Bihotz-begietan
Bihotz-begietan
Xabier Lizardi
Jatorrizko testuaren estandarizazioa: Josu Landa / Susa
2021, poesia
104 orrialde
978-84-17051-69-3
Azala eta ilustrazioak: Zuhar Iruretagoiena
Xabier Lizardi
1896, Zarautz
1933, Tolosa
 
2000, poesia
 

 

MENDI-GAINA

 

Maite ditut gailurrak

argiak ez beste...

Ai, hegaztia banintz

gainik gain nenbilke!

 

        * * *

 

     Oi, udaberri goizez

mendiaren gailurra!...

Oi, haren ametsezko

zorakortasuna!...

Zein ezkutuzko indarrez,

zein atseden egarriz,

zein gorago-joranez

narakark higana?...

 

     Egiz, maitagarriak

dituk hire basotan?...

Egiz duk arnasgai bat

ezilkortzen duna?...

Egiz, eguzkiaren

lehendabiziko muinaz

sortzen duk zorunaren

lore ezezaguna?...

 

     Nik hamestan[1] bezala

ote haiz, mendi-gaina?

Goi-jauregiko maila?

Gotzonen hurbilgo?...

Egiz, Jaungoikoaren

esku ta handitasuna

ote dituk hor goitik

sumatzen bertago?...

 

     Hire goi urdinaren

urre lainotsupean

beheko txikerkerion

ahazgaia balego,

arren, aixkide urruna,

otoi, mendi maitea,

negar-haran beltz honi

kendu nazakiok!

 

        * * *

 

     Maite ditut gailurrak

argiak ez beste...

Ai, hegaztia banintz,

gainik gain nenbilke!

 

1920

 

 

[1] amesten haudan