Aurkibidea
Albiste on baten inguruan, Anjel Lertxundi
Aurkibidea
Albiste on baten inguruan, Anjel Lertxundi
ASABA ZAHARREN BARATZA
Poluikarpa Barrena,
adiskide min eta abertzale
jatorrari, bihotzez
I.— Atarian
Asaba zaharren baratza,
huntzadun hormek hesia,
eguzkiak lehen maitea...
Hotzaldi zoro baten itzuli,
joka nagokik atea.
Joka nagokik atea,
ate gorri zurezkoa,
euri zaharrek usteldua;
barraskiloek bide bihurri
dirdaitsuez apaindua.
Bai bainuen amona xahar bat
zazpi begiko baratzain;
deiadarkari iaioa
marrubi-lapur ninkusanetan...
Bizi ote dut gaixoa?
II.— Sarrera
Sar eta... zuhaitz jantziak.
Urrats bat egin, ta... adar huts.
Oroipen-txoriez zeuden
beterik: ni ikus ta, bat-batean,
hegoei eragin zieten.
Nigana datoz, nahasian...
Adiskide min-maiteak!
Barru-muineko gauean,
su itzalitzako zaharra gar gorri
dabilkit bihur-nahian.
Belar gaiztoak jan ditu
nire bidexka ezkutuak...
Ale bakanak dakarzki
bide gaineko mahastiak, eta
ortziak peitu du eguzki.
Urte joanen zitala!
Zuek zarpaildu-itzalia
lehenera nork lekardake?
Zabal-naroa nuen baratza,
gaur hain estu, gaur hain gabe!
III.— Lehena
Baratz erdian dut aurki
amona: aldaroka dator,
begi galduak noranahi...
Heriotzak dakar besalagun,
bere buruz ez baita gai.
Amona, zatozkit, otoi:
biloba laztan ezazu,
esan zadazu “biloba!”.
Hitz hori, soilki, zaharrak dit ondu,
ardoa ohi duen bezala.
Biraka hasi zen, dei ta dei:
aita dei, ta ama; haurtzaroko
lurrak irentsi lagunak...
Zaharrez berrumetu denez gero,
mendeko darabil lehenak.
Errukarri! Lausorik du
giza argia begietan...
Nonahi aldiaren sitsa!
Zuka, zoroki, mintza zitzaidan,
zaldun arrotza bainintzan.
Laztan dut. Bera, harrituta,
begi-begira dagokit.
Gero, geldiro: “Nor zaitut?...”.
Euskaraz hark niri galdegina
gogoan besterik ez dut!
Nire begien suz sutu
nahiez bereak, diotsat:
“Biloba nauzu, zaharrena...
Zure marrubi gorriak inoiz
osten ohi nituena...”.
Oroi ote?... Begietan,
zalantza dut tximistarik
iragan zuelakoa.
Burua igurtzi zidan astiro,
esanez: “Zu...? Zu...? Gaixoa!”.
Ta hasi zen biraka berriz,
hil zaharrei hoska, negarrez,
heriotzaren egarri...
Bizitzearen hondar-aleak
larrainean eultzitzen ari!
IV.— Oraina
Ta, hara, bidean, baldarņo,
muttiko bat guregana:
hark birbiloba, nik seme.
Ikus amonak, bertan gelditu,
ta haren eztizko irribarre!
Laztan du, pozak zoratzen:
“Hi haut, orain hakust ongi!”.
(diotsa) “Hi haut, bai, ‘holako’!...”.
Ta..., nire izenez igurtzi zuen
burutik oinetaraino.
Lehena zegoen orainaz
ele gozoka. Bitzuok
mintzo beraz ziharduten.
Ene asaben lokarri zaharra,
Jaunari zor, ez zen eten!
V.— Etorkizuna
Orduan eguzkiz jantzi zen
asaba zaharren baratza;
orduan, zuhaitzak igaliz;
orduan baratza leheneratu zen
mugak berriro zabaliz[1].
Ta lehen ikusi gabeko
zuhaitz berri bat zegoen
erdian, guzien buru...
Haren gerizak herri-baratzak
ezin-hilkor egin ditu.
Nire Tabor-mendi: nire
baratz zaharraren antzalda!,
egi, mami, bihur hadi:
lehenaren muinak aldatu beza
baratz zaharra baratz berri!
1931
[1] zabalduz