Aurkibidea
ERAZTUNA
Ekaina da. Luze iraun du gaur argiak eta
on egin dit zuen mahai bueltak iluntzean
aita eta izeba parean, ondoan ama.
Pizza bat eskatu dugu afari pasarako
eta botila bat hustu lauron artean
hau goitik behera dator, esan dute gero
ez penatuegi, baina ezta keinu alaiez ere
—bitartean gozatzeko—.
Afalostean zorro bat ekarri du izebak erdira
etxe aurreko limoiondoa bezain horia
amamaren eraztun bat dago barruan
diamante pare bat ditu eta ados gaude
ez duela inondik ere bera gogorarazten
—azazkal beltzekoak ziren haren eskuak—.
Badu baliorik ordea eta hilabeteak daramatza
bueltaka, harekin zer egin ez dakigula
atera dugu, ibili dugu eskutik eskura
itzuli da zorrora, eta lehengotan gaude.
Tarte batera, zorroa ezagutu du aitak
Jesus Mariren botikak hemen gorde ziren
argitu dio izebak, gero aitarenak ere bai.
Ilargia, baratzeko egitekoak, aska zaharra
bakarrik gelditzean, eskuetan hartu dut zorroa
arrastoren bat ukitu ahal izatearen fantasian.