Aurkibidea
KANPOAN
Euria hasi du heldu ahalaz bat
eta arinduta mintzo dira denak
igarriezin zaidan kutsadura
garbituko duela ospatzen.
Bila etorri zara Chamartinera
eta zuzen egin dugu bunkerra
deitzen duzuen pisura —berehala berretsi
etxebizitzarena basakeria dela hemen ere—.
Gustatzen zait hirian ernatzen den
auzo bizitza, komertzioak kale aldapatsuetan
ezagunen eta ezezagunen arteko
posizio ez guztiz arduragabe bat.
Pare bat lagun agurtzera gelditu zara
eta zerbitzaria hurbildu zain nagoela
arrotz zaidan ziurtasunez jakin dut
geratuko nintzatekeela
—hilabete bat, beste aste bi—.
Hori du kanpora irteteak:
dena biderkatzen dela dirudi
jendea, geruzak, ertzak
beste ni bat saiatzeko bideak
—dena posibleago balitz bezala—.
Pertsiana petik atera gara azken
eta galtzen uztearen eta itzulbidea
oroitzearen orekan jarraitu oinez
kale argien eta autoen artetik hitzak.
Biharamunean aurrena izan naiz esnatzen
liburu batekin sofara egin eta estreinakoz
entzun ditut bi gizon larrutan ondoko gelan
—nahi gabe lotsatu naiz kontatu diezunean—.
Gero gertatu da: merkatuko jendetzan
gizon bat igaro zait ondotik, telefonoz
eta beroki higatu bat estutzen:
banoa, eman segundo bat
nagoen lekutik ateratzen ari naiz