Gu gabe ere
Gu gabe ere
2021, poesia
96 orrialde
978-84-17051-79-2
Azaleko irudia: Nagore Legarreta
Itziar Ugarte Irizar
1995, Oņati
 
 

 

BIZITZA ZUK

 

 

Errauts zaporea ahoan.

Vivian Gornick

 

 

egin egiten duzu

ala egiten dizute

 

lurra beti oinetan geldi

 

galderak laburregi

heldu ginenerako

emana izan zitzaigunaz

 

begia duzun lekuan

han zaude

 

azukre koxkor bat uretan bezala

desegiten doa jendea

jendearengan

 

objektuetan

 

haien tokia hartzen

goaz gu orain

 

zer inporta txori izenek

zuhaitzak bereizten ez jakiteak

 

pagoa den, ezkia, haritza

 

zer esan nahi duen kolore zuriak

zer ospatzen dugun besteren lepotik

 

zoriontsu izan zaitezke

jakin nahi gabe

 

berez

ez da zailegia ere

 

utzi dena bere horretan

soilik marrari segi

 

eta kasu egin

non daramazun

galdetu gabea

 

nondik datorren

hots hori

 

egiten ez baduzu

nola egingo dizuten.