: Aizue, mesedez…
KORISTA 2: Eta gogoratu: antolatzaileek sari potoloak eskainiko dizkiete gehien dibertitzen diren ikusleei.
FINCK: Hori ez da egia!
KORISTA 1: Bost punturekin sarituko da barre algara ozena.
KORISTA 2: Lau punturekin barre sanoa.
KORISTA 1: Hirurekin txalo zaparrada beroa.
KORISTA 2: Birekin irribarre xaloa.
KORISTA 1: Eta puntu bakarrarekin…
KORISTA 2: …onespen keinu apala.
FINCK: Funtsean esan nahi dutena zera da…
KORISTA 2: Kontuz!
KORISTA 1: Ez dugu mutur beltzik nahi!
KORISTA 2: Tentu ibili!
KORISTA 1: Haserretuko gara bestela!
FINCK: Nire ustez, ikusleak askatasun osoa du…
KORISTA 2: Ikusleak askatasuna bere etxean izango du, zorte ona badu. Hemen umorearen diktadurapean dago.
KORISTA 1: Dibertitu ala hil!
FINCK: Hara, mesedez ez gaizki ulertu. Gu ez gara friboloak…
KORISTA 2: Bagara friboloak.
FINCK: Ados. Friboloak bai, baina ez buruarinak.
KORISTA 1: Buruarinak ere bai.
FINCK: Ondo da, fribolo eta buruarinak, bai, baina ez inozoak.
KORISTA 2: Intelektuala deitu didazu???
FINCK: Ez, inola ere ez! Friboloak gara, buruarinak eta inozoak. Baina inork ez du esango ganorabakoak garenik.
KORISTA 1: Ba nik zin dagit ganorabako hutsak garela!
KORISTA 2: Ados nago zurekin.
FINCK: Ongi da. Friboloak gara, buruarinak, inozoak eta ganorabakoak. Baina ez gaude alienaturik.
KORISTA 2: Apur bat bakarrik.
FINCK: Eta kontzientzia sozial irmoa daukagu.
KORISTA 2: Gutxi gorabehera.
FINCK: Eta sinisten dugu umorea tresna bikaina dela…
KORISTA 2 eta KORISTA 1: …zertarako?
FINCK: Ba… Transgresiorako?
(Barre egiten diote.)
KORISTA 2: Transgresioa?
(koristek barre egiten dute.)
FINCK: Umoreak gizarte burgesaren zutabeak koloka jartzen ditu.
KORISTA 1: Ez zutabe guztiak.
KORISTA 2: Eta ez gizarte burges osoa.
FINCK: Ados. Baina ez didazue ukatuko umore inteligenteak min egiten diola botereari.
KORISTA 1: Esaldi horri buelta eman ahal zaio.
KORISTA 2: Batzuetan, umoreak inteligentziari min emateko boterea dauka.
FINCK (publikoari): Simplicissimus kabaretean umore kritiko eta soziala lantzen dugu. Gau honetan…