Bihotz-begietan
Bihotz-begietan
Xabier Lizardi
Jatorrizko testuaren estandarizazioa: Josu Landa / Susa
2021, poesia
104 orrialde
978-84-17051-69-3
Azala eta ilustrazioak: Zuhar Iruretagoiena
Xabier Lizardi
1896, Zarautz
1933, Tolosa
 
2000, poesia
 

 

URTE-GIROAK ENE BEGIAN

 

 

I.— BIZIA LO

             Otsail-erdi

 

Egur hezearen kea

goiak du kolore:

egunaren atarirantz

zauri bat, gordina,

odol beharrean urre.

Sakoneko lainoz gora

tontorrak elurrez:

itsasoa iduri,

ametsezko ontziez.

 

     Bide-ertzean, ez marrubi

ez belar gizenik.

Otalorea, bakanka,

goiztxo garrasika,

Udaberriari deika.

Hor pago bat, lerden aski,

iazko apaingarriak

(gaur orbel gorriak)

oso jaregin nahi ezik,

nola baitute ohi

neskazahar ezin-etsiak.

Hostobakandu-sasian

kabi bat, huts, urratua...

Arro-behetik errekak hots,

euriteak bulartua...

 

     Basora naiz. Han-hor,

goroldiozko ohean,

joan-elurte gaitzaren

hondarrak nabari;

kabidun usoak, ala

emazte zuhurraren

zapiak iduri.

Haritzak, ehundaka,

aiher zaizkio goiari,

argi-lehenenkia

egarri baitute,

harako urrezko zauria

izanik iturri.

Horregatik daude

luze-luze eginik,

artean oinak ilunik,

azken-arbazta-begiez

udaberrirako

hornitzen biziez.

 

     O, zein haizen eder loa:

heriotzaren anaitzakoa:

bizitzazko urloa!...

 

1930

 

 

II.— SAGAR-LORE

             Lorail-bete

 

Anitz egunez, ez gara alaitu

lurtarrok. Goien sar egin baitu

Euri-k Eguzki giltzapean;

jaun horail eder, lehorteen aita,

katez loturik egona baita

hodei bustien sabelean.

 

     Gaur, horra ageri, tarteka, urdina...

Sor zait barruan larrera-mina;

ta, aspaldi ez-ta, mendialdi.

Bete ditzadan argiz begiok;

eten zain-gihar lotuegiok;

bularra asetuz noan geldi.

 

     Badut zalantza zein giro izaki;

hotzaren ahala denetz ebaki;

ikus ez baitut Udaberri...

Baina, bat-batez, gainbehera, maldan,

moltso zuri bat... Elur ez al dan,

loreak ote?... Ahal igerri!

 

     Hari beltz oker nahasi sareak

ehundaka atzitu ditu... loreak?,

elur-malutak?, mitxeletak?...

Itxoin: txori bat, zehar, hegaka

dabil, kabigai-lorrez, esaka:

— Gaur dira gure maite-bestak!

 

     Sagasti berri, sagasti zuri,

inguma-atsegintokia iduri,

elurte arian geldia!

Ezin urtuzko txingor ugari,

azpi gizenean duk nabari

zelai-bitxizko loredia...

 

     Zertan udalehen den igartzeko

begi behar diot bide-ertzeko

pago pertxenta gazteari,

ta ikus orbelez den erantzia

ta apaingarri berriez jantzia,

baso zabalen aitzindari?

 

     Zertan behar dut jakin Itzala,

pagadiaren ume jaukala,

neska-koskortzen ari al dan?...

Kilker olerkari arloteak

neurtitz ozenak dituen boteak

lurrezko jauregi-atean?...

 

     Bego tximirriken hegaketa;

beude marrubi-loreak, eta

hirusta-saila ere bego:

dantzari-talde, bakotiarrak,

nahaspil zoroan zuti-baldarrak,

esku goituan ontzia ardo...

 

     Ene begiok, ez so besteri:

bide-ertz honetan nadin eseri,

hiri begira, sagastia...

Sagasti gazte, sagasti zuri,

inguma-atsegintokia iduri,

elurte arian geldia!

 

     Zuriaz nahasi, pipil gurien,

lehergabe-lore zabal-zorien

gorrixka, nabari duk sarri,

odol-tantoak antzo... Begira:

erditze baten aztarnak dira:

Bizi-erditze zoragarri!

 

     Ibil, txoriok, ta kanta alaiki.

Negu agurea hila da, baiki,

lurra soil baitago elurrez:

oro dezakeen esku naroak

erein baititu zuhaitz-soroak

ogi berriaren apurrez...

 

Bekik hiretzat oihu alai hau:

sagasti, hiretzat; bereizki baihau

jaiez jantzi zorna berriak!

Bizitza duk ageri garretan...

Bizitza, leher-berri, adarretan...

Higan dik sort-ohea Udaberriak!

 

1930

 

 

III.— BASO ITZAL

             Uzta-uzta

 

Urrun duk, sagasti berri, lorea.

Harizti, urrunago elurtea.

 

     Gailurrera igoa dugu Eguzkia,

nondik jaurtiko zutago gezia.

Begi-oheak, nork sakon-askiak

gainez ez dakien haren argiak?

 

     Uda! Mendiak hi hau eguerdi,

ta urrezko opor-aro, ta abaroaldi...

 

                    * * *

 

     Gurdibide bakan-ibil ertzetan

masusta-sasia dago loretan.

Hango kiskal beharra! Hango marmarra!

Hego-begi izaki-ta, haizeak garra:

irakin diraki, beroz ez ezik

erleen hegoek jo ta nahasirik...

 

                    * * *

 

     Arro-behetik ez dator gaur ur-hotsik...

 

     Txoriak abaroetan isilik,

goiz-jardun bakarrez etsi baitute.

 

     Egonean daude zuhaitzak ere...

Sagarrak eskuan ditu igaliak

Eguzki erregeri eskainiak:

geldiak gizendu, egonak goza;

nagiak noizbait jalkiaraz bitza...

 

                    * * *

 

     Beroak zapalduta datza oro:

bizidun, landare, haitz eta soro.

Muskerra ta artoa dagotzu soilki

eguzki gorritan ezin izerdi.

 

     Neguz ontzi lirain, laino gainean,

Txindoki!, orain hagokit aurrean,

goriak astundu tantai harrizko,

beheari inoiz baino errotuago.

 

     Beste erpin musker bat hor baita ageri,

maldan gora zaizkio zuhaitzak geldi:

oker, hats-estuka, lurrari itsatsi-

-mendizale makal unatu iduri.

 

                    * * *

 

     Zigor hontaz, Uda, ba al duk aterpe?

Hara zuzen nazak, luzatu gabe!

 

                    * * *

 

     Leihoak itxitako jauregia

basoak iduri. Lo nagusia.

Baina, badu norbait —zoragarria—

bidaztizain eder: bai, alegia!

Begira non dudan, aterpean zain,

gorputza sotila, betartea arrai.

 

     Itzal! Baso-ren ume jaukal,

xaloagorik ezin ahal:

beltzaran, begi bai azal:

 

               Itzal!...

               Itzal!...

 

     Sar naun geldixe, taupaka bihotza.

Har maitez, otoi, leher egin arrotza...

Oihal ilaun batez lehortu didan

bekokia. Gero, aldamenean,

hatzaidan eseri, andereņo otzan,

ta, ai, zein gozo gauden, ahopekotan!...

 

     Atsedenaren eliz, zutoinez bete,

hosto-pilo ta izar izunak habe:

ta hi bertan oihaneko jaupaleme...

 

     Gure inguru lurra lurrun-jario,

urre urtuzko jasak baitaragio[1].

Euri gori horretaz basoa ateri.

Gauden, bada, maite, basoan geldi.

 

     Zuhaitz-tarteetandiko urre nabarra

dezagun udararen bitxi bakarra.

Begoz hemendik ate hire ederkiak;

har bitzate besteek laztan goriak.

Nik hireak nahiago, oihaneko Itzal,

ez baitute egiten odola kiskal...

 

                    * * *

 

     Uda!, gar zoragarri, suzko itsaso:

ontzi geriza honetan nahi haut igaro...

 

1930

 

Bigarren Euskel-Olerti-Jaian, Tolosan,

zilarrezko haritz-abarrez sariztatua

 

 

IV.— HONDAR-GORRI

             Azaro-lehena

 

Uda —suzko itsaso— baitut ibili

gerizpe atsegin bat nuela ontzi,

hondoaz lehorra jo dit emeki:

hondarreta bat du, soil eta gorri.

 

     (Itsasoak bai baitu, urrun-ertzean,

urre gorizko bide-goienean,

lehor bat —odol-huts inularrean—

Eguzki nondik sar atsedenean...)

 

     Aingura bota dut Arratsaldean:

oina dut ezarri Udazkenean...

 

                    * * *

 

     Berriro igo nauzu ene mendira,

oroigarri zaharrei maitez begira...

Andre Lurrak jaulki ditu igaliak;

zurbil dauka aurpegia, itzal begiak.

 

     Gurdibide bakan-ibil ertzetan

huntza dago oraindik, nagi, loretan.

Hor-hemenka, lore zimel gainetan,

ingumak ari, gozo-miazketan...

Mitxeleta gorri, zarpail hegoak:

maitatzeke atsotu direnetakoak.

 

     Kemenak huts-eta nekez bainoa,

zalantza dut zahartu naizelakoa...

Udazkenak ahulagotzen dit hatsa,

orbelak ozenagotzen oin-hotsa,

aldapak larriagotzen bihotza...

Lehenetan ez bezain hautsia natza.

 

                    * * *

 

     Arro-behera itzuli nago. Isurkia

basoz ta garoz jantzia:

noizbait orlegi, gaur nabar basoa;

tarteka gorri garoa.

Beste gain erpin bat bazen ageri

lehen heze: gaur burni-meatze iduri.

Lurraren azala herdoildua da,

ala dut odola begietara?...

 

     Haizea dabil, busti setatia:

lurrari daragio[2] hots negartia.

Larreko xomorro ozenen zantzurik

ez da inon. Aspaldidanik

isil zen olerkari jaun Kilkerra:

oixtian, alfer eder den Txitxarra.

 

     Ta zuek, nora, txoriok, saldoka

zoazte, iraduz urrundu-beharka?

Adiskide Urretxindor hil zaizue,

ta haren hilkizunetara

—hegoak ikara—

berandu-beldurrak al zaramatzate?

 

                    * * *

 

     Oi, zein den ituna

behera-behar hau!

Nik ez nahi eguna

bihurtzerik gau!

 

     Giroen argia galtzerakoan

lehen-oihartzuna dut ozen gogoan.

Hiru giro izanok, nik dei ta zatozte:

nork-zeren saria ekardazue:

batak itxaro, besteak berpizte;

hirugarrenak bizitza-indar bete.

Oro behar zaituzte ene bihotzak,

Lehen-min baitamada[3] neurtitz zaharren hotsak!

 

          (Negu).

 

     Ikus dezadan, Jauna, behin ta berriro,

otalore ezinegona...

 

          (Udaberri).

 

     Bekusat sagasti gazte elurgiro,

udalehen-sortohe dena.

Ikus ditzadan harako hirusta-sailak

eskuan dituztela ardo-txanbilak.

Entzun dezadan inoizko olerkaria,

zelaian baitzuen lur-jauregia...

 

          (Uda).

 

     Jainko-muino-gainetara baino lehen,

(ederra baita bizia!)

urrezko itsaso bebilt urduria,

Itzal dudala laguntzaile lerden.

 

                    * * *

 

          (Udazken).

 

     Ta udazken-hatsarreko goiz batean

esnatu nadin Jainkozko Betean!

 

1930

 

 

[1] eragiten baitio

[2] eragiten dio

[3] ematen baitit