Bihotz-begietan
Bihotz-begietan
Xabier Lizardi
Jatorrizko testuaren estandarizazioa: Josu Landa / Susa
2021, poesia
104 orrialde
978-84-17051-69-3
Azala eta ilustrazioak: Zuhar Iruretagoiena
Xabier Lizardi
1896, Zarautz
1933, Tolosa
 
2000, poesia
 

 

BIHOTZEAN MIN DUT

        (hileta-eresi)

 

Amona zenaren ehortz-egunean

 

Bihotzean min dut, min etsia,

negar isila darion mina.

Amonatxo bat nuen: gaur, enarak

etorri garaiez, alde egina.

 

            * * *

 

     Eguzkirik ez dute

leihotan zapiek;

haur-jolasik ez dago

gaur zure kalean.

Hodeiek lits urratu;

itsasoak orro.

Gizadi bat geldirik;

gero, bat-batean:

 

              Hots!

              Hots!

         bizion oinok...

 

     Erreska bi gizonek

argizari horiak;

gorputza lau bilobok;

atzetik andreak.

Ai, ene lor arin hau

zein dudan larria!

Besoek ez lan arren,

bihotzak nekeak...

 

              Hots!

              Hots!

         bizion oinok...

 

     Mendea ia betea,

ta hain ilaun, gorputz xahar!

Bezak gogoa goien

hi bezain arina,

ta bezat nik nirea,

dei nazatenean,

ezin-itzal-Argirantz

hegatzeko dina!

 

              Hots!

              Hots!

         bizion oinok...

 

     Orain laurogei urte,

kale pozgabeok

eguzkiak zituen ta

zure haur-jolasak

alaitzen. Gaur, harriak

ere baitira itzal...,

nork lekusazke, ikusi,

urte urdin ihesak!

 

              Hots!

              Hots!

         bizion oinok...

 

     Egun zaharrak joan ta

berriak etorri,

gaur poz bihar oinaze,

noiz burni noiz zilar,

zenbaitek hondamendi

baitute katea

lore-sorta bekizu

goi-muinoak zehar!

 

              Hots!

              Hots!

         bizion oinok...

 

            * * *

 

     Bat-batean eten da

bizion hots hori.

Gorputza laga dugu

nonbait. Al dakit nun!

Bultza naute barrura...,

ņir-ņir aunitz argi...;

hordia antzo sar nauzu,

begi-lauso ta urgun.

 

              Hots!

              Hots!

         enegan, bihotz!

 

     Amonatxo! Bakarrik

zagozkigu atean,

hotz ta gogor, entzuten

zure azken Meza!

Zerraldo-oholen artetik

(negu-gaua iduri)

ez al datortzu, uluka,

haize erruki-eza?

 

              Hots!

              Hots!

         enegan, bihotz!

 

     Begiok ero ditut,

noranahi doazkit;

dantza nahasi bat dabilt

irudimenean.

Gorantz egik, bihotza:

otoika lasai hadi!

Isila sor badadi

hire barrenean!

 

              Hots!

              Hots!

         enegan, bihotz...

 

            * * *

 

     Ordubete luzea

igaro zen. Noizbait,

berriro lor ilauna

besoek... Hurrena,

muino baten gainean

uri isil bat aurki...

Poz-oinaze kateak

hemen dik etena.

 

              Hots!

              Hots!

         bizion oinok...

 

            * * *

 

     Ohol bat jaso ta ikusi

dut musu ximela:

barre-antxa, bizirik

balirau bezela:

 

              (Hots!

              Hots!

         leher hadi, bihotz!)

 

orduan, ixar bat biztu

du nire gau beltzak.

Begioi malko isil bat

dardarka darie.

Noizbait itxaro-kabi

bihur den bihotzak:

 

              (Hots!

              Hots!

         jauzika, bihotz!)

 

     “Agur! (oihuka dio)

gorputz ximur maite!

Agur, amonatxoa!

Egun Handira arte!...”.

 

            * * *

 

     Bihotzean min dut, min etsia,

zotinik gabeko negar-mina.

Halatsu txoriak, uda-ondoz,

negua du galarazi ezina.