Bilbo dub kronikak
Bilbo dub kronikak
2004, poesia
88 orrialde
84-95511-65-7
azala: Paddy Rekalde
Paddy Rekalde
1964, Deustua
 
2011, poesia
2006, nobela
 

 

PASABIDE HUTSAK DITUZU KALEOK

 

Maniki dotore jantzia duzu hiria,

adatsetatik oinetaraino,

baina isila, eta hila.

Horrelaxe irakur dezakezu Banco de España kalean

gaztetxea zen eraikin apain berrituan:

BBK - Euskal Herriko Unibertsitatea -

Esperientzi Ikasgelak.

Plaka txukuna, edifizio garbia, berria,

baina isila, eta hila,

kaleotako isla zibilizatu eta modernoa,

eraiki nahi duten hiri mortuaren adibide.

Ez dago kartelik hormetan,

ez badira iragarki txiki eta hotzak,

ez dago kaleak errebindikatzen dituen pintadarik,

eta teilatuen gainetik zabaltzen diren irrati libreen uhinak

gero eta urriago, gero eta isolatuago.

Pasabide hutsak dituzu kaleok,

erakusleiho zerrenda argitsu eta luzeak,

Guggenheim eta euskal sukaldaritza ezagutzera etorritako

turisten argazki kameraren jopuntu bakarrak.

Laster, kaio zaborzale zaratatsuen ordez

zisne harro eta mokofinak ipiniko dituzte ur uherrotan,

baita euskal sukaldaritza berria dastatzeko afariak

halako itsasontzi dotore egokitu batean eman ere,

itsasadarrean gora eta

itsasadarrean behera.

Uste dut goi mailako hosteleroak pozik daudela.