Bihotz-begietan
Bihotz-begietan
Xabier Lizardi
Jatorrizko testuaren estandarizazioa: Josu Landa / Susa
2021, poesia
104 orrialde
978-84-17051-69-3
Azala eta ilustrazioak: Zuhar Iruretagoiena
Xabier Lizardi
1896, Zarautz
1933, Tolosa
 
2000, poesia
 

 

argitaletxearen oharra:

      Haren hitzak hegan hasi eta balirudike euren atzetik desagertu zela Xabier Lizardi. Bizi zelarik, esku artean duzun liburu hau baino ez zuen eman argitara: Bihotz-begietan. Aski izan zuen, ordea, mintzaira poetiko berri bat asmatu eta euskal lirikaren gorenera iristeko. Gerraurreko giro hertsiari leiho berriak ireki zizkion, irudi dirdiratsuz eta sinbologia oparoz. Poeta jaio zeneko 125. urtemugan eta Zarauzko Udalaren ekinbidez, jatorrizko testua egungo ortografia estandarrera ekarri dugu argitalpen honetan, Anjel Lertxundiren hitzaurrearekin, Zuhar Iruretagoiena artistaren esku hartzearekin eta, eranskin gisa, jatorrizko edizioa gehituta; guztia, Lizardiren poetikari irakurleak batzeko gogoz.

 

 

 

Albiste on baten inguruan

Anjel Lertxundi

 

Euskarak eman duen poema liburu ederrenen artean eder, Lizardiren Bihotz-begietan da eragin handiena izan duen obra euskal poesian: ia mende osoa pasatu da argitaratu zenetik (1932) eta ordutik honako euskal poesia ezin da ulertu Lizardi gabe; poeta handi askok aitortu du haren eragina —Salbatore Mitxelena, Gabriel Aresti, Bitoriano Gandiaga, Juan Mari Lekuona…—, eta erreferentzia ezinbestekoa da gaurko poeta berri askorentzat ere.

      Mirari bat da Lizardik Bihotz-begietan sortu izana orduko giro literario tradizionalista eta kostunbristan: modernoa da, ausarta da, desberdina da, berria da, eta, gainera, kalitate handikoa da ordu arteko poesiarekin alderatuta. Gorabeherak ditu, noski, hamabi urteko aldia baitago lehendabiziko poematik azkenekora, bada tartean poema apalik ere, baina orduko euskal literatura ondo ezagutzen duen aditu bati ere miresgarria egiten zaio imajinatzea halako fruitu poetiko bat garai hartako poesiagintza xume anbiziorik gabean.

      Lizardik poesiaren grina zuen, poesiaren muinetara iristeko antsia nabarmentzen zaio haren ahalegin bakoitzari, eta, aldi berean, hizkera poetikoa iraultzeko motibazioa du irrika nagusi. Giza izaeraren eta sentimenduen muinetara jaitsi nahi du giza desioen gailurrera iristeko, horra poeta benetako baten ahalegina, nahiz ondo jakin ez duela irrika aseko, ez dela poesiaren esentziara iritsiko. Baina, eragozpenei adore, Lizardiren ahaleginak munduaren ikuskera ugaritu nahi luke eta poesia egiteko darabilen hizkuntza berrituz duindu, duinduz aberastu. Horren atzetik dabil poeta, jakite-hegoek igotako hizkera poetiko baten bila: bere ahotsa grabatu nahi luke, zizelak harrian nola, hitzezko moldean.

 

 

Lizardik Zuzenbidea ikasi zuen etxetik eta Madrilen:  ikasketa guztiak gaztelaniaz egin beharrak eta garai hartan euskarari zitzaion begirune hutsaren hatsak euskara herdoiltzea ekarri zion. Goi ikasketak egiten zituen askori gertatzen zitzaion gauza bera. Lizardik ondo ezagutzen zuen gaztelaniazko poesia, bai klasikoa eta baita garaikidea ere. Bertsio originalean ezagutzen zuen poesia frantses asko ere. Ezagutzen zuen poesia klasikoa ere.

      Oharturik euskara galtzen ari zela, kontzientzia politikoak (Euskaltzaleak taldeko lehendakari izan zen hamar urtez, eta Gipuzkoa Buru Batzarreko idazkari pare bat urtez) euskara errekuperatzera eraman zuen Lizardi. Euskara berreskuratze horren lekuko da Bihotz-begietan liburuko lehen poema, Jaun errukiorra izeneko sonetoa: ohar batekin aitortzen digunez, gaztelaniaz idatzi zuen lehendabizi eta, gero, euskarara itzuli.

      Jantzia zen Lizardi, garaiko kezka euskaltzale eta aberkoiak bere kezkak ziren, eta haren hainbat poematan ageri dira: euskara (Gure mintzo), tradizioa (Asaba zaharren baratza), aberria (Eusko bidaztiarena), Berpizkundea (Izotz ondoko eguzki). Munduari buruzko ikuspegi zabala zuen, kosmopolita zen, garai hartan asko erabiltzen zen hitz batekin esanda (Parisko txolarrea poeman nonahikoa da mahaitik mahaira, papur batetik bestera dabilen txoria ere). Fededuna zen (Jaun errukiorra sonetoarekin hasten da liburua). Bi seme-alaba galdu zituen eta heriotza oso presente dago bere poesian (Xabiertxoren heriotza, Otartxo hutsa, Agur!, Bihotzean min dut…). Maitea zuen natura (Urte-giroak ene begian)…

 

 

Bihotz-begietan, 1932. Hemezortzi poemaz osatua, 1919koa bertako lehen poema (Jaun errukiorra) eta 1931koa azkenekoa (Gure mintzo). Hil baino urtebete lehenago argitaratua, argi jarraitzen da haren ibilbidea, ezin aproposagoa da bere poetikaren eboluzioa ezagutzeko: primeran ikusten da nola ari den egiten maila bat gorago eta koska bat estuago poesia batetik bestera, irudien distira eta sinboloen sakonera bilatuz, gutxirekin asko esateko inteligentzia erakutsiz, gero eta destilazio-prozesu zorrotzago bati ekinez.

      Akademikoak, kritikariak, poetak bat datoz Lizardik bizian argitaratu zuen poema liburu bakarra laudatzeko orduan. Bihotz-begietan hain eder gorena baldin bada —hil ostean argitaratu zioten Umezurtz olerkiak (1934)— zer egiten du halako obra bikain batek belaunaldi berrien eskura egon gabe?

      Bihotz-begietan aspalditik dago katalogoetatik kanpo, eta irakurleak bibliotekaren batera jota ere, ez zuen liburua topatzeko aukera handirik hainbat herritako liburutegi publikoetan. Halaber, kontu segurua da ez zuela ohiko liburu-dendetan topatuko. Nekez asmatuko nuke esaten noiztik ez dagoen poesiazaleen bistara eta eskura, euskal literatura zaleek auskalo noiztik ez duten ikusi liburu-dendetan, irakurleren baten eskuetan, tertulia literarioetan, herritar baten bihotz-begietan.

      Zabarkeria da motiboa? Informazio eza? Kultura jasoari diogun begirune ez batere jasoa? Lizardik duen idazle zailaren fama?  Interes falta, axolagabekeria, ezjakintasuna? Eragile kulturalen proiekzio miopea argitaratu beharreko liburuak programatzerakoan?

      Denetarik egongo da zerbait. Bitartean, hor zegoen errealitatea, hotz, guri begira eta esanez: gaurko irakurleek ez dute Lizardiren Bihotz-begietan irakurtzeko aukerarik; ez dute izan edizio berritu, egokitu, zaindurik. Euskara batuan. Literatura argitaratzeaz arduratzen den bilduma eta katalogo batean. Gaurko poema liburu eta narrazioen konpainia noblean. Egungo irakurlego konbentzionala gogoan izango duen edizio popular eskuragarri batean.

      Adierazten ari naizen egoerak, tamala izateaz gainera, ez du kontu onik esaten gutaz. Horregatik ere, aspaldiko zorra kitatzen lagundu nahi luke eskuetan duzun liburuak. Beraren segidan etorriko ahal da hainbat liburu eder ahantziren argitalpen gaurkoturik.

 

 

Begietatik bihotzera eta bihotzetik begietara bidaiatu behar luke poesiak, klasikoen logikak hala dio. Lizardik bere liburuari eman dion izenak, ordea, logika hausten du, izenburutik hasita: Bihotz-begietan. Lehendabizi, bihotza. Barruak, sen artistikoak agintzen die begiei zer eta nola ikusi. Bihotzean hasten da Lizardiren begirada, borondate eta helburu jakin bat dago —estetika bat— poetak gidatu eta bridatu nahi lukeen begiradan. Begiak kokagune fisikotik sentimenduen eremura desplazatuta, begirada ez da jada natura deskribatze hutsarekin konformatuko: naturaren sortzaile bilakatu da. 

 

 

Poeta hirira doa trenez. Artasoro bat ikusi du bultzi-leihotik.  Ederrenean dago arto-saila. Berde. Baina poetari “arto musker” etorri zaio burura eta ez “arto berde”. Berde gaztelaniazko hitza iruditzen zaiolako? Agian hori ere egongo da poetaren gogoan, baina ez dakigu. Dakiguna da jauzi kromatiko aparta eman duela artoari musker kolorea emanez, eta jauzi kromatikoarekin irakurlearen pertzepzioari eragin: poetaren senak —bihotzaren begiradak— eraldatu egin du ikusitakoa, eta irakurlearen begiradak  arto hosto-berdea ikusten zuen tokian muskerraren ibilera bizia ikusi du artoaren hostajean jostari. Sinestesia deitzen zaio. Bestalde, eguzkia bete-betean baita, poetak beste jauzi bat ere egin du, natura urrez jantzia ikusi baitu. Soroan zut eta bero galgatan ari den nekazariak, aldiz, “gizandi bat” dirudi bere gorputzak egiten duen itzalaren eraginez. Trenetik ikusten diren bazterrek, berriz, “gurarizko aberria”ren nostalgia eragiten diote poetari…

      Trena aurrera, bizia da poemaren erritmoa, atzean lagatzen ari den paisaiaren sentsazio batetik bestera dabil poeta, luzea da poeman ageri diren irudien sekuentzia, haien jauziek markatzen dute irudi batetik besterako erritmoa. Laster iritsiko da trena hirira, lanaren —“beheko behar goria”ren— giza erlauntzara.

      Iruditik irudira, jauzitik jauzira, trenak eta poemak abiada bera dute. Zeren zerk eragina da erritmoa, ez bada trenaren beraren  traka-hotsak sortua poemaren hasieratik bukaeraraino?

      Gomendagarria da poema ozen irakurtzea efektuaz jabetzeko:

 

            Oi, lur, oi lur!

            Oi, ene lur nirea!…

            Oi, goiz eme,

            Barre gozoz ernea!…

 

      Beste poema batean, Bihotzean min dut izenekoan, hilkutxa baten atzetik doan jende isil tristatuaren oin-hotsek markatutako hileta-erritmoa entzuten dugu ozen, goibel, abaildu:

 

            Hots!

            Hots!,

            bizion oinok…

 

      Esan liteke Bultzi-leihotik dela geroko poemetan ageriko den estetikaren anuntzio eta atari; natura atzean utzi beharraren kezka ageri da bertan; nabarmena da hizkuntzari txirbilak ateratzeko premia;  ahozkotasunetik urrutiratutako poetika moderno baten aldarritzat har daiteke, eta poema bakar horretan luzatu banaiz da uste dudalako lagungarri dela liburua bere osotasunean hartzeko eta ulertzeko.

 

 

Koldo Mitxelenak zioen Lizardiren poesiari esker beste modu batera ikusten dugula natura. Inpresionistek pinturan argiarekin nola, edo musikan hotsekin zer, Lizardik ere halaxe jokatzen du hitzekin, hitzek duten irudimenari eragiteko indar koloretsu bezain musikalarekin (Bultzi-leihotik, Urte-giroak ene begian…). 

      Lizardiren natura ez da soilik superbibentzia, janaria, ura, egurra; ez da soilik etekin materiala ateratzen diogun ondare bat. Bada edertasunaren iturri ere. Natura bada, halaber, kosmosaren parte egiten gaituen altzo espirituala. Labur esanda: beti dago munduari begiratzeko modu osoagorik. 

      Natura edertasunaren iturri, kosmosaren parte, begirada berri baten emaitza estetiko… Eta iraulketa hori guztia euskararen talaiatik eta ahalbideekin sortua da, euskarak eman die euskaldunon bihotz-begiei naturan paisaia deskubritzeko aukera.

 

 

Oihenart salbu, euskal poesian inork egin ez dituen bideetatik dabil Lizardi. Euskararen izaera aglutinatzaileak dakarren fraseologia pausatua laburtu, bizkortu, arindu nahi du. Bidea zabaldu nahi die erritmo biziagoei, baina sakontasunari iskin egin gabe. Bidea zabaldu nahi die sinbolisten eta inpresionistengandik datozen bide berriei. Poesia idazteko, inspirazio soila ez du aski: efektu pentsatuen, kalkulatuen, bilatuen emaitza lortu nahi du. Poesia sorkuntza da, baina ez ezerezetik sortua: tradizioa dago; etxeko eta beste hizkuntzetako poeten lorpenak daude; hizkuntza bakoitza altxor berebizikoa da, baina hizkuntza bakoitzak bere ahulezia eta premiak ditu. Altxorra bezala, ahuleziak ere aztertu behar ditu poetak.

      Hizkuntza aingura eta aingira da aldi berean zinezko poeta batentzat. Aingura den aldetik, hizkuntzak finkatuak ditu egitura, estrukturak, identitate propioa. Aingira den aldetik, irristakorra da hizkuntza; ez du dena ematen, baina dena eman dezake. Jakin-minez hartzen badugu, aukera batetik bestera eramango gaitu ziri-zara, baita sekula imajinatu ez ditugun ate ezkutuen aurrera ere…

      Zuhur izanik, ausardia behar, ordea, aldi berean aingura eta aingira izateko.

 

 

Lizardiren ausardia kontzientea da, aurrez daki zeren bila dabilen: sinbolo eta irudi estetikoen nolakoa aztertzen du, tonuari nola eutsi kalkulatzen du, poema osoa antolatzen du zirrikiturik gabeko totum baten gisa. Baina hori guztia lortzeko, badaki imajinazioaren alde inkontzientea kontrolatu beharko duela eta kontzientziaren euskarria bilatu, (ahal bada) ezer utzi gabe inprobisazioaren esku. Inspirazioak harrapa gaitzala lanean: Lizardik klasikoengandik ikasia zuen inspirazioak nagi ikusten bazaitu, gero eta urriagotan bisitatuko zaituela.

      Hizkuntzan dauka Lizardik bila dabilen indar espresiboa, hizkuntzari atera behar dizkio etekinak. Horretarako, gramatikaren mugetara iristen da sarri, inoiz hizkuntza bihurritu eta haren izaera bortxatzeraino.

 

 

Horra poeta eta poema amildegira erortzeko arriskuan. Ausarta da, ordea, Lizardi, eta bide berriak esploratu nahi ditu.

      Laster jasoko ditu kontrako erreakzioak, batzuk nahiko bortitzak. Ez da harritzekoa hala gertatu izana: ukiezinak dira, ia sakratuak, bide zahar betikoak. Baina poeta da Lizardi, ez gramatikari. Eta gramatikariek ez bezala daki zer behar duen hizkuntzak noranahikoa izateko:  eguneratu beharra dauka; hizkuntzaren soin zaharra jantzi berrien premian dago etorkizuna ezagutuko badu.

      Egiten eta eskaintzen ari den bidea kritikatzen diote. Muzin egin ordez, Lizardik “Bide berriak? Bide guztiak!” izeneko artikulu gogoangarria eskainiko die kritikariei, lezio handia emanez: bide berriek ez diete ezer kentzen bide betikoei. Elkarrekin dira.

      Hizkuntza berritu, irauli, jaso, noranahikotu… Nekez lor zezakeen halakorik hizkerari han eta hemen etekin berriak ateratzen saiatu gabe.

 

 

“Lizardi nirea da, nire esku biak, nire poesia eta nire herria nireak diren bezala, gizarteko komunio batean”, idatzi zuen Gabriel Arestik, haren poemek gugan sortzen duten zirrara esplikagaitza esplikatu nahian: “Pentsatuko dut Lizardik urrezko orri bat eskribitu zuela euskal literaturan, guztirik ederrena, guztirik distiratsuena. Haren izena munduko abangoardian aurkitzen da”.

 

 

“Leihoak lauso dira, eguraldiaren antzo”, idatzi zuen Lizardik. Hori idatzi eta bizpahiru urtera gerra piztu zuten. Herri baten ametsa triskilatu zuten txingorrak asaba zaharren baratzea nola, eta euskalgintzaren argia itzali zuten. Ordurako, Lizardi hila zen.

      Urte latz asko eta min etsi sakonen ostean, Bihotz-begietan liburuak eta Lizardik egindako lanaren memoriak bizirik diraute. Orriz orri, poema batetik bestera, artasoro muskerretan, gure mintzoan.