Bihotz-begietan
Bihotz-begietan
Xabier Lizardi
Jatorrizko testuaren estandarizazioa: Josu Landa / Susa
2021, poesia
104 orrialde
978-84-17051-69-3
Azala eta ilustrazioak: Zuhar Iruretagoiena
Xabier Lizardi
1896, Zarautz
1933, Tolosa
 
2000, poesia
 

 

OTARTXO HUTSA

 

Alaba bakar zuenari,

aita alargunak

 

Zumezko otartxoa,

bazterrean hutsik...

Noizdanik, gaixoa,

ez duzu lorerik?

 

     Udaberri oro

baitzenkustan[1] ikus

loreontzi naro,

zergatik gaur hain huts?...

 

     Mendian ari da

kukua kantari;

Basoa ta Itzala

elkarren maitari;

 

     mitxeletak, hilkor

ezik beren ustez,

badabiltza han ta hor

lur apaindu gainez...

 

     Zumezko otarņoa:

udaberria izan

ta, nola, gaixoa,

zaude baxterrean?...

 

     Joan baita, betiko

joan, aitaren poza!

Loreak biltzeko

ez izaki gauza!

 

     Beso bigun haiek

gogortu baitziran,

ta itzali begiek

gau etengabean!...

 

     Zumezko otartxoa,

erradazu, arren,

huts duzun hondoa.

Ez ote, bederen,

 

     loreņo bat ahaztu

zure sabelean;

aita dadin poztu

bere negarrean?

 

     Hondar ximelenik

gabe zen otarra...

Jaso dut geldirik...

Ari dut negarra...

 

     Geroztik, inoizka,

hurbiltzen natzaio:

begira nagoka[2],

begira, luzaro...

 

     Ta sarri (gogoan

iduritu bizi)

lore bat, hondoan,

eginik du mami.

 

     Lore bat, gorria,

mardul, heze, beti;

hertsezin zauria

odolezko iduri...

 

     Oroitzezko lore,

laztan bihotzeko,

itzali den nire

izarrarentzako.

 

1930

 

 

[1] ikusten baitzintudan

[2] nagokio