Aurkibidea
Albiste on baten inguruan, Anjel Lertxundi
Aurkibidea
Albiste on baten inguruan, Anjel Lertxundi
ALDAKERIA
(maitezko ipuin mikatza)
I
Leihoa. Kaiola, bertan.
Urrezko hariz lotuta, pozik, txoria:
ez margo, ez eztarria:
ederrik gaixoa nekez ezertan...
Itzalgarri mahatsondoa.
Ikusgai, berriz, ibai, mendi, baso, zelai,
ta udaren urrea nonahi...
Bazuen zerk aska-zaletu gogoa!
Mahaitiar zituen txolarre
bihurriak, maiz; enarak aixkide, berriz;
ta irraka joan-etorriz,
iluntzeak dituen sorbeltzak ere.
Txolarreak diotsona:
“Oi, ene lagun gaixoa! Lotu gaberik,
heure mahai gizen bera nik!...
Oi, zein maite dudan askatasuna!...”.
Enarak: “Ene laguna,
errukarri haiz; ez baituk inon kabirik
ume laztanek beterik!...
Oi, zein maite dudan askatasuna!...”.
Sorbeltzak: “Ez duk biguna
hire zoria; begitu nazak, hemen-hor,
laster bai zabalak mozkor!...
Oi, zein maite dudan askatasuna!...”.
Txoriak: “Ez zuen ele
maitekorrak, ez hemendiko ikuskizunok...,
inork ez ezerk, lagunok,
ezin naute eginen askatu zale”.
* * *
Leihora, bat-batean, nor?...
Eder-ametsik ezinena, haragituta!
Neskatxak: “Hega”, dio, ta,
kaiola zabalduz: “Maiteņoa, hator...”.
Haren begikun gozoa!...
Burni-tartetik giltzape beltzean sartzen,
askatasun-egunaren
urratzea ez den bezalakoa...
Txoriaren poz-ikara!...
Ur-ontzitxoan murgildu ta astinduz gero,
maitetasunarren ero,
badoa dei dion aho gorrira.
“Hega hadi, maiteņoa, arin,
niri biraka; eskuaz bainago erne...
Lasterrago! Horrelaxe! Ene!
Ukaldia jaurti, ta atzitu ezin!”.
“Gaiztoa! Geldirik! Hator...
Nirea haiz noizbait! Laztan bat: orain bestea;
jan nahi haut, ene maitea...
Horra, gaurkoz, niri berrehun musu zor...”.
* * *
Leiho gaineko enarari,
hona zein ohar ziotson, ezin hobeak,
txolarre lotsagabeak,
bihurki eraginik begiari:
“Ikus dun hori, laguna?...
Ez din, horratik, horrexek jaso makala,
ederrez hain motza dala...”.
(Zozoak beleari..., dakiguna).
II
Udara joan da. Marduldu zaizkio mordoak
mahatsondoari. Behinola,
—hegari mozkorra— jo du kaiola
gazteenik hildako hostoak.
Agur, enarok... Ai, zuen kabi goxoa
berriz beterik deneko!...
Ai, zeinen luze zuen hurreneko
maitaldiaren beroa!...
Egunak ihes, ta goiz bat, zuriz jantzia,
dar-dar jaio zen... Negua.
Zertan hago, gogo minak puztua,
zer dela-ta itun, txoria?...
Ohar, baina, non datorren hire maitea!
Ene... zerk, ordea, zimur
eragin ezpainei?... Ene!... nork lapur
begien irribarrea?...
Leiho-kaiolak zabaldu ditu, bat-bana...
Sartu du Negua-k sudur
ospeldu-zorrotza. Txoria, beldur,
hega da maiteagana...
Ai, haren esku, laztankor iaz izana.
Lore-orria arantza bihur!...
Lehengoa daitekek, zakarki elur
pera egotzi hauena?
Negargarria! Leiho ostean itzalia
bizitz-bizitza huen garra!...
Hire eguzkiaren ilunabarra!...
Betiko hil argi guztia...
Hega, bai, hega! Oro zegok hotz, bai bakar;
oro, bai, ene!, zuria!...
Non jana, ta aterperik non, txoria,
bila arren adarrik adar?...
* * *
Gose-nekeak ahuldurik, elur gainean
etzan da; ta arin, geldiak
deituta, gogapen negargarriak
egotzi zaizkio taldean.
Inoiz ikusi duzue tximirrikarik,
hiltzeko jausitakoan,
xomorroek jana nola dagoen,
azkenak egin ezinik?
Bero gozoa! Jantoki alez betea!
Laztan eztiak goizean!...
Agur, agur!... Oi! Heriotza-aurrean,
etsipenaren nekea!
Inoiz kabirik egin gabeko gaixoa!
Elurretan, hor, txoria,
epelak ohatuta, hire kabia...
lehenen bai azkenengoa!...
* * *
Elur ta elur: elurra, etengabean:
iluntze beldurgarria!...
Astindu nahi... Hega nahi... Ai, txoria!,
elurra beti soinean!
* * *
Aleak une, dihardu, nagiz, Aldia-k
jalkitzen artaburua...
Agurea baita, dar-dar eskua,
logura, berriz, begiak...
* * *
Hil nahi, ezin hil... Gauaren azkengabea!
* * *
Eguna?... Bai, nekezkoa;
ur-esnea baino motelagoa...
Eguna noizbait, ordea!
Hil aurreko indar- -hondarrak suspertu?... Behintzat,
txoria leihorantz doa,
mozkorki —halatsu udazken-hostoa—,
egun nekez jaioaz bat.
Mokoz bai hegoz otoikor astindu ditu
leiarki lausoz beteak...
Ai, behin ere ez balu zorigabeak
begiaz lainoa urratu!
Margoz, bikaina; eztarriz, abeslaria;
bigunki, barru gozoan,
zatarretsiaren kaiolatxoan,
lo dago beste txoria...
Errukarria! Behin eta berriz, alena!
Nondiko gezi zorrotza
bat-batez heldu zaik hegan, bihotza
josteko guztiz zuzena?...
* * *
Leiho-harrian jausi zen; lauso begiak,
zutiturik errotxoak:
behatzak bihurri, zabal hegoak,
harroturik hegakiak...
1925