Bihotz-begietan
Bihotz-begietan
Xabier Lizardi
Jatorrizko testuaren estandarizazioa: Josu Landa / Susa
2021, poesia
104 orrialde
978-84-17051-69-3
Azala eta ilustrazioak: Zuhar Iruretagoiena
Xabier Lizardi
1896, Zarautz
1933, Tolosa
 
2000, poesia
 

 

BULTZI-LEIHOTIK

 

Oi, lur, oi, lur!

Oi, ene lur nirea!...

Oi, goiz eme,

barre gozoz ernea!...

 

     Arto musker,

mendi, baserri zaharrak;

ale gorriz

abailduta sagarrak:

 

     oro laino

mehe batek estalia,

urrez oro

eguzkiak jantzia...

 

     Nekazari,

gizandi bat iduri

soroan zut:

bejondeizula zuri!...

 

     Zure bazter,

gurazko aberria,

doa zoro

ta (bertan ni) bultzia...

 

     Oi, ene lur,

baninduzu zeurea,

zu landu, ta

zure sariz asea!...

 

     Baina... ezin:

beheko behar goriak

narama... Agur,

soro, sagar, mendiak!...

 

1929ko dagonila