Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Komediantearen aldarria, Jokin Oregi
5. Naziak boterera. Txiste politikoa
Patxo Telleria: azkeneko marxista, Oier Guillan
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Komediantearen aldarria, Jokin Oregi
5. Naziak boterera. Txiste politikoa
Patxo Telleria: azkeneko marxista, Oier Guillan
IZOZKAILUKO KABARETA 3
(latakumea, kipulakumea eta patatakumea sartzen dira izozkailuan, martzialtasunez desfilatzen, instruktore paramilitar baten aurrera iritsi arte.)
INSTRUKTOREA: Barazki kumeak, birsortzen ari den izozkailu berriaren itxaropena, esan, gaur etorri al dira garbitzaileak izozkailu hau garbitzera?
KIPULAKUMEA, PATATAKUMEA eta LATAKUMEA: Gaur etorri dira!
INSTRUKTOREA: Eta noren bila etorri dira garbitzaileak?
KIPULAKUMEA, PATATAKUMEA eta LATAKUMEA: Giltza ingelesen bila!
INSTRUKTOREA: Giltza ingelesek izozkailua zikintzen dute. Zuek izozkailua zikindu duzue?
KIPULAKUMEA, PATATAKUMEA eta LATAKUMEA: Guk ez dugu ezer egin!
INSTRUKTOREA: Eta zergatik ez duzue ezer zikindu?
KIPULAKUMEA, PATATAKUMEA eta LATAKUMEA: Ez garelako giltza ingelesak!
INSTRUKTOREA: Etorriko dira berriz garbitzaileak izozkailura?
KIPULAKUMEA, PATATAKUMEA eta LATAKUMEA: Bihar berriz etorriko dira!
INSTRUKTOREA: Noren bila etorriko dira garbitzaileak?
KIPULAKUMEA, PATATAKUMEA eta LATAKUMEA: Piper berdeen bila!
INSTRUKTOREA: Piper berde ustel horiek ihes egiteko laguntza eskatzen badizuete, zuek lagunduko diezue?
KIPULAKUMEA, PATATAKUMEA eta LATAKUMEA: Guk ez dugu ezer egingo!
INSTRUKTOREA: Piper berde ustelak zaborrera bota, baina zuek bakean utziko zaituztegu. Zergatik utziko zaituztegu bakean?
KIPULAKUMEA, PATATAKUMEA eta LATAKUMEA: Ez garelako piper berdeak!
INSTRUKTOREA: Bueltatuko dira berriro garbitzaileak izozkailua garbitzera?
KIPULAKUMEA, PATATAKUMEA eta LATAKUMEA: Etzi bueltatuko dira!
INSTRUKTOREA: Eta noren bila bueltatu beharko dira garbitzaileak?
KIPULAKUMEA, PATATAKUMEA eta LATAKUMEA: Azaloreen bila!
INSTRUKTOREA: Azaloreek laguntza eskatzen badizuete, zer egingo duzue?
KIPULAKUMEA, PATATAKUMEA eta LATAKUMEA: Ez dugu ezer egingo!
INSTRUKTOREA: Badugu guk, barazki jangarri xamurrak, etorkizun berriaren esperantza, zerikusirik azaloreekin?
KIPULAKUMEA, PATATAKUMEA eta LATAKUMEA: Gu ez gara azaloreak!
INSTRUKTOREA: Ustelkeria guztia garbitzen dugunean, etorriko al dira sukaldariak, barazki fresko, eta goxoekin janaria prestatzera?
KIPULAKUMEA, PATATAKUMEA eta LATAKUMEA: Bai, azkenean etorriko dira!
INSTRUKTOREA: Noren bila etorriko dira sukaldariak?
KIPULAKUMEA, PATATAKUMEA eta LATAKUMEA: Gure bila!
INSTRUKTOREA: Egongo da, egun hartan, zuen artean, ustelduriko barazkirik?
KIPULAKUMEA, PATATAKUMEA eta LATAKUMEA: Ez da inor egongo!
INSTRUKTOREA: Bukatzeko, barazkikume garbiak, etorkizun berriaren esperantza… Esan ozen: zertarako daude garbitzaileak?
KIPULAKUMEA, PATATAKUMEA eta LATAKUMEA: Gu defenditzeko!
(kumeak badoaz, martzialtasunez.)
FINCK: Eszena garbia, zentsuraren ikuspuntutik. Zentsoreek ez zuten ikusten lerroartean irakur zitekeen mezua. Publiko adituak, aldiz, ondo ulertzen zuen. Eta zuek ere.
(Kanta hasiko da.)
KIPULAKUMEA, PATATAKUMEA eta LATAKUMEA:
Gaur etorri dira
giltza ingelesen bila.
Guk ez dugu ezer egin,
ez gara giltza ingelesak.
Bihar etorriko dira
piper berdeen bila.
Ez dugu ezer egingo,
ez gara piper berdeak.
Etzi bueltatuko dira
azaloreen bila.
Ez dugu ezer egingo,
ez gara azaloreak.
Azkenean etorriko dira
gure bila.
Ez da inor egongo
gu defenditzeko.
(Kanta bukatu da.)
GRÜNBAUM: Werner Finck, komiko prestidigitadorea.
GERRON: Umore politikoaren jenioa.
FINCK: “Politika nire bizitzan sartu zen nik baimenik eman gabe. Nire garaiko produktu bat besterik ez naiz. Han geundenetatik oso gutxik zeuzkan ideiak oso garbi. Ez dakit zuek ba ote zenituzten. Ni, korronteak eramaten ninduen, besterik gabe. Korrontearen kontra nindoan, hori bai. Nazien kontra nengoela diote. Argi utzi nahi dut, hori ez da egia. Errealitatea bestelakoa zen: naziak ziren nire kontra zeudenak”.
(Ixilunea.)
FINCK: Baina utz dezagun behingoz. Ez gara etorri nitaz hitz egitera.
GRÜNBAUM: Zergatik ez? Hirurak ginen komikoak.
FINCK: Baina ni ez ninduten akabatu.
(Isilune astun bat. Egiaz jabetu dira azkenean ere.)
GRÜNBAUM: A… Ulertzen dut.
FINCK (aztoraturik): Barkatu… Uste nuen jada hasiak zinetela gogoratzen…
GERRON: Gogoratzen hasi gara.