Aurkibidea
Albiste on baten inguruan, Anjel Lertxundi
Aurkibidea
Albiste on baten inguruan, Anjel Lertxundi
OHEA
Neke-sendalaria,
buru-argitzailea,
lanaren saria...
Amestegi guria,
nahigabeen ahazgaia,
nagien nagusia.
Bitez agur nireak,
afalondoon behintzat,
guztiak zuretzat.
Ta “aita gure” bat ere
bihoa, zu asmatu
zintuenarentzat.
Baina... Lasaitu nadin
orain, “aita gure”ka
eraso baino lehen,
jaun zintzo horren baimenaz,
mordoka datozkidan
neurtitzok esaten...
* * *
Afaldu dut oparo.
Betazalok, otoika,
eskatzen zaudate[1].
Aurrean zu, zabalik,
elurra hainbat zuria,
begiok zakuste[2].
Sartu ditzadan lehenen
estalkiok azpitik,
dagokion neurriz;
oinik irten ez dakidan
gauerdian —ohi baitu!—
lotsagabekeriz.
Apatx, orain... Bihoaz
oinetakook gora,
habea jo arte:
nire pozaren berri
auzo goi ta behekoak
ikasi bezate!
Txamarra kendu, bota
galtzok ere: ez atseden...
horrenbeste neke!...
Zuhurragoak izanak
dituk ene guraso
Adan eta Ebe...
Noizbait! Gerturik nago.
“Aitaren” egin, eta
jo dezadan murgil.
Bat, bi, hiru, lau..., agudo!,
negu-gauaren hotzak
ez nazan bertan hil.
* * *
Horra barruan, jaunok,
maindire leun artean,
bilduta, buru-oin.
Sarrerako hotz-ikara,
baina, samurtu arte,
arren, pixkat itxoin.
Oraintxe, ba, muturra
zerbait atera dezaket,
berriketa-jarrai.
Zu goratzen, maitea,
logurak hautsi arte
ez dut isildu nahi.
Ai, nolako zoroak
gauez kalerik kale
ibil ohi direnak!
Aurkituko ahal dituzte
asun minez beterik
inoiz beren oheak...
Atean haize latza
dabil, haserre... Noski!:
oherik ez baitauka...
Leihoan txingor-hotsa
da, niri loa, nonbait,
galarazi-bila.
Lan gaitza, gaitzik bada.
Ateko giro txarra
lotarako onena;
sehaska hustu genuen
haur samur-hazitxoon
llo-llo bigunena.
Bihar?... Gogapen txarrok
urrun! Egun banari
gau bat darraikio
eginaz hats hartzeko,
ez eginkizunarren,
orde, kezkatzeko.
Ta..., irakurle maitea,
laburrerako oraintxe
berriketan nauzu...
Begiak itxi zaizkit,
burutzar hau moteldu...,
arnasa... ba... kan... du...
...Amets dagit, basoan
hil nauela, barreaz,
maitagarri batek,
ta, gozorik, hileta
abesten didatela
berrehun mila lorek...
...Amets dagit nautela
tximirrikek ehortzi
abaraska baten,
ta hilobia, lasaiki
ta isilka, ari naizela
barra-barra jaten...
...Amets ...Baina, zer dantzut?
Irakurle guztiok
zurrungaka lorik?
Nire neurtitzok horren
loarazle bizkorrak
uste ez nuen zirenik!
Beraz, gabon, gazteok...
Baina... nire buru hau,
jas!... nola burutu?...
Ohe-asmatzailearen
onez agindutako
“aita gurea” ahaztu!
Gizagaixoa..., noski,
on hutsa bide zenez,
zeruan ahal dago!
Nire “aita gureen”
beharrik, beraz, ez du,
alegia, izango.
Gauzok hala direla,
laga dezaket “aita
gurea” biharko...
Atean euri-hotsa...,
haize-zotin luzeak
Agur... Da... gi... dan lo... o... o...
1919
[1] zagozkidate.
[2] ikusten zaituzte.