Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Komediantearen aldarria, Jokin Oregi
5. Naziak boterera. Txiste politikoa
Patxo Telleria: azkeneko marxista, Oier Guillan
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Komediantearen aldarria, Jokin Oregi
5. Naziak boterera. Txiste politikoa
Patxo Telleria: azkeneko marxista, Oier Guillan
Komediantearen aldarria
Jokin Oregi
Ongi etorri jaun-andreok, hona hemen Simplicissimus, Patxo Telleriak idatzi duen antzezlan-kabaret tragiquissimusa horren ederki menderatzen duen umore finisissimusez. Ez da debaldeko hautua, oso berea sentitzen duen gaia aukeratu du, eta, bide batez, sekulako sakonera eman dio egiazko gertakari eta pertsonaiak taulara ekarrita.
Bigarren Mundu Gerra piztear zeneko garaiak gogoratuko ditugu, eta gogoetak gogoa mikaztuko digu orduko gakoek zenbaterainoko gaurkotasuna duten ohartuko garelako. Esan berri dugu: ez da debaldeko hautua.
Hitler boterean da. Ez da tontorrera iritsi zalapartarik eragin gabe. Haren ibilbidea ederto ezagutzen dute herritarrek; haietako askok ikasi dute ikasi beharrekoa: Inor Inpreszindiblea Ez Dela dioen lege ankerra saihestu daitekeela, hain zuzen ere, preszindibleak seinalatuz.
Gutxiengoa hasi da hozkailuak erosten iraungitze data luzarorako izoztuko den itxaropenaz; Argitasunaren indarrean sinistu nahi dute, baina argindarraren ekoizpena beste batzuen eskuetan dago. Antzezlana hozkailu erraldoi bat da. Hori ere ez da debaldeko hautua: memoria fresko mantentzeko aldarria da.
Memoria horretan badira hiru komiko, haietako bi juduak, kabaretaren argipean umore zorrotza baliatu zutenak boterearen gehiegikeriak salatzeko —“salatu”k duen esanahi utopiko que te piko-arekin: gatza bota gehiegikeria horiei min eman diezaguten, itxi gabeko zauriak balira legez—. Azken unera arte salatu zuten, azken arnasaraino. Larrutik ordainarazi zieten, argi gorriei jaramonik egin gabe, argi gorriok baliatzea askatasunez aritzeko. Beldurraren itolarrian leihoak irekitzeko. Edo bestela esanda: ahoa den leihotik izu-ikara barre-algaraka kanporatzeko.
Patxok egiazko komiko horiek oholtzan gorpuzteko hiru emakume aktore aukeratu ditu. Horra hirugarren hautu azpimarragarria. Hori ere ez da debaldekoa. Nago, eta Patxok berak zuzenduko nau nire susmoa okerra bada, egileak berak bere baitako emakumea erreskatatu nahi izan duela erabaki horrekin. Hura ere askatu.
Ez naiz gehiago luzatuko, kabareta hastera doa eta! Dagoeneko ez ote naizen luzeegi aritu… Barkatu, bada… Izan ere, hitzaurre egokiena galdera bat litzatekeela uste dut, hitzari bide emateko galdera zehatz eta bakarra. Hala balitz, hala irudikatuko bagenu, nahikoa litzateke hitzaurre honetarako:
Nork behar du adierazpen askatasuna?