Bihotz-begietan
Bihotz-begietan
Xabier Lizardi
Jatorrizko testuaren estandarizazioa: Josu Landa / Susa
2021, poesia
104 orrialde
978-84-17051-69-3
Azala eta ilustrazioak: Zuhar Iruretagoiena
Xabier Lizardi
1896, Zarautz
1933, Tolosa
 
2000, poesia
 

 

NESKATXA URDIN-JANTZIA

 

Udaberri, uste ezik,

aurki dut basoan.

Neskatxa da, ta urdinez

jantzita zihoan.

Urdina janzkia, ta

begia areago:

halakorik itsaso

barean ez dago.

Begi eder-goseok,

ase zakidate!,

inon ez baitaiteke

ederrik, hau beste.

Mamia du nahasian

oretua, inolaz,

Lorail-laino goiztiar ta

marrubi-odolaz.

Arbazta iharrarena

bezain su zolia

Egun-ek biztu dio

jorik iledia.

Haren oinek ikutzen

ote dute lurra?

Ezetz diot: ez baita

malgutu belarra.

 

     Biluzik zen basoa

negu hondarrean,

neskatxa urdin-jantzia

bertara denean.

Zebilela, hats epel bat,

usainez joria,

dama[1]; ta adar beltzetan

erne da bizia.

Orriz orri janzten da

basoa, gozoro...

Bakan-bakanka lehenen...

Sarri-sarri gero.

Eguzki itzulberriak

(maitari goiztiarrak),

muinkatu du basoa,

(muinkatu senarrak)...

Emazte ezkonberria

dela uste basoa...

Haren dar-dar emea...

Haren par gozoa!

Ustez, buru gainean

gaua dut, argia,

hamaika izar urdinen

dirdirak josia...

Ustez, ur orlegiak

nituen oinean,

izarrok zirelarik

islatzen urean...

Gezur amesgarria,

lilurak sortua!

Goien urdina nuen,

hostoak xehatua;

behean, berriz, urrezko

jarioz argiak

belarrean ohi ditun

begibil zoliak.

Marmarra dabil goien,

ezin dezakezuna

hots ezti den igarri,

ala isiltasuna.

Bat-batez, ehun txoriek

eztarriak eten,

ta aberaski zabala

bitxiz jantzi zuten...

 

     Egun-ehunez jantzia

berrikusi nahiez,

bira ditut begiak,

bira, baina... inon ez!

Non da, non da sorgina,

basoak maitea?

Begiaz dut, alferrik,

jo haren bidea.

Joana zen... Joana,

niri, bihotzean,

kezka beldur-eztia

josi ondorean...

Maitetasun-hazia:

ene udaberria:

neskatx tankerakoa

ta urdinez jantzia!...

 

 

[1] ematen du