Bihotz-begietan
Bihotz-begietan
Xabier Lizardi
Jatorrizko testuaren estandarizazioa: Josu Landa / Susa
2021, poesia
104 orrialde
978-84-17051-69-3
Azala eta ilustrazioak: Zuhar Iruretagoiena
Xabier Lizardi
1896, Zarautz
1933, Tolosa
 
2000, poesia
 

 

XABIERTXOREN HERIOTZA

 

Nire lehenengo Xabiertxoren

heriotza-egunean:

1925eko lotazilak 24

 

 

               I

 

Gabon-egun goizean

Jaun Aita pozik

jaiki, ta aingerutxoak

horra non bildu dituen,

esanik:

 

     Poztu, ene txikiok,

gaur, arratsean,

haurtxorik ederrena

jaiotzekoa baita

lurrean.

 

     Apaindu, ta zoazte

guztiok behera

berri ona zabalduz,

zuen Jaungoikotxoa

gurtzera.

 

     Zenbat zarete, baina?

Bat, bi, hiru, hamar,

hogei, ehun, mila... Gutxi!

Jai honetako, gehiago

nik behar!

 

     Entzun: hega lurreko

sehasketara,

ta haur zoragarrienak,

ene maiteok, bertan

aukera.

 

     Masailean laztan bat,

eztiz betea:

eskutik har, ta abia...;

horrela ugalduz zuen

taldea.

 

     Ta, lurbira guztia

egin ondoren,

jaiez jantziz bihotzok

bildu, inularrerako,

Belenen.

 

        * * *

 

     Zalaparta bizian,

txalo jo ta jo,

Jainko zaharrari oro

baranoan hegatu

zaizkio.

 

     Ta, harantz lagun eginda

puska batean,

hemen datoz berriro,

hega-iraulka pozaren

pozean.

 

        * * *

 

     Jaunaren baratzeko

iturrietan

murgildu, ta ari dira

beren buruon eder-

-lanetan.

 

     Gertu ta gero, urrezko

txilibituak

ahoratu, ta abia

ziren, zabala harrotuz

hegoak.

 

     Non dira?... Hantxe, urdinaren

sakonenean,

ezer ez duzu ikusten

argizko hauts-irakin

antzean?...

 

     Noratsu?... Inon ez. Oro

lehengoratutik,

begiak ez du jotzen

urdin baztergabea

besterik.

 

 

               II

 

Gabon-egun goizean,

sehaskatxoan,

Xabiertxo gaixoa

gaitzak ito zorian

zegoan.

 

     — Zer duk, eguzki horrek,

gure ederrena?

Nork min egin, esadak,

bihotz biren zatirik

maiteena?...

 

     Itxoin! Ustez, arnasa

baretu zaio:

barre-antx gozo batek

ezpaintxoak argitu

dizkio...

 

     — Inoren hitz emeak

entzuten hago,

geldi-geldirik eta

bular eztian baino

pozago?...

 

     Ene! Beldur! Ez hil, ez,

arren, txikia!

Ez joan, gure poza,

ez, gure biziaren

argia!!

 

     Ene! Gure bihotzon

erdibitzea!

Nekez arterainoan,

itotako negarra

lehertzea!...

 

     Ene! Amen begien

negar-hobiak

hondoa jo ezinak

egin ote ditu Jaun

handiak?...

 

     Bular joritik ez haut,

ene!, ikusiko

zalapartan edaten,

gosea aserik baituk

betiko!...

 

     Eguzkiak inguma

bezain maitea;

ala, maiteminduak,

maite-ezpainek ukitu-

-lorea!...

 

     Higan ipinitako

ametsak, baina,

hauskorrak ote ziren,

inguma ta loreak

ez haina?

 

 

               III

 

— Berandu? — Bai, maitea;

iluntzea den[1]...

Atsekabeak ez din

astiaren neurtzea

jakiten.

 

     — Ixo... Nortzuk daitezkek

atarikook?...

Nor letorkek, algaraz,

minagotzera gure

malkook?

 

        * * *

 

         (Ataritik).

 

     Etxekoandre ona:

kantatzerik nahi?

Jaiotzadunak gara,

begirunez beteak

zure zain...

 

        * * *

 

     — Nortzuk dituk?... Esaiek

alde egiteko!

— Gorriz argitutako

jaiotzaz, dun sorta bat

mutiko...

 

         (Ataritik).

 

     Etxekoandre ona:

kantatzerik nahi?

Belenzaleak gara,

sari-ustez beteak

zure zain...

 

     — Bihoaz! — Ez, maitea;

begira iezaien...

Gurea inoiz, hazita,

horiek bezala ibiltzen

ahal luken!

 

        * * *

 

         (Ataritik).

 

     Etxekoandre ona:

abesterik nahi?

Gabonzaleak gara,

ezin-etsiz beteak

zure zain...

 

        * * *

 

     — Zuzen diok. Haur Onak

onetsi bitza!

Sartu, muttil ederrok,

sehaska-alderaturik

jaiotza.

 

     Sartu, ta jo, beldurrik

gabe. Gaixoa

lotan duzue, baina

hotsak astindu-gaitza

du loa...

 

     Jo, bai, gaur baita Haur Ona

jaiotzekoa!

Jaiki, bihotz hautsia,

pozezko jaia baita

gaurkoa!

 

     Jaiki, gure maiteena

Belenen baita,

ortzi izartuan zehar

hego bigun harroek

bultzata!...

 

     Hoska baitago, urrezko

txilibitoaz,

zeuen Gabon-abesti

berberok Belenen

jo ta joaz!

 

     Jo, bai, maiteņoaren

oroiz, muttilok.

Gur gakizkion Jainko

haurtxoari biziok

eta hilok...

 

        * * *

 

     Aintza goian Jaunari

askigabea;

ta, bere nahia ontzat

etsitako lurtarroi...

bakea!

 

1926

 

 

[1] dun