Aurkibidea
BEGIRA EGIOZU GIZON HORRI
Begira egiozu gizon horri,
baso luzanga ardo eta hiru zigarrotxo
mahai gainean dauzkan
gizon zimurtu eta zahartu horri.
Badirudi ez diola ezerk axola,
tabakoa eta ardoa dira
behar duen guztia,
eta ez du ezer gehiago eskatzen.
Begira egiozu gizon horri,
tabernako bazter horretan dagoen gizon baztertu horri.
Badirudi ez diola ezerk axola mundu honetan
momentu honetan,
ez duela lagunik nahi, ezta behar ere,
eta bere bihotz ezin urratuago hori
alkoholez baino ezin duela laztandu.
Gaurkoa bezalako arrats euritsuetan
aterpe ematen diote taberna honetan,
aterpe eta baso luzanga bat ardo,
eta lasai-lasai erreko dituen hiruzpalau zigarrotxo,
bizitzak beti bezain puta jarraitzen duela
ikusten duen bitartean
taberna honetako bazter horretatik.
Begira egiozu gizon horri.
Gau batean botila bat kraskatu eta
amorruz aurre egin zien
barre egiten zioten putakume batzuei,
botila kraskatu
eta akabatu egingo zituela esan zien,
oihuka, samako zaina hanpatuta,
eta dardaraka zeukan eskuaz
zuzendu egin zien
kristal puskatuaren zorrotza,
txerriak bezala akabatu egingo zituela
oihukatzen zuen bitartean.
Begiratu egiozu gizon horri.
Handik ordu laurden batera,
txakurrak agertu eta kanpora eraman zuten,
tabernan zeuden putakumeak xaxaka ari zirela,
eta kale kantoi bateko ilunpean
jipoitu egin zuten
inolako gupidarik gabe,
Jaungoikoaren eta Legearen izenean.
Begira egiozu gizon horri.