Bihotz-begietan
Bihotz-begietan
Xabier Lizardi
Jatorrizko testuaren estandarizazioa: Josu Landa / Susa
2021, poesia
104 orrialde
978-84-17051-69-3
Azala eta ilustrazioak: Zuhar Iruretagoiena
Xabier Lizardi
1896, Zarautz
1933, Tolosa
 
2000, poesia
 

 

ZERU-AZPIA

 

Frantsesetik itzulia, mamiz

(Besse de L.)

 

 

               I

 

Esan amatxo: aingerutxoek

hegoa urrezko badute,

zeru urdinean urre-dirdira

nik nola ikusten ez ote?...

 

     Barre gozo bat amak eginda,

haurrari hala diotsa:

— Behetik dakusgun urdina zeru-

-azpia baizik ez baita.

 

     — Ene, ba!, azpia —mutilak dio—

horren ederra delarik,

nolakoxea ote da, gero,

zerua goi-alderditik!...

 

 

               II

 

Gautu zenean, ortzi zabala

bare-oskarbi zegoen,

ta izar argien zilar-begiek

haurrari par zegioten.

 

     Haur-kezka oro amets eztitsu

bihur ohi diren garaian,

haurrak, amaren bihotz alboan,

berriro honela ziotsan:

 

     — Zerua azpitik horren ederra

delarik, amatxo maite,

ai, nire poza, zeru-gainkia

ikustera ahal baningoke[1]...

 

 

               III

 

Haurraren nahia zeruratu zen,

(halatsu otoitz garbia),

ta aingerutxoek eska zioten

Jaunari lagun berria.

 

     Eguzkiaren urrezko jaia

berriro izeki zeneko,

begia itxirik zeukan haurtxoak

zeru-azpia ikusteko.

 

     Sehaska aldean ama gaixoak

otoi zegien, negarrez,

semea igoa baitzuen, zeruko

goikia ikusi beharrez.

 

1925

 

 

[1] igoko ahal banintz