Bilbo dub kronikak
Bilbo dub kronikak
2004, poesia
88 orrialde
84-95511-65-7
azala: Paddy Rekalde
Paddy Rekalde
1964, Deustua
 
2011, poesia
2006, nobela
 

 

EZ DA IRAGANMINA, LAGUNOK

 

Zubi arteko hiri zahar eta epel hau

erruki barik bortxatu dute

jauntxo engominatuen bulegoetan,

behin eta berriro aurretik

behin eta berriro atzetik

behin eta berriro ahotik,

eta makillaje mota guztiak aplikatu dizkiote

zaurietan, beltzuneetan, urratuetan...

San Anton zubitik Deustukora erraz ikusten da

hiria top-model bat bihurtu nahi dutela.

Halaxe etorri zaizkit gogora garai bateko irudiak:

ijitoak euren odolari abesten, txaloka,

mozkorrak, jonkiak eta maiteminduak

bazter batetik bestera,

anguleroak kriseiluaren argipean koñaka zurrutean,

kontainerrak sutan kale eta zubi artean,

kaleen zarata etengabea.

Halaxe bidaiatu dute ene oroitzapenek

itsasadarrean barrena, mareen beharrik gabe,

Deustuko zubira heldu arte:

Guggenheim erraldoia,

Puppy ikaragarri bizigabea,

eta palmondo ondo lerrokatuak

eta pasealeku itxurosoak

eta turismo denda bulegoak

eta musika jauregiak

eta hotelak eta museoak.

Ezin jakin non nagoen.

Begiak bildu behar izan ditut,

beldurrak banengo bezala;

hantxe zeuden Euskaldunako langileak

ke poteetako laino kimikoaren erdian borrokan,

balak, euri langarra, torlojuak eta zeru goibela,

kaskoak, sirenotsak, txakurrak, zapiak, koheteak...

eta bafleetan «Eutsi gogor, Euskalduna».

 

Ez da iraganmina, lagunok;

hauxe da kontua:

bazter hauetara zenbat eta gehiagotan itzuli

orduan eta ezezagunagoak egiten zaizkigula,

gero eta urrinago sentitzen ditugula.

 

Beste barik.