Aurkibidea
1. GUTUNA ARESTIRI
Gabriel,
bihotzak, berbak zein begiradak
dagoeneko
ez dira harrizkoak,
altzairuzkoak baizik,
edo titaniozkoak,
zure egun haietan baino hotzagoak,
eta poesia ez da merkea,
ez da herriaren ahotik debalde jasotzen.
Gabriel,
lore jokoak beka-sari joko bihurtu dituzte
oraingo jauntxoek
kultura babesteko aitzakiaz,
eta metatu egiten dute dena
almazen-jauregi erraldoi eta hutsetan,
izozmendien antzera.
Gabriel,
Askaotik Sendejara
Abusutik Elorrietara
Bilbaon
esperantza
are meharrago,
ilunago eta
laburragoa da.