Bihotz-begietan
Bihotz-begietan
Xabier Lizardi
Jatorrizko testuaren estandarizazioa: Josu Landa / Susa
2021, poesia
104 orrialde
978-84-17051-69-3
Azala eta ilustrazioak: Zuhar Iruretagoiena
Xabier Lizardi
1896, Zarautz
1933, Tolosa
 
2000, poesia
 

 

EUSKO BIDAZTIARENA

 

Miguel Unamuno

jaun argiari, gure ausardia

gorriaz jabetu dadin

 

                   Heuskara, ialgi adi kanpora!

                   Heuskara, habil mundu guzira!

                        (Etxeparek, orain laurehuntsu urte).

 

 

      BIDAZTIAR-DEI

 

Aberriaren ahots eztia,

gogamenaren ezkon xuria:

ekartzan esku guria,

hatorkit, geldi-geldia,

uztagun, aldikoz, Euskal Herria.

 

 

      LARRE-LORE

 

Eder haugu, mintzo joria,

eder, benetan, garoz jantzia:

larre-loretik eztia,

basotik euskal mamia,

laster sortzen ahal duk, Olerkaria!

 

     Ta, hala Jaunaren gogo baledi

nik gogo dudan bezain kartsuki,

euskotar azal ta mami,

gure herriaren olerki

garaia, norbaitek lehenbailehen begi!

 

 

      ORO-MINTZO

 

Baina nik, hizkuntza larrekoa,

nahi haut ere noranahikoa:

jakite-hegoek igoa;

soina zahar, berri gogoa;

azal horizta, muin betirakoa.

 

 

      AMETS-BIDEETAN BARNA

 

Ez hadi beldur, nire Maiteder:

baserriz landa nahi haut ager-

-arazi, bazterrik bazter,

harroki; ez baita ezer

lurbiran ederrik hi bezain eder!

 

     Gogamenaren ezkon ez-antzu,

eztei ondoko bide dinagu.

Otoi, Jauna, ibilgo-buru,

maitasun-edermen-zitu,

haur begi-argirik anitz bekargu.

 

                    * * *

 

     Itsaso bare, zelai urdina,

muga-biribil, belar-berdina:

goizaldea duk sorgina!

Dirdaiez ikus egina

mende-neurle dugun gurpil arina...

 

                    * * *

 

     Eguzkipean uhartedia...

Ur zabalean oihal zuria...

Zuhaitz arrotzen azpia,

ehun oztinek itzalia!

Hor bide zetzan Gerbault bakartia...

 

                    * * *

 

     Lekaro zabal lurraren gerri,

hondardi kiskal heriogarri:

bidazti-begiek sarri

airean baso ta iturri:

bertarainokoan hondarra gorri!

 

                    * * *

 

     Dagigun arraun Izotz-herrira,

zaharren aztarrik denetz begira:

hamaika joan ta bira

eginik iaz baitira,

eskuan arpoia, soinean zira!

 

     Lehorra zuri, beltz itsasoa:

izotz bat ontzi gure ibilgoa...

Bakarte jaungoikozkoa!

Soil, hegazti bat doa

hodeien senide, zabal hegoa...

 

     Kanta ditzagun hango gau luze,

hango ilunabar su gorriz bete;

gizonek elurra aterpe;

lurralde gizenik gabe;

gure Euskal Herriaz hain guziz beste!

 

                    * * *

 

     Hiri nagusi, giza erlauntza:

zorapenezko harantz-honantza,

sumabeharra, jakintza,

saleros ekurugaitza,

gure elkar-indarrak itzuli bitza!

 

                    * * *

 

     Ortzi oro ta egute oro

jaso, ikus-ahala, ta abes gozoro...

Apaindu zernahitarako:

hagi[1] gai adierazteko

gizaki guzien alderdi ta asmo.

 

 

      GURENTZA

 

Ta, beheko gaiok agorrez geroz,

Eguzki-k ezin urtuzko hegoz

(Ikaro-k ez bezalakoz)

goazeman zerura igoz,

izar urdinetarainoko asmoz!

 

1931

 

 

[1] egin hadi