Aurkibidea
ETERNITATEA
Film erdi melodramatiko bat zen
eta hala ere kolpetik eten dit arnasa
maitaleak ito aurretik idatzitakoa
irakurri duenean protagonistak
herritarrez betetako hileta elizkizunean:
istant bat izan naiz ni zuretzat
zu, ordea, nire eternitatea.
Militar batek idatzitako hitzak ziren
azken paper puska lehorrean
itsaspeko nuklear errusiarra gutxika
urez bete bitartean, Barents itsasoan
—zer gelditzen da kontatzeko
ura atzera gabe datorrenean—.
Negar egin badut ez da izan
andrearen gaztetasunagatik
are bakartiago hazi beharreko
bien semearengatik
segi bizitzen
saiatu zoriontsu izaten
egin dut jabetzean horretan ari direla
kalean gurutzatzen ditudan zenbait
ez daudenen eternitatea haragitzen
baina haiek, ordea, hemen
egunak egunekin erretzen
irakurri gabe tolestutako
egunkari dorreen eran.