Aurkibidea
ALDAPAN BEHERA
Demagun arratsalde eskasa egiten zuela,
badakizue, zerua gris eta zirimiri puta hori,
eta, jakina, batzuek kontrakoa esango dute,
oso bilbotarra dela hori guztia, oso hemengoa,
eta, bueno, holan nahi baduzue, tira,
baina kontua bestelakoa da,
kontua da Cantalojasko zubitik pasa nintzela,
lasai, inolako presa barik, beherantz,
Bilbao La Viejarantz,
zurrutada batzuk jo eta hanka,
beste barik,
baina, egia esan, ezin dut handik pasa
eta bihotza urratu barik geratu,
ezin dut, ezin izango nuke inoiz,
zer egingo diogu, ba, halakoxeak gara;
eta, benetan, zirimiria egiten bazuen ere,
jende guztiak kalean ematen zuen denbora,
denbora pasa, egonean egon,
alferrikako denbora, esango lukete batzuek,
eta begirada okerra ipiniko liekete hango batzuei,
ea zelan etorri diren gurera holan egoteko,
potrojorran,
eta ezin izango dute besterik pentsatu,
hala nola, kale gorrian dauden horiek
lan duin bat nahiko luketela,
inongo pretentsiorik ez daukan lan duin bat,
baina ez,
moro, beltz, ijito, puta eta jonki saldo bat
kalean gora eta behera baino ez dute ikusten,
hori baino ez dute ikusi nahi,
bihotzeko miopia izugarria da batzuetan.
Gerra, gorrotoa, nazka eta mina
ikusten ditut kalean, dantzan,
baina benetako mina,
ez batzuek behin eta berriro sartzen diguten min-matraka,
deputamadre, ederto bizi direla jakinda,
baina hala ere jo ta fuego euren min-matrakarekin,
etengabe, bonbardeo hutsean,
euren barren-barreneko minarekin.
Eta ez dakit barre ala negar egin behar ote dudan,
etor zaitezte hona, esango nieke,
etorri eta benetako mina usainduko duzue,
usaindu, bai, eta entzun eta ikusi eta ukitu,
etorri, eta ez esan zeru gris hau ederra denik,
zeru gris puta honek ez ditu azalak berotzen,
edo ez duzue ikusten izkina horretan
jonki hori zelan dagoen hotzak akabatzen?,
ze astiro pausatzen dituen oinak
zirimiriak lohitutako kaleotan labain ez egiteko?
Barreneko minak,
barreneko ostiak!
Putek gustura edukiko lituzkete barreneko minak
kaletik betiko hanka egiteko lantxo duin bat izanez gero,
emaidazu, esango lizukete, emaidazu lantxo bat,
ez oso ondo pagatua, nahi baduzu,
baina bizitzeko beste pagatua,
eta zin egiten dizut
zure barreneko min guztiak jango ditudala,
eta eurekin lo eta larrutan egingo dudala,
eta zupaka egingo diedala
zure barreneko minen zakilburuei,
lan normaltxo bat, hemendik eskapatzeko modukoa,
ez zerura eramateko modukoa, ez.
Eta gauza bera esango lizukete magrebiarrek,
nahiago dutela nonbaiten beharrean ibili
izkinako bileretan baino,
baina, jakina, zeozer emango diete balizko lapurrei?,
joan daitezela euren desertura behingoz,
entzun dezakezue gure kale zibilizatuetan,
itxura oneko kristau eta ondo ordainduen artean,
joan daitezela betiko, kiratsa darie-eta!
Utzidazue barre egiten, apur batez behintzat.
Barreneko minak...!
Astiro, oso-oso astiro
ezer ikusi gabe doan jonki horrek
ez dauka barreneko minik,
ez dauka ezer barrenean, ezer ez,
hutsik dago, ondoko obretako tuberiak bezain hutsik,
indar barik hamar metro gora eta hamar behera,
eta zuek bere gainean ikusten dituzuen kaioak
itzulinguruka dabiltzan putreak dira beretzat,
hilotz ibiltari bat ikusten duten putreak,
zer uste zenuten?
Begi guztiek ez dute gauza bera ikusten.
Beherantz nindoan
arratsalde euritsu, gris eta puta hartan,
Piratara edo Elexaldera, han inguruko batera,
ez nekien nora, bost axola,
baina kontua erraza zen,
zurrutada batzuk jo lagunen artean,
lagunik egotekotan, jakina;
baina, beti bezala,
kale hartatik jaistean
betikoa pentsatu nuen,
atsegina dela
zurrutadaren laztana eskuetan,
errebolberraren laztana
bezain
atsegina.