Aurkibidea
Albiste on baten inguruan, Anjel Lertxundi
Aurkibidea
Albiste on baten inguruan, Anjel Lertxundi
GURE MINTZO
Arana Goiriren
oroiz eta eskerrez
Nirekin jaio nuen abes-mina,
ta haurtandik min hori dut izan samina...
Kanta nahi, nahi alfer: mintzoa
peitu, minak behar eztigai gozoa!
Huts bainuen osagai guri-berexa,
hatsa jaurti arren ezin sor abesa;
amets arteko oihu bailitzan,
hotsaren zakarrez izu-ikara nintzan.
Hil-zaharki, bizi dugun gizona!
Egunero berpiz lurpean dagoena!
Dezadan onets haren izena,
aberriz ta mintzoz gu jantziarena.
Haren argibidez ni jabetu
enegan bazela norbait atxilotu.
Orduan, jaitsi nauzu leizera;
nork geure muinean dugun itzalera.
Oin kolokak zuhur, begiak joran,
zurubi bihurrez poliki nindoan.
Guri argi ematearren
itzaliarena, eskuan nekarren...
Horra noizbait ere beheraino hel,
ta leotza aurki dut hondoaren sabel;
ta, leotzean, hil iduri,
gizalaba eder odol gabez zuri.
Ipuin zaharrak, zatozte gogora!
Zatozte erreginagai begizkoak zora!
Bazterrean ikus nirea,
ene ta asaben oharrezak botea...
Adatsa busti diot negarrez,
bihotza berotu nirearen garrez,
ta itolarria arin-beharraz
leiho zekenera dut nirekin narras.
Berriz-jaio-poza suma nuen...
Gesal mugagabez bide gindoazen:
bizitza-itsaso otzan barea,
goiz-eguzkiaren txinpartez ernea!
Ezpainak dar-dar, lepo-zainak leher-
-beharrean, muinki dut estu nire eder
besoetan, ta hatsa jaurtiki:
ta ura bai, egin zen ahoan abesti!
Ahapaldiak elkarren ondoren
jalki ta, uso zuri antzean, zetozen
itzuli, itsaso urdina zehar,
mokoan, edergai, basoaren abar.
Itzuli zetozen ahapaldiak;
itzuli zetozen nire uso zuriak
Aberriarentzat damesgun[1]
lehor gizenetik, jai-hostoa lagun...
* * *
Ene leozpetu jare-berri,
eusko orok zaitzagun minen eztigarri,
ta besteren gogo-menpetik
jare gaitzazu usu, geurea gaiturik!
1931
[1] amesten dugun